ELA eta LAB batu egin dira Arabako ardogintzako hitzarmena berritzeko

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko api. 5a, 10:24

Martxoaren 31ko gauerdira arte zegoen indarrean orain arteko Arabako ardogintza hitzarmena, 2012-2015 aldikoa.

2016-2018rako akordiorako oinarria sinatu dute patronalarekin. UGTk ere bat egin du itunarekin.

"Gehiengo sindikal berria batu da sektorean, eta erakutsi du posible direla bestelako baldintza batzuk eta bestelako hitzarmenak". ELAk eta LABek ohar batean azaldu dute Arabako ardogintza sektoreko hitzarmenerako akordiorako oinarria sinatu dutela 2016-2018 aldirako. UGT ere akordiora batu da. Gehiengo sindikalak "koma sakonean" zegoen hitzarmena biziberritu duela aldarrikatu dute bi sindikatuek.

Martxoaren 31ko gauerdira arte zegoen indarrean orain arteko Arabako ardogintza hitzarmena, 2012-2015 aldikoa. ELAk eta LABek azaldu dutenez, azken hilabeteetan ugaritu egin dituzte bilerak patronalarekin, eta akordiorako oinarria azken unean sinatu zuten, martxoaren 31n bertan, "indarraldia amaitzeko ordu gutxi falta zirela".

Bi sindikatuek gehiengoa daukate sektoreko negoziazio mahaian. UGT ere batu egin da akordiora azken unean, baina, ELAk eta LABek azaldu dutenez, "ordura arte, sindikatu horrek ez zuen argi izan".

Aurreko hitzarmena (2012tik 2015era artekoa) CCOOk eta UGTk sinatutakoa zen, eta "klinikoki hilda" zegoen, bi sindikatu abertzaleen ustez: "Antzinatasuna murriztu zuen, malgutasuna handitu, eta %1eko soldata igoerak onartu".

Itun berria 2016tik 2018ra artekoa izango da, eta %2ko soldata igoerak bermatuko ditu 2016rako eta 2017rako, eta %2,5ekoak 2018rako. "Gainera, berriz aztertuko da erosahalmenaren galerarik egon ez dadin". Hitzarmena amaitzean, 2017 eta 2018ko benetako KPIaren igoera aztertuko da, eta, soldaten igoeraren gainetik badago, taulen bidez arautuko da 2019 hasieran, hitzarmen berria negoziatzen hasi aurretik.


"Borroka" bulegoetan

Adostasunik ez dago, aldiz, Bizkaiko bulegoen sektorean: patronala eta sindikatuak ez datoz bat lan hitzarmena berritzerakoan. ELAk jakinarazi du "borroka" aurreikusten duela. Azaldu duenez, CEBEKek lan baldintzak murriztea eskaini die martxoaren 31n egindako azken hitzarmen proposamenean.

Salatu du patronalak planteatu diela «ahazteko» soldata igoeren taulak eta azken urteetako atzerapenak, 2013tik aurrerakoak. Antzinatasuna ere ezabatu nahi du, eta estatu itunetarako materia esklusibo batzuk "inposatu". ELAk dio "borroka" egingo duela langileen eskubideen alde.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago