Positibo, neurrian

Erabiltzailearen aurpegia Asier Etxenike 2017ko uzt. 24a, 10:03

"Gazteenen artean, 1991n elebidunak ez ziren iristen %10era. Egun, erditik gora dira".

Araban, inkesta soziolinguistikoaren emaitzek aurreko neurketetako joerak mantentzen dituzte. Kale neurketaren kasuan, ordea, azken neurketan jaitsiera detektatu zen, eta, oraingoan, hamarreko batzuez hitz egiten badugu ere, gora egin du; joera positiboan kokatu da, hortaz. Hala ere, datua baxua dela esango nuke.

Edonola ere, grafikoki adierazi nahian, bi adin tarte eta bi hiztun motatan zentratuko naiz, Arabako bilakaerari eta egungo errealitate soziolinguistikoari hurbilpen bat egiten saiatzeko: gazteenak (16-24 urte) eta zaharrenak (edo nagusiak, 65 urte edo gehiago).

Gazteenen artean, 1991n elebidunak ez ziren iristen %10era. Egun, erditik gora dira. 25 urtean, sekulako aldaketa. Nagusiak, ordea, %6 ziren 1991n, eta, jaitsiera egon ondoren, orain hortxe dabiltza. Aurreko adin tartea kontuan hartuta (50 eta 64 urte artekoa), proportzioa gutxinaka gora doa, baina ez da %10era iristen.

Horiek dira, nire ustez, Arabako errealitatea irudikatzen laguntzen duten datuak. Bi aldagai, lau multzo sortzen dituztenak. Gazteen arteko elebidun gehiengo bat eta elebakar gutxiengo bat. Eta, alderantziz, zaharren arteko elebakar gehiengo absolutu bat eta elebidun gutxiengo bat.

Batean gazteak, non euskararen ezagutzan iraultza bat izan den, baina ezagutza horrek ez du eragin nabarmenik izan erabileran, edo behintzat espero zena horrelako ezagutza hazkundearekin. Horretarako arrazoi asko aurki daitezke. Arabako elebidun gehienak hiztun berriak dira. Lehen hizkuntza gaztelania izan dute, eta eskoletan eta ikastoletan euskaldundu dira. Izan ere, elebidunak bai, baina ohitura gehiago eta erraztasun handiagoa dute, inondik ere, gaztelaniaz. Haietako gehienek horrela eraiki dituztelako haien harremanak: etxean gehienek gaztelania jaso dute soilik edo nagusiki. Gero, eskolan edo ikastolan, euskara ikasten hasi ziren, baina bitartean gelako hizkuntza gaztelania izan dute (besterik ez baitzekiten), eta lagunen arteko harremana hizkuntza horretan eraiki dute. Denborarekin denak bihurtu dira euskal hiztun, baina ohitura gaztelaniaz dute finkatua. Beraz, haiekin erabileran dago orain erronka.

Beste poloa nagusiena da. Haiengan datuak ez dira oso motibagarriak. 25 urtean datuak ez dira asko aldatu. Berez, badirudi joera, «ordezkapen efektuarengatik» besterik ez bada ere, positiboa izango dela hurrengo urte/hamarkadetan, baina efektu horri bakarrik uzten bazaio Araba euskalduntzeko esperantza (ezagutzan, erabileran zein gainontzeko adierazleetan), jai dugu. Nagusien munduan, elebiduna gutxiengo nabarmen bat da oraindik ere. Eta nagusien mundu horrek garrantzi handia du edozein jendarteren errealitate sozial zein linguistikoan. Izan ere, nagusien mundua erreferentziazko mundua baita gauza askotarako. Nagusien mundua lan mundua delako. Nagusien mundua estatus soziala ezartzen duen mundua delako. Bestela, begirada bota Arabako erreferentzia sozial eta ekonomiko diren eragileen zuzendari, lehendakari eta gainontzekoei, eta konturatuko gara horietan zein elebidun gutxi dauden, eta are txikiagoa da euskararen erabilera haien partetik. Nagusien mundua, demografikoki ere nagusi, gehiengoa da, eta, hortaz, haien errealitateak datu orokorretan eragin oso nabarmena du.

Beraz, Araban, datuak positiboak dira zalantzarik gabe, baina positibotasun hori, esan dezagun, adierazle batean oinarritzen dugu (ezagutzan eta gazteen adin tartera mugatua). Ezin gara lokartu. Oraindik ere erronka asko eta handiak ditugu. Aurrekoan oinarrituta, esango nuke bi erronka nagusi daudela: gazteen erabilera handitzea, ohartaraziz haien mundua uste duten baino euskaldunagoa dela, ohiturak apurtzeko baliabideak eta ekimenak aurrera eramanez, erreferentziak sortuz, haiei espazioak emanez, eta abar. Eta batzuetan ahaztua edo alboratua dugu (akaso zailagoa edota gatazkatsuagoa delako horri aurre egitea) nagusien euskalduntzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago