Ikasturte hasierarekin, ikastetxeetan elkarretaratzeak egingo dituzte ostiralero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; urrian, itxialdiak antolatuko dituzte ikastetxe ugaritan; azaroan eta abenduan, berriz, bi greba egun egingo dituzte irakasleetan, heziketa berezian, sukalde eta garbiketan, eta haur eskoletan.
ELAk, LABek eta Steilasek deitu dute mobilizaziora. Sindikatuek uste dute "mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik" ez dutela. Beren eskaerak gogora ekarri dituzte: besteak beste, hezkuntza inbertsioa handitzea, gutxienez Europako batez-bestekora; lantaldeei gutxienez 2.000 langile gehitzea; bajak lehen egunetik osorik ordaintzea; LOMCE ez ezartzea eta Heziberri bertan behera uztea; ikasle ratioak %10 murriztea; eta batez besteko ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea.
Sindikatuek salatu dute Jaurlaritzak ez duela "benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko".