Badira 24 urte Betagarri taldea lehen aldiz eskenatoki batera igo zenetik. 1993ko hartan ez zuten espero bidea horren luzea izango zenik. Baina, beste askoren moduan, eurak ere nekatu egin dira eta erretiroa hartzea erabaki dute. Hala, iragarri dute hilaren 28koa izango dela euren azken kontzertua. Lakuntzan izango dira egun horretan Hatortxu Rock jaialdian.
Mezu hauxe igorri die taldeak antolatzaileei: "Laster HTX 20 ospatuko da, eta bertan, hilabete askoren ostean, berriz elkar ikusteko aukera izango dugu. Lakuntzakoa Betagarriren azken kontzertua izango dela iragarri nahi dizuegu, eta aldi berean, gure alboan hainbeste urtetan egoteagatik eskerrak emateko profitatu. Beraz, disfrutatu topera HTX 20 eta beti arte!".
Jaialdiko antolatzaileek esker oneko hitzak izan dituzte talde arabarrarentzat. "Zorterik onena opa dizuegu hemendik aurrerako bidean! Laster arte!", esanez agurtu dituzte musikariak.
Dena den, Betagarrikoak ez dira bakarrik izango azken kontzertuan, haiekin batera igoko dira eskenatokira Obrint Paseko Xavi Sarria eta Miquel Girones.