Josi eta josi lelopean milaka lagun elkartu dira gaur Gasteizko Zabalgana auzoan. Izan ere, Euskal Eskola Publikoaren festa ospatu dute bertan. Aniztasun, elkartasuna eta euskara uztartzea izan da gaurko jaiaren helburua.
Aurtengo jaia Zabalgana auzoan egin izana ez da kasualitatea. Auzoak lau eskola publiko ditu: Mariturri, Zabalgana eta Adaide Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta Zabalgana institutua. Ordea, batzuetan eskola horiek ghetto kutsua hartu dute. Guraso eta auzokideek, baina, nabarmendu dute aberastasuna eskaintzen duela aniztasun horrek.
Gaurkoan, beraz, festa giroan aldarrikatu dute euskal eskola publikoaren beharra. Horretarako lau gune zituzten jartzekoak Bastida plazan eta inguruetan, baina eguraldia dela eta bat hutsik uztea erabaki dute. Denetariko ekintzak ikusi eta gozatu ahal izan dira, hala ere, gainontzekoetan, besteak beste, Pirritz eta Porrotx pailazoen ikuskizuna eta Zesura eta La Basu taldeen kontzertuak.