Eraistea: beste hogei urterako lana

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2017ko abu. 2a, 10:25

Garoñako zentral nuklearra. / Alea

Ituna lortutakoan, Madrilek jasoko du Garoña deseraikitzeko ardura. Prozesu luzea izango da, eta galdera handi bat utziko du erantzun gabe: epe luzera, zer gertatuko da hondakin erradioaktiboekin?

Datozen belaunaldiek Garoña ezagutuko ez dutela esatea baikorregia da, ez bada gezurra. Araba ondoko zentral nuklearrak hamahiru urte behar izan zituen eraikitzeko; 42 igaro ditu energia sortzen; eta gutxienez 25 beharko ditu eraisteko. «Sekula egin behar ez zena kontu handiz desegiteko prozesua» hasiko da orain, Paco Castejon Ekologistak Martxan-eko kidearen hitzetan. Baina nola desmuntatzen da zentral nuklear bat?

2011n, Fukushimako (Japonia) istripuaren ostean, Europak asalduraz erreakzionatu zuen. Alemaniak iragarri zuen 2022rako geldiaraziko zituela bere zentral nuklear guztiak; Erresuma Batuan, 28 desaktibatu dituzte jada. Espainiako Gobernuak bi itxiera baino ez ditu kudeatu: Vandellos I, Tarragonan (Katalunia); eta Zorita, Guadalajaran (Espainia).

Oro har, bi bide daude zentralak ixteko: bizkorra eta geldoa. Lehenbizikoan, erreaktorearen nukleoa ahitutako erregaietatik bereizten da, urezko edukiontzi batean hoztu dadin, eta gero bereizita gordetzen da; bitartean, azpiegitura bera deseraikitzen da, kutsadura gutxieneko zatietatik hasita. Eredu hori erabili izan dute Alemanian eta Zoritan, eta Garoñan ere hala egin asmo dute. Bigarren aukera da deseraikitze fasea atzeratzea, eta erreaktorea «hormigoizko sarkofago» batean sartzea erradioaktibitatea eta tenperatura jaitsi arte. Hori ari dira egiten Vandellosen: fabrikak su hartu zuen 1989an, eta harrezkero geldirik dago, 2028an bere hasierako erradioaktibitatearen %5 baino ez delakoan geratuko. Prozedura horren arazoa da latentzia faseak 25 urte iraun behar duela; amaitzen denean, nekez egongo da azpiegitura barrutik ezagutzen duen inor.

2012tik, erdizka martxan

Garoñaren kasua berezia da, Castejonen arabera: «Normalean gobernu batek agintzen du, dekretuz, zentralaren ustiapena gelditzeko; kasu honetan, ordea, Nuclenorrek [Garoña kudeatzen duen enpresak, Iberdrolak eta Endesak erdi bana osatzen dutenak] alde bakarrez hartu zuen erabakia, Espainiako Gobernuari presio egiteko, merkatu elektrikoa bere mesedetan erreforma zezan». 2012ko abenduan izan zen hori, eta ordutik ofizialki inaktibo egon da Garoña; praktikan, baina, hainbat zerbitzu mantendu behar izan dituzte. «Berriz zabalduko ote zuten ez zekitenez, egoera atzera itzultzeko aukera ematen zuten zerbitzuak mantendu dituzte; orain, jarduera horiek bertan behera geratuko dira».

Orain, Nuclenorren ardura da Garoña eraisteko eta haren hondakinak kudeatzeko plan bat osatzea. Prozesu horrek «pare bat urte» iraun dezake, Castejonen arabera. Ondoren, azpiegituraren jabetza eta prozesuaren ardura enpresa pribatuetatik sektore publikora doaz: Enresak hartuko du bere gain, Espainiako Gobernuaren hondakin erradioaktiboetarako enpresak. Hark hondakin nuklearrentzako behin-behineko biltegi bat eraiki beharko du; Garoñakoak amaitzear behar luke. «Garoñan, dagoeneko erabiltzen da ura erregaia hozteko; tenperatura aski jaitsi denean, behin-behineko biltegian sartzen da, eta orduan hasten da zentraleko sistemen desmuntaketa». Prozesu osoak beste 20 urte iraungo duela uste du Castejonek: «Gerta liteke gehiago izatea, ustekabeko gauzekin egiten duzulako topo. Duela gutxi jakin dugu, adibidez, erradioaktibitate ertaineko gaiak oso egoera txarrean daudela, bidoi herdoilduetan. Enresak arazo ugari izango ditu».

Hondakinen arazoa

Bere garaian energia nuklearra sortzea esperimentua izan zen bezalatsu, oraindik aski ezezaguna da hura nola amaitu asmatzea. Ez dago zentral nuklearrak desegiteko prozedura unibertsalik, are gutxiago gremioko langile ezagunenak —Homer Simpsonek— eskatzen zuen modukorik ere: «Eskuliburua begiratu eta botoi egokia sakatu». Zentral bakoitzak bere historia du, bere ahuluneak eta istripuak. Eta horiek, sarri, haietan egon direnek baino ez dituzte ezagutzen. «Zentraletako langileak eta haien memoria ezinbestekoak dira prozesu honetan», azaldu du Castejonek. «Gezurra da lanpostuak galduko direla: itxi arteko prozesua luzea da, eta denbora ematen du eskualdean beste jarduera ekonomiko batzuk sustatzeko».

Prozesua amaitutakoan, ordea, galdera handi bat geratuko da argitzeko: zer egin Garoñak utzitako gai kutsakorrekin? Erradioaktibitate maila txiki eta ertainekoak El Cabrilgo (Cordoba, Espainia) biltegira eramango dituzte lurrez, konboi berezietan. Kutsadura handiko gaietarako, ordea, oraindik ez dago irtenbide iraunkorrik, eta zentralaren behin-behineko biltegian geratuko dira. «Madrilen apustua da biltegi zentralizatu bat eraikitzea, baina ez dago prest», azaldu du Castejonek.

Enresaren behin-behineko txostenaren arabera, desmuntatzea 245 milioi eurotik gora kostatuko litzateke. «Finantzaketa bidezkoa izan dadin ahalegindu behar genuke», salatu du ekologistak: «Garoña desagertuko da orain, Nuclenor ere bai; baina hondakin erradioaktiboak milaka urtetan dira arriskutsu. Gainera, hondakinen kudeaketarako plana 2070ra artekoa da, eta ez dago ordura arteko dirurik. Injustizia ez da enpresa publiko bat arduratzea eraisketaz, baizik eta herritarrok ordaindu behar izatea».

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago