"Niretzat abentura batera joatea bezalakoa izango da Tor des Geants"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko eka. 20a, 14:06

Irudia: Barren

Espainiako Ultren Txapelketa irabazi berri du Javi Dominguez gasteiztarrak; urteroko lasterketa izango du laster, Ehunmiliak, eta kirol erronka gainditzen duen abenturari ekingo dio irailean: Tor des Geantsi.

Sasoiko dago Javi Dominguez (Gasteiz, 1974). Itxuraz hezur eta azal, baina baita mendian denbora luzez azkar korrika eginarazi dezaketen gihar indartsuak ere. Eta giharrik indartsuena, burua, bere tokian.

Nola joan zen Espainiako Ultren Txapelketa?

Lasterketa denetan antzeko planteamendua egiten dut. Hasieran, nahiko erritmo kontrolatuan irteten naiz, ez azkarrago joan nahi ez dudalako, ezin dudalako baizik. Berdin izaten zait gau osoan bakarrik joatea. Oraingo honetan, ordea, ez zen horrela izan. Euskal selekzioko biok [Julen Martinez de Estibariz zen bigarrena] tiraka joan ginen Enoleko guneraino [10. kilometroa]. Baten batek azkarregi gindoazela ere esaten zuen. Handik aurrera, lau korrikalarik aurrea hartu zuten, eta hamar minutuko tartea ere atera ziguten. Cainetik gora [29. kilometroa] berriro ere korrikalari batzuk elkartu ginen. 40. kilometroan, Urriellun, bigarren postuan jarri nintzen. Denbora jaten ari nintzaion lehenengoari. Gustura nindoan, eta aurrekoa begi bistan nuen denbora guztian. Neure burua podiumean ikusten hasi nintzen. Igoeretan oso ondo nindoan, eta, 59. kilometroan, lehenengoa aurreratu nuen. Handik aurrera, ez nuen atzera begiratu ere egin. Oso indartsu nengoen. Helmugan, uste baino denbora gehiago atera nion azkenean.

Irabaztea espero al zenuen?

Ez, ez. Egia esan behar badizut, uste nuen aukera asko nituela podiumean egoteko, baina irabazteko adina ez. Orain bi urte, bigarren egin nuen, eta ibilbidea ere ondo ezagutzen dut. Horrek lasaitasuna ematen zidan.

Urteko helburuetako bat al zen?

Bai. Lasterketa hau ondo prestatu nahi nuen. Asko gustatzen zaidan lasterketa bat da. Aspalditik pentsatu nuen bertan egotea, eta gerora jakin nuen Espainiako Txapelketa izango zela. Oso ondo datorkidan lasterketa bat da, oso teknikoa delako. Dena ondo atera zitzaidan.

Azken urteetan mendian bakarrik ikusten zaitugu, baina errepidean hasitakoa zara.

Bai, hala da. Nahiko berandu hasi nintzen korrika, 30 urte nituenean. Beti pentsatzen nuen ea maratoi bat amaitzeko gai izango nintzen. Futbolean aritu nintzen 18 urtera arte, eta gero parrandan igaro nituen urte asko [barreak]. Kirol pixka bat egiten nuen: eskalada, squasha... Galesen, doktoretza tesia egiten nengoela, hasi nintzen maratoia prestatzen. Ni bizi nintzen lekutik gertu aspaldi egiten zen maratoi bat berreskuratu nahi zutela entzun nuen. Hura prestatzeari ekin nion, Gasteizera itzuli aurretik.

Hasteko, zer eta maratoia.

Bai, hala da. Hiru hilabete pasatu nituen hura prestatzen. Nire asmoa 3.14 egitea zen, baina azkenean 2.58 egitea lortu nuen. Ikaragarri gustura amaitu nuen, eta asko gozatu. Uste dut bizitza osoan gehien gozatu dudan lasterketa izan zela hura. Lehen maratoiak asko markatzen du.

Zenbat denboran jarraitu zenuen errepidean lasterka?

Oso gustuko nuen urtean maratoi pare bat egitea. Askotan egiten nituen Behobia-Donostia, Donostiako maratoia, Bilbon egiten zuten maratoia ere egindakoa naiz, Madrilgoa eta baita Saharan errefuxiatuen alde egiten dena ere. Izugarrizko esperientzia izan zen hura.

Eta mendian, noiz eta nola hasi zinen?

Lagun baten bidez. Bera asko ibiltzen zen mendian, eta gogoan dut mendian egindako lehen lasterketa Anbotoko kilometro bertikala izan zela. Hura izan zen Anbotora igo nintzen lehen aldia [barreak]. Asko gustatu zitzaidan. Errepidea askoz ere gogorragoa zen. Gerora, Lakuntza-Aralar egin nuen, eta geroago lasterketa asko.

Noiz egin zenuen jauzia ultra distantziara?

Gehien gustatzen zaidan distantzia maratoiarena izan da beti. Lagun batzuek Hiru Handiak egin zituzten, eta haiei laguntzen ibili nintzen. Egun hartan, askotan pentsatu nuen: «Nik ere egin behar dut egunen batean». Hala ere, lehen lasterketa luzea Katalunian egiten zen Carros de Foceko ibilaldia izan zen. Oso sentsazio onekin gelditu nintzen. Gerora, lehen Hiru Handiak egin nuen, eta bosgarren amaitu nuen, gainera. Urte horretan, Anetoko lasterketa ere egin nuen, eta laugarren postua lortu nuen. Geroztik ez dakit jada zenbat egin ditudan.

Euskal Herrian Ehunmiliak irabazi eta gero egin zinen ezagun. Gerora, hainbatetan irabazi duzu. Zer eman dizu lasterketa horrek?

Irabazi nuen lehen aldian zera pentsatu nuen: «Hau ez zait niri gertatzen ari, a ze lotsa!» [barreak]. Ezin nuen sinetsi. Gogoan dut orduan [Joxelu] Albizuri izenez soilik ezagutzen nuela eta lasterketan gindoazela baten batek agurtu egin zuela. Harriturik gelditu nintzen haren ondoan nindoala konturatu nintzenean. Horrez gain, konturatu nintzen geroz eta distantzia luzeagoa, orduan eta hobeto moldatzen nintzela. Lasterketa gisa, zer esan: oso etxekoa da, oso ondo antolatuta dago, lagunez josia... Ibilbidea ondo ezagutzen dut, eta ibilbidean zehar urtero egoten den jendea ere ezagutzen dut. Oso lasterketa handia da.

Zer izan zen lehen aldi hartako gogorrena?

Ez zitzaidan gogorra egin, eta, gezurra badirudi ere, hurrengo egunean ez nuen gogordurarik izan. Gauza askorekin gelditu nintzen harrituta. Lehen Ehunmiliak hartan 25 ordu egin nituen, gaur egun baino gehiago. Oso denbora ona da, bai, baina, esaterako, irten eta lehen aldapan jada oinez igotzen hasi nintzen, lasai joan nahi nuen. Egia da ere beti gauza onekin bakarrik gelditzen naizela, eta ez dudala egun hartako gauza txarrik gogoratzen.

Lasterketa asko irabazi dituzu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Hala ere, zure garaipenik handiena UTMB Mont Blanceko Ultratraileko hirugarren postua izan zen, 2013an. Nola oroitzen duzu?

Ehunmilietako lehen aldi hartan bezala, denak oroitzapen onak dira. Hegan bezala joan nintzen lasterketa guztian. Hasieratik oso gustura nindoan, eta bigarren anoa gunean Miguel Herasekin elkartu nintzen. Pentsatu nuen: «Ni, Herasekin? Uf, honenak egin du». Ez nuen erreferentziarik. Une batean lehen postuan ere joan nintzen. Ezin sinetsita nindoan, bertan baitziren, besteak beste, Anton Krupicka estatubatuarra, Xavier Thevenard [aurreko urteko irabazlea] eta Julien Chorier frantziarrak, Heras espainiarra... Ikaragarria izan zen korrikalari haiekin batera ibiltzea. Izugarrizko gaua egin zuen, Kilian Jornet bera ere lasterketa jarraitzen zegoen. Jendea aurreratzen nindoan, bosgarren, gero Chorier aurreratu nuen... Konturatzerako, hirugarren nengoen. Chamonixerako sarrera lainoen gainean egin nuela sentitu nuen. Lasterketa perfektua izan zen.

Zer ekarri zizun UTMBen hirugarren egiteak?

Lasai erretiratu nintekeela pentsatu nuen [barreak]. Talde askotatik deitu zidaten. Leiho asko irekitzen ditu: beste lasterketetara joateko gonbidapenak jasotzen dituzu, bidaiak ordaintzen dizkizute, materiala... Gauzak asko errazten ditu. Vibram taldea aukeratu nuen, eta bertan dugun giroa ikaragarria da. Gauza horiek egutegi zabalago bat egiteko aukera eman didate azken bi urteetan, kanpora gehiago atera naiz.

2014an berriro ere itzuli zinen, eta atzera samar gelditu. Hala ere, iaz berriro ere bosgarren sartu zinen. Ez zen kasualitatea.

Ez dakit 2013koa kasualitatea izan zen ala ez. Nik beti esaten dut gauza guztiak alde izan nituela eta beste askori gauzak ez zitzaizkiela ondo atera. Postuarekin baino gehiago, egindako denborarekin gelditzen naiz [21.17.38].

Aurtengo zure egutegiak beldurra ematen du: Hong-Kongo ultratraila, Madeirako ultra, Zegama-Aizkorri, Travesera, Ehunmiliak, Tor de Geants…

Esango nuke beste urteren batean gehiago ere egin ditudala. Lasterketa guztiak ez dira helburu nagusi. Askotan lasterketak baliatzen ditut kilometroak pilatzeko, beste helburu nagusi batzuetarako. Esaterako, uztailean Ehunmiliak lasterketa dut, ba lau aste lehenago Travesera egin dut, Traveserara joateko berriz, lehenago Zegama-Aizkorri. Gauzak ondo planteatu behar izaten ditut, urtetik urtera alferrago bihurtzen ari naizelako [barreak].

Aurten ez zara Chamonixen izango. Bertan izango dira azken urteetako onenak, baita Kilian Jornet ere. Ez al dizu penarik ematen ez joateak?

Bai, ematen dit bai. Azken lau ekitaldietan egon naiz, eta urtero joaten naiz. Ibilbideak ez du beste munduko ezer, nik nahiago ditut ibilbide teknikoagoak. Baina egia da bertan dagoen maila ikaragarria dela. Kilian bertan egotea berdin zait, irteeran bakarrik ikusiko bainuke [barreak].

Denboraldia Tor de Geantsekin bukatuko duzu, Alpeetan (330 kilometro, +24.000 metro). Nolatan?

Lasterketa honen berri izan nuen lehen aldian, zera pentsatu nuen: «A ze bilbotarkeria!». Hala ere, urteak pasatu ahala, gero eta gertuago ikusten nuen bertan egoteko aukera. Orain hiru urte, Iker Karrerak irabazi zuenean, ikaragarri gozatu nuen lasterketa etxetik jarraitzen. Berarekin eta jende gehiagorekin hitz egin eta gero, argi neukan bertan egon behar nuela. Bada jendea bertan egon ondoren beste ezer egin ez duena, Tor des Geants inork egin dezakeen gauzarik handiena izango balitz bezala.

Zerk ematen dizu beldur gehien?

Logurak. Lasterketa batean pasatu dudan denbora gehiena ia bi gauekoa izan da, orain dela lau urteko Diagonal des Fousen. Bigarren gaua ez nuen osorik egin, baina gogoan dut gau horretan gauza ezberdinak amesten bezala aritu nintzela. Burua ondo doa, baina ez dituzu gauzak ikusten. Gerturatzen zoazen neurrian, zuretzat zakur bat zena harri bat da, paperontzi bat zirudiena zuhaitz adar bat... Ba Tor des Geantsen bi gau haiei beste bi gehitu beharko dizkiet, eta horrek errespetua sortzen dit.

Zein asmorekin zoaz?

Irabaztera joango naiz, asmoa behintzat hori da. Bertan egon direnek esan didate ibilbidea ezagutzeak asko laguntzen duela. Zati batzuk ezagutzen ditut, baina oso-oso gutxi. Niretzat abentura batera joatea bezalakoa izango da. Estrategiak garrantzia handia izango du. Gorputzak laguntzea espero dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago