Joaquin Jimenez (Gasteiz, 1921) erreferentziazko pertsona da Arabako ohitura eta tradizioei buruz hitz egitean. Azken hamarkadetan berreskuratutako hamaika ohitura eta dantzaren atzean dago, aitortza horri uko egiten badio ere. «Ohiturak herritarrek oroitzen dituzte, baita egin ere; nik ez dut zerikusirik horrekin». Komunikatzaile aparta da, eta dozenaka hitzaldi eman ditu gai horien inguruan. Egun, ordea, kostata hitz egiten du. 2014ko martxotik zenbait arazo fisiko izan ditu, eta aztarna utzi diote. Hizketan eragin diote gehien. Ordea, burua oso argi dauka, are argiago bere pasiorik handienari buruz, Arabari buruz hitz egiten duenean.
Zailtasun horiek ez diote galarazi esku artean dituen proiektuak aurrera ateratzea. 2014an, Asier Jimenez ilobak lagunduta argitaratu zuen Leyendas, mitos, cuentos, chascarrillos y otras cosas que se cuentan y oyen en Álava (Araban esaten diren kondairak, mitoak, ipuinak, ele-meleak eta beste hainbat kontu). Elkarrizketa egiteko orduan Joaquinen semeetako bat ere egon da, Iñaki, solasaldian makulu lana egiteko.
Andre Maria Zuriaren egunaren bezperan bataiatu zintuzten, non eta San Migelgo elizan. Horrek bidea markatzen al du?
Are gehiago, Santiago egunaren hurrengo egunean jaio nintzen, eta horregatik izena. Esan beharra dago bataiatu nindutenean, oraindik, ez zela ofizialki San Joaquin eguna; Santa Ana baino ez zen. Aitak, bi santu horien arteko harremanagatik-edo, horrela bataiatu ninduen. Eta bai, San Migelgo pontean bataiatu ninduten, Andre Maria Zuriaren ondoan.
Eta ordutik hainbatetan itzuli zara bertara.
Zentrora joaten nintzenean —gaur egun ezin dut—, San Migelera joatea gustatzen zitzaidan, bataiarria ukitzera, bai... Gizon erlijiosoa naiz. Andre Maria Zuriaren Kofradiako abadea izan nintzen 1980ko hamarkadaren amaieran eta hurrengoaren hasieran, baita gerora Estibalizko Andre Mariaren Kofradian ere abade.
Zure biografian bestelako gertakari bitxiak daude. Zure ama, adibidez, Probintzia Jauregian jaio zen, eta, hainbat urteren buruan, han bertan lan egin zenuen.
Hala da, baina amari buruz hitz egiten hasi baino lehen nire amaren familiaz hitz egitea derrigorrezkoa da, eta, batez ere, nire amaren amaz: amona Millana.
Zergatik?
Pertsona oso berezia izan da; errespetu handia izan diot beti.
Hortaz, zergatik jaio zen zure ama Probintzia Jauregian? Alegia, aldundiaren eraikinean?
Nire aitona inprimatzaile bezala hasi zen lanean Arabako Foru Aldundian, eta lan hori egiten zuenak eskubidea zuen bertan bizitzeko. Horregatik jaio zen nire ama bertan, baita nire bi izebak ere. Hain zuzen ere, bertan jaiotzeagatik jarri zioten ezizena: la palaciana.
Eta zer zuen, bada, zure amona Millanak?
Errioxan jaio zen, Entrenan. Oionera joan zen, etxe batean zerbitzatzera. 17 urte zituela-edo heldu zen Europan ere eragin zuen izurrite bortitza. Gaixotu omen zen, eta, une batean, hilda zegoela uste izan zuten. Ordea, hobira oihal batekin estalita eramaten ari zirela, mugitu egin zen. Ez zegoen hilda! Gorpua zeramatenek korrika batean egin zuten ihes, Millana bertan utzita. 1963an zendu zen, 94 urterekin.
Ezohikoa zen garai horretan adin horretara heltzea, ezta?
Berak esaten zuen, gaztetan bizitakoaren ostean, zeruko zerrendatik kenduko zutela edo... Bada, 92 urte zituen arte lan egin zuen Mateo Moraza kalean, San Migelgo balkoiaren azpian. Han zuen ontzi denda bat, eta han elkartzen zen lagunekin. 92 urterekin, alabak elkartu zituen, eta esan zien dendarekin aspertuta zegoela, eta jadanik saldua zuela.
Zu Mateo Moraza kalean jaio zinen, ezta?
Gurasoek udalari alokatua zioten etxe batean. Aitak jostundegi bat zuen etxearen azpian. Errioxakoa zen, Enciso herrikoa, eta jostun izatea zen haren pasioa. Gasteizen aukera gehiago egon zitezkeela-eta, hona etorri zen. Burdindegi batean hasi zen, eta, gero, ofizioa ikasteko, jostundegi batean sartu zen. Azkenik, bere jostundegia ireki zuen Mateo Morazan.
Inoiz lagundu al zenion dendan?
Bai, bai... patroiak egiten nituen: prakenak, alkandorenak, txaketenak... Asko harritzen ninduen aitak bezeroenganako zuen begiruneak. Bezeroa jaunartzea egin behar zuen umea bazen ere, zuka erabiltzen zuen, adibidez. Praka asko moztu behar izan nituen... Areago, oraindik hemen ditut sastre guraizeak!
Bide batez, non ikasi zenuen txikitan?
Esan behar dut txikitan Santa Maria katedralean meza mutil hasi nintzela. Aitak galdetu zidan ea nahi ote nuen, bertara mezara joan ginen egun batean. Garai horretan katedral batean meza mutil izatea bazen zerbait: eskolara joateko beharra zenuen, baita zenbait abantaila izan ere.
Adibidez?
Zapatak ematen zizkiguten, jantziren bat edo beste... Gosaltzen ere ematen ziguten. Pentsa, kanonigoen mezarako egon behar genuen bertan, gero Ramon Bajo ikastetxera joan aurretik. Gerora, akademia batean prestatu nintzen batxilergoa egiteko. Korazonistetan ikasi nuen, eta 1940. urtean Valladoliden hartu nuen titulua. Bertan ezagutu nuen Micaela Portilla historialari, antropologo eta pedagogoa. Handik itzuli, eta ia segituan hasi nintzen Correosen lanean.
Lan berezirik bazenuen bertan?
Aire postaz arduratzen nintzen, besteak beste. Bizikletan joaten nintzen egunero General Mola aerodromora, egun Salburuko auzoa dagoen lekura.
Garai horretan soldaduska ere egin zenuen, 36ko gerra amaitu eta gutxira, non eta Ceutan.
Hiru urte luze eman nituen. Bitxia da, baina garai horretan euskara ikasteko tartea atera nuen, eraman nituen liburu batzuekin.
Zer edo zer ba al zenekien?
Ez, ez... Euskaraz nekien bakarra Gure aita zen. Euskararen gainean galdetzen zidatenean, eta hitz egiteko eskatu, otoitza esaten nien, baina solasaldi normal batean egongo banintz bezala.
Ez zen denbora asko pasatu Arabako Foru Aldundian postua lortu zenuen arte, ezta?
Ogasun Sailean hasi nintzen, baina, gutxira, Administrazioaren Erakunde Juridikora mugitu ninduten. Arabako herrien kontuak aztertzeaz arduratzen zen erakunde hori. Hau da, lan horrek aukera eman zidan Arabako herri guztiak bisitatzeko. Hasiera batean lana zena pasio bihurtu zen.
Zergatik?
Ni arabarra naiz, ezeren gainetik, eta gasteiztarra probintziako lekuren batean jaio behar nuelako. Garai horretan, Arabako herri guztiak bisitatzeko aukera izan nuen, eta, laneko eginbeharren ostean, tokian tokiko historia, ohitura eta folklorea ikertzeko tartea ateratzen nuen.
Informazio asko jasoko zenuen garai horretan...
Asteburuetan bildutako informazioa fitxetan gordetzen nuen. Interneten informazio asko dago egun, baina fitxa horietan dagoena... Lan horiek egiten bisitatu nuen azken herria Quejo izan zen, Gaubean, Añanako kuadrillan.
Orduko argazkirik ba al duzu?
Beti gustatu izan zait. Etxean argazkiak errebelatzeko estudio txiki bat ere banuen. 5.000 diapositiba inguru izango ditut, baita zuri-beltzeko argazki asko ere, garai bateko Arabako herrienak.
Lan horrekin guztiarekin zerbait egitea pentsatu al duzu? Eskaneatzea...
Beti saiatu izan naiz norbaitek argazki horiek hartu eta artxiba ditzala, aldundian, edo beste nonbaiten. Funts baten bitartez edo zer dakit nik... Inor animatuko balitz hori egiten, gustura asko lagunduko genioke, ondare hori guztia gal ez dadin: argazkiak, agiriak, herrietako informazioa... Lana apur bat aurreratu nuen, ordea.
Bai?
Ordenagailuan hainbat fitxa ditut. 1997. urtean ordenagailu bat oparitu zidan familiak, eta, nire kasa ikasiz, tartea izan dut informazioa bertan sartzeko: diapositibak katalogatu nituen, herri batzuen fitxak transkribatu...
Hori egiten hasi zinenetik apenas urrundu zinen zaletasun horretatik, ezta? Aldundiko Kultura Sailean egon zinenean dantza talde bat kudeatu zenuen.
Taldearen ordezkaria nintzen. Horrek aukera eman zidan Arabako dantzak hobeto ikertzeko. Hau da, dantza horien sustraiak ikertzeko, eta ez geratzeko soilik dantzen izaera folkloriko eta ludikoan: jatorrizko partiturak ikusi, aldagaiak aztertu, lekuaren araberako moldaketak...
Hamaika tradizio berreskuratu izan dituzu. Dantzen kasuan, nola egiten zenuen?
Grabagailu bat eskuratu nuen, eta herrietara joaten nintzenean abestiak eta halakoak grabatzen nizkien bertakoei. Are gehiago, amona Millanari grabatu nion buruz zekien hamar minutu baino gehiagoko olerki bat! Grabatu ondoren jarri nionean harritu zen; irratian atera zutela esan zien lagunei, pozik.
Eta beste ohiturak? Zalduondoko inauteriak adibidez...
Gazteleraz esan ohi da alavés, falso y cortés (arabarra, faltsua eta adeitsua). Niretzat, arabarra cauto y cortés da: zuhurra eta adeitsua. Eta horrela, zuhurtziaz jokatu nuen Zalduondoko inauterien kasuan, adibidez.
Nola izan zen?
Inauteriari buruzko hitzaldi bat eman behar nuen. Zalduondora joatea bururatu zitzaidan, bertakoekin hitz egiteko: Blas Arratibel, Martiniano Martinez de Ordoñana... Gogoratzen zutenaren gainean galdetu nien, eta, gero, deskribatu zidaten bezala janztera animatuko ote liratekeen galdetu nien, argazkiak ateratzeko: Markitos, errauts banatzailea eta kale garbitzailea, musikariak, agure bikotea, porreroak...
Hori egin zenuenean inauteriak ziren?
Ez, baina, hurrengo urtean, inauterien atarian itzuli nintzen. «Agian, inauteriak direla eta, jantziak atera daitezke; behin eginda daudela...». Eta horrela berreskuratu zuten herritarrek inauteria. Modu bertsuan gertatu da beste hainbat lekutan: Gesaltza Añanan Judas erretzen dutenean, Sabandon, Samaniegon... Done Bikendi Aranako Maiatzei ere estimu handia diet: inguruko pago altu eta luzeena hartzen dute gazteek, eta herriko bazter batean jartzen dute, errituari jarraituta, uztari emandako babes moduan. Hori eginda, garai batean, gizonak merienda hartzera joaten ziren. Gaur egun, herri osoa.
Otorduez ari zarela, Arabako Foru Aldundiko protokolo burua zinenean bazkari asko kudeatuko zenituen. Zer zen zailena?
Protokolo buru gisa alderdi guztiekin izan dut tratua. Hortaz, aurretik esan bezala, arabar izatea funtsezkoa zen: zuhurra eta adeitsua. Arau ez-idatziak kontuan hartzen saiatzen nintzen. Hau da, protokoloan badaude idatzitako arauak; ordea, protokoloa ondo bete dadin idatzi gabeko arauak ere badaude. Bestela protokoloa arauetan gal daiteke.
Adibidez?
Bi pertsonak ez bazioten elkarri hitza zuzentzen, elkarrekin jartzea agian ez zen zuzenena, protokoloak hori agintzen bazuen ere. Inoiz arau ez-idatziak jarraitu behar izan ditut dena ondo joan zedin, baita errietaren bat edo beste entzun ere, hori egiteagatik. Dena den, beti izan dut harreman ona alde guztietakoekin.
Bide batez, amaitzeko, nondik dator zure idazkiak sinatzeko erabiltzen zenuen goitizena, Kintxu de Bela?
Kintxu Joaquin laburtzeko modua da, eta De Bela Arabako lehen kondeari hartu nion —Bela Jimenez—, baina bere mailara heltzeko asmorik gabe.