"Oierrenak mugarria izan behar du presoen auzia konpontzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2017ko api. 20a, 10:45

Oier Gomez euskal presoaren aita Carlos Gomezek dio espetxe egoerak okertu egin duela haren gaixotasuna, eta euren borroka eri dauden preso guztien aldekoa dela. Baikorrago dago, atzoko auzi saioagatik.

Gaixotasun larria izanda ere, Oier Gomez (Gasteiz, 1983) euskal presoari urte erdi bateko bizi itxaropena emango ziotenik ez zuen sekula imajinatu haren aita Carlos Gomezek. «Sendatzeko itxaropena genuen». Hala ere, Oierrek egoerari buelta eman diola dio. Atzoko auzi saioaz ere mintzatu da Carlos Gomez BERRIArekin.

Auzi saioa egin dute Oierren zigorra eteteko eskaera aztertzeko, eta fiskaltza ez da eskaeraren aurka agertu. Zer iritzi duzu?

Pauso garrantzitsu bat da, dudarik gabe. Orain, epaileak zer erabakitzen duen ikusi behar dugu. Ez da ohikoa, baina ez da lehenengo aldia epaileak fiskaltzaren iritziaren aurkako erabakia hartzen duena.

Itxaropentsu zaude?

Bai, orain behintzat itxaropentsu gaude, Oier espetxetik irteteko edo barruan geratzeko aukerak pareko daudelako. Guk zigorra eteteko eskatu dugu. Hala gertatuz gero, orain dagoen espetxe modulutik ospitaleko esparru zibilera pasatuko litzateke Oier, gaixo arrunten moduan. Zigorra eteteaz gainera, Baionara hurbiltzeko ere eskatu dugu, etxetik gertuago egoteko.

Zer dio Oierrek atzoko auzi saioaren ostean?

Hari ere itxaropena asko handitu zaio.

Gaixotasun larria dauka zure semeak.

Oierrek sarkoma bat eta metastasia dauka gorputzaren hiru ataletan, eta erradioterapia eta kimioterapia saioak jasotzen ari da. Hori guztia kontuan hartuta ere, oso indartsu eta gogotsu dago. Harekin hitz egin dut duela gutxi, eta esan dit nekatuta dagoela erradioterapia saio bat jaso duelako. Tratamendu horrek zuzenean eragiten dio buruari, eta nekatuta uzten du. Aldaketa handiak izaten ditu egun batetik bestera: egun batean ongi sentitzen da, eta hurrengoan, nekatuta. Tratamenduak amaitu arte horrela egongo da. Baina indartsu ikusten dugu. Ez dakit nondik ateratzen duen kemena, jakinda zer duen.

Azkeneko mediku txostenaren arabera, zein da haren egoera?

Ewingen sarkoma azkar hazten den gaitza da, eta metastasia eragiteko ahalmen handia dauka. Gaitz horrek bizkarrean, buruan eta aldaketan eragiten dio. Onkologia zerbitzuko perituak esan digu Oierrek gaur egun dituen baldintzetan jarraituz gero, bere bizi itxaropena sei hilabete izan daitekeela.

Nola jaso duzue albiste hori?

Gaizki, jakina. Sei hilabeteko bizi itxaropenaz ari gara... Bagenekien oso gaitz larria duela, baina sekula ez genuen pentsatu bizi itxaropena mugatuko ziotenik. Abokatuentzat ere ezustea izan da, Oier artatzen duten medikuek ez dutelako sekula hitz egin bizi itxaropenaren inguruan. Guk sendatzeko itxaropena bagenuen, baina mediku perituak epe hori jarri du.

Eta Oierrek zer dio?

Bizi itxaropenari modu berezi batean aurre egin nahi dio: sei hilabete hauetan metastasiari bere horretan eutsi nahi dio, tratamenduarekin jarraitzeko eta sendatzeko. Oso zaila da halako albiste bati aurre egitea, baina hark buelta eman dio egoerari.

Aurretik, 2013. urtean, linfoma bat topatu zioten. Noiz gaixotu zen zuen semea?

Duela sei urte espetxeratu zuten. Kartzelan urte eta erdi zeramala, linfoma bat topatu zioten; kimioterapia tratamendua jaso ostean sendatu zen, eta haren arrasotorik ez da egun. Iazko irailean, baina, bizkarreko minarekin hasi zen; hasieran uste genuen tendinitis bat zela, baina denborak aurrera egin ahala okerrera egin zuen. Aurtengo urtarrilean, ohetik altxatu ezinik zegoen, zorabiatuta eta min handia zuen, eta larritasunez ospitaleratu zuten. Medikuek koskor bat topatu zioten bizkarreko orno batean, sarkoma bat, eta Parisko Pitie Salpetriere ospitalean ebakuntza bat egin behar izan zioten. Ebakuntza egin eta gutxira, buruan metastasia zuela ikusi zuten medikuek. Hasieran, buruko sarkoma kentzea aztertu zuten, baina, arriskuagatik, ez zioten kendu. Harrezkero, haren osasunak okerrera egin zuen, eta ondoren egin zizkioten azterketetan sarkoma aldaketan hazi zitzaiola atzeman zuten. Orain, erradioterapia eta kimioterpia tratamenduekin dago. Asteburu honetan, ohetik altxatu ezinik egon da, minduta eta ahul. Morfina ari da hartzen.

Espetxeko baldintzetan dago ospitalean.

Espetxe barruko erietxe batean dago, eta duela gutxi arte DPS segurtasun handiko erregimena ezarria izan du. Erregimen hori kendu egin diote, baina horrek ez du esan nahi orain hobeto dagoenik. Ospitale barruko ziega batean jarraitzen du, eta orain arte jendarmeek egiten zuten zaintza lana espetxe funtzionarioek egiten dute orain. Praktikan, egoera ez da ezer aldatu. Astean bi orduko bisita bat izaten du, eta haren egoera larriagatik lortu dut hilean behin beste bisita berezi bat izatea; hortaz, hilean bost aldiz bisitatu dezakegu.

Kartzelak nola eragin dio haren osasunari? 

Ospitaleko ziegan eguneko 24 orduak ematen ditu. Urtarrilaren 10etik, gela horretatik irten gabe dago. Edonork imajina dezake nola sufrituko duen pertsona batek gela batetik lau hilabete irten gabe egonda. Kartzelak haren osasuna okertu baino ez du egin. Oierren desioa da handik irtetea eta argia ikustea.

Denbora aurka du Oierrek, gaixotasunagatik.

Bai. Kasu okerrenean, fiskalak zigor etetearen aurkako helegitea jarriko balu, epailearen erabakia beste bi hilabete atzeratuko litzateke. Hortaz, kontuan hartuta udako oporrak tartean daudela, azken erabakia irailean har liteke, Oierren bizi itxaropena amaitzear dagoenean.

Oierren egoeraren berri eman diezue hainbat agintariri. 

Arabako ahaldun nagusiarekin eta EAEko arartekoarekin bildu naiz, eta euren kezka eta elkartasuna agertu dizkidate. Biek ala biek minbizia gertu ezagutzen dute, eta sentikortasun hori badute. Ipar Euskal Herrian ere babes zabala jaso dugu.

Kalean handiagoa da elkartasuna. Besteak beste, plataforma bat sortu dute Oierren egoera ikusarazteko.

Jasotzen ari garen babesa izugarria da, eta bihotzez eskertzen dut. Baina badago gizartearen zati bat egoera hau ikusi nahi ez duena eta bost axola zaiona. Horren inguruan ere hausnartu behar da.

Oierri heltzen al zaizkio babes keinu guztiak?

Bai, oso ongi informatuta dago, eta guztiaren berri dauka. Elkartasunak animoak ematen dizkio.

Larri dauden beste preso batzuen egoera ikusarazteko balio du zuen semearen egoerak?

Horrelako egoera larri bat gertatu behar izan da jendea mobilizatzeko. Oierrek bere egoera ezagutzera eman zuenean, baldintza batekin egin zuen: betiere kontuan hartzen badira gaixo dauden beste euskal preso guztiak. Nik ez dut borrokatzen Oierrengatik bakarrik, gaixorik dauden preso guztiengatik egiten dut. Oierren egoerak mugarria izan behar du gaixorik dauden gainerako presoen auzia konpontzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide