Hirugarren saioan, bai. Metro gutxiren aldeagatik ez zuen lortu etapa garaipena Mikel Landak (Sky) asteartean eta ostegunean, baina Piancavalloko helmugan ez du barkatu arabarrak. Landa bakarrik iritsi da helmugara; Piancavalloko mendatean gora hura zegoen tropeltxotik ihes egin, eta, hamar kilometroren faltan, Rui Costa lasterketa burua harrapatu du. Berehala utzi du atzean, eta bakarrik joan da helmugaraino.
Landa da Italiako Giroan etaparen bat irabazitako euskal txirrindularien zerrendan azkena. Euskal txirrindulariak arrastoa uzten ari dira azken urteetan Italiako proban. Estatistikak argigarriak dira: azken zazpi ekitaldietatik bakarrean ez da egon euskal garaipenik, 2014an, hain zuzen ere. Hamar izan dira euskal ziklisten garaipenak: 2011n, Antonek eta Nievek irabazi zuten; 2012an, Ion Izagirrek; 2013an, Beñat Intxaustik; 2015ean, bi etapa irabazi zituen Landak; iaz, beste bat lortu zuen Nievek; eta ekitaldi honetan, Gorka Izagirrek, Omar Frailek eta Landak altxatu dituzte eskuak helmugan. Argi dago: euskal txirrindulari zaleek ez ezik, euskal txirrindulariek ere oso gustuko dute Giroa.
Sailkapen nagusiko borrokan, gorriak ikusi ditu Tom Dumoulinek (SunWeb) azken mendatean. Maldan gora hasi eta berehala, atzean geratzen hasi da, eta tartea zabaldu dute Nairo Quintanak (Movistar) eta Vincenzo Nibalik (Bahrain), bigarren eta hirugarren sailkatuek.
Larunbatean, Pordenone eta Asiago artekoa izango da 20. etapa, eta lehen mailako bi mendate igaro beharko dituzte txirrindulariek. Igandean amaituko da Italiako Giroa, Monza eta Milan arteko 30 kilometroko erlojupekoarekin.