1977ko Espainiako "lehen hauteskunde demokratikoen" 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzional berezia egin zuten atzo Kongresuan. Gonbidatuen artean izan ziren errege-erreginak, gobernuko presidente izandakoak, eta garaiko ministroak, besteak beste. Unidos Podemosek, ordea, bestelako ekitaldi bat antolatu zuen, frankismoko biktimak omentzeko, "demokrazia ahalbidetu zuen motorra" izan zirelako. Han gertatu zen irudia: ekitaldi ofizialera agertu zen Rodolfo Martin Villa ministro ohiak topo egin zuen beste omenaldira zihoazen Martxoaren 3ko biktimekin. Kargu hartu zioten Gasteiztik joandakoek.
1976ko martxoaren 3an Gasteizen bost langile hil eta ehunka zauritu zituen polizia oldarraldiaren erantzuletzat dute biktimek Martin Villa. Izatez, sarraski harekin lotuta, Maria Servini epaile argentinarrak ministro ohiaren atxiloketa eta estradizioa agindua du, frankismoko krimenen aurkako kereilaren barruan.
Martxoaren 3an hildako biren senideak ere joan zitzaizkion atzo azalpen eske Martin Villari. Hala Bedi irratiari adierazi ziotenez, ministro ohiak esan zien "kontzientzia lasai" duela: "Egindako guztia ondo egin zen". Erantsi zuen epaitegietan deklaratzeko prest dagoela, baina estatuak ez diola uzten. Hain justu, atxiloketa agindua gauzatzeko neurriak eskatu dizkiote gobernuari Unidos Podemosek eta EH Bilduk.