Etxerat: «Preso eriei min eragitea da Espainiako Gobernuaren borondatea»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Iruretagoiena 2017ko mai. 5a, 13:25
Foru Plazan egin du agerraldia Etxeratek. /Hala Bedi

Madrilek agertutako jarrera salatu eta Sarek deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute senideek: «Guztion erantzukizuna da».

Garden eta gordin hitz egin dute Etxerat-eko bozeramaile Urtzi Errazkinek eta Patricia Velezek gaitz larriak dituzten euskal presoen egoeraren inguruan, «interpretaziorako lekurik» ez uzteko: «Espainiako Gobernuaren borondatea min eragitea da. Min fisikoa, gaixotasun larriak sufritzen dituztenei. Mina, gaitzari aurre egiteko osasun tratamendua ukatzen zaielako. Mina, gaixotasuna fase terminalean dutenek minaren unitateetara edo zainketa aringarrietara joateko aukerarik ez dutelako. Eta min psikologikoa, gaitzari erantsitako sufrimendua dela-eta buruko gaitz larriak dituztenei. Gobernuak gaitz larriak dituzten presoak zein euren senideak agoniaraino sufritzera kondenatzen gaitu».

2017ko otsailaren 17ko data zuen instrukzio batean, Espainiako Barne Ministerioak jaso zuen «beren heriotza ziurtasunez aurreikusten bada oso epe motzera, edo hirugarren gradua edo baldintzapean aske geratzea lortzeko baldintzak betetzen badituzte» bakarrik utziko dituztela aske preso gaixoak. EH Bilduren galdera bati erantzunez, Mariano Rajoyren gobernuak zehaztu zuen agiri horrek gaitz larriak dituzten presoen auzia Zigor Kode berrira egokitzea duela helburu, eta «bizitza arrisku agerikoan» dagoela «presoa bi hilabeteko epean hil daitekeenean».

Etxerat-eko kideek salatu dutenez, «mendekuak» gidatzen du PPren gobernua: «Bortxakeriari, ankerkeriari eta mendekuari lege espazio bat eman nahi diote». Presoen senideen iritziz, «ez da kasualitatea» agiri hori ETAren armagabetzea baino aste batzuk lehenago atera izana .

Egoera horretan, Espainiako Gobernuari ez ezik, politikariei, sindikatu eta eragileei eta giza eskubideen aldeko elkarteei ere mintzatu zaizkie Errazkin eta Velez, eta dei egin dute Sarek biharko antolatutako manifestazioan parte hartzera —17:30ean hasiko da, Iparralde gizarte etxetik—: «Guztion erantzukizuna da».

Jaiki Hadi-ren datuen arabera, gaur egun hamabi lagun daude gaitz larriak dituzten euskal presoen zerrendan, baina beste hamar kasu ere badira, beren egoeraren berri eman nahi ez dutenak.

Xabier Aranburu, aske

Xabier Aranburu euskal presoa aske geratu zen atzo. 2012an atxilotu zuten, Frantzian. Zigorra bete ondoren, euroagindu baten harira, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten atzo. 12.000 euroko bermea jarri zioten. Bestalde, seina urtera zigortu zituzten atzo Montxo Barea eta Oier Ibarguren presoak, Parisen, ETAko kide izatea egotzita. 2013ko otsailean atxilotu zituzten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide