Ezusteko egun zoriontsua

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Gonzalez de Zarate 2017ko uzt. 14a, 10:11

Stanley Clarke. / S.C

"Nire adineko beste hainbat zalek bezala, jazza maite dut, beste batzuen artean, Stanley Clarke baxu jotzaile birtuosoa ezagutu genuelako".

Larry Carlton Quartet eta The Stanley Clarke Band / Harold Lopez-Nussa Trio

Lekuak: Mendizorrotza kiroldegia eta Principal antzokia.

Eguna: uztailak 12.

Jazzaldietako kontu hauetan, bizitzaren beste hainbat arlotan bezala, ez genuke aurreiritzien atzaparretan erori beharko. Ez da ona, batere. Zeren eta gauza ederrez gozatzeko aukerak ukatuko bailizkiguke horrek. Jazzaldiaren bigarren egunean joko zuten musikarien ospe txarrari kasu egin ziotenei hori gertatu zitzaien; oso emanaldi ederraz gozatzeko aukera galdu zuten. Hasteko, Larry Carlton gitarristak —Gibsona jotzen du— ospe handia lortu zuen 70eko eta 80ko hamarkadetan, non, jazza eta bluesa jorratzeaz gain, popa eta beste aire komertzialagoak nahasten zituzten disko andana saldu zituen. Instrumentista ona izan arren, ez zuen aukerarik izan urte zoriontsu horietan egindako bekatuak zuritzeko, eta horrek eragiten du lehen aurreiritzia: Larry Carlton komertziala eta horteroa da.

Bada, ez da. Asteazkenean, Mendizorrotzako taularen gainean, eta bertaratu zen ikusleria urriaren aurrean —urriegia, ekitaldiak merezi zuenerako, nire ustez— Larry Carltonek erakutsi zuen musika ona jotzeari ez diola uko egin inoiz. Edo, inoiz uko egin badio, jada bide zuzena hartu duela bere bizitzan hainbat neke jasan ondoren.

Horretarako, baxu indartsu bat, bateria jotzaile sutsu eta nekaezin bat, eta erdi mailako teklatu jotzaile bat baino ez zituen behar izan. Horien laguntzarekin, bluesaz hornituriko inprobisazio ederrak garatu zituen, batzuen harrigarri.

Bigarren aurreiritzia, kontzertuaren bigarren atalean, Stanley Clarkerenean. Hori ere hautsitako aurreiritzia. Nik, nire adineko beste hainbat zalek bezala, jazza maite dut, beste batzuen artean, Stanley Clarke baxu jotzaile birtuosoa ezagutu genuelako. Maite genituen Return to Forever-eko garaiak, bere School Days, bere Vulcan Princess, bere beste hainbat lan eder. Baina, era berean, beldurra genion, Clarkek berak sortutako beste hainbat musika astakeria gogoratuta.

Hala ere, beldurra eta aurreiritzia ez zituzten uxatu Clarkeren baxu elektrikoaren gidaritzapean jorratutako lehen abestiek. Adibidez, berak idatzitako Lopsy -lu-rekin bazirudien topikoz betetako gau baten aurrean ginela.

Ondoren, Clarkek kontrabaxua eskuratu zuen, eta, horrekin, eder eta serio jotzeari ekin zion, aspaldidanik ikusi ahal izan dugun taldekide eklektiko eta bitxienez lagunduta: Mike Mitchell Texasko bateria jotzaile zalapartatsua, 1980ko hamarkadako Los Angeles hiritik zuzenean iritsitako teklista bat (Cameron Graves), eta harritu ninduen eta asko gustatu zitzaidan Georgiako —eta ez Estatu Batuetako Georgia, ez— pianista bat, urteetan entzun ahal izan dudan bitxi, berezi eta interesgarriena: Beka Goschiaschivili. Talde horrekin batera, Clarkek emanaldi luze eta aberatsa jorratu zuen, zeinetan bere birtuosismo ukaezinak protagonismoa partekatu baitzuen taldekideen birtuosismoarekin, emanaldi eder, luze eta, agian, gehiegizkoa borobildu arte. Gainera, jorratu zituzten abestiak ez ziren edonolakoak: Charles Mingusen Pork pie hat, George Dukeren Brazilian love afair eta Joe Hendersonen Black Narcissus. Ederra benetan.

Etorkizuna, Kubatik

Jazzaldiaren bigarren eguna arratsaldean hasi zen, XXI. Mendeko Jazza atal zoriontsuarekin. Hor, Kubako musikariek jazzari eman izan dioten aberastasuna ematen jarraitzen diotela baieztatu ahal izan genuen. Harold Lopez Nussa 34 urteko pianistak emanaldi ederra eskaini zigun anaia Ruy Lopez Nussa bateria jotzailearekin eta Yasser Pino kontrabaxu jotzailerekin batera. Eta aurreko egunean faltan sumatu genuen inprobisazio askatasuna eta jarioa adierazi zuen.

Prestakuntza handiko jotzaile hauek ez diote uko egiten jaioterriko tradizio musikalari, zeren eta harekin nahasten baitute beren musika adierazpena etengabe. Eta jotzen dituzte beraiek edo musikari kubatarrek idatzitako abestiak: FeriaMe voy pa CubaEl paseo... emanaldi aberatsa osatu zuten, zeinetan birtuosismorako tartea ere egon baitzen, hala nola bi anaiek pianoa elkarrekin jo zutenean eta Ignacio Cervantesen Los muñecos abestia jo zutenean.

Amaitzeko, Harold Lopez Nussak argitaratutako azken lana aipatuko dut. El viaje du izena, eta ederra da, benetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago