Araban 200 pertsona hil zituzten frankistek, horietatik 16 Azazetako mendatean, 1937ko martxoaren 31n. Azken horiek izan dituzte gogoan gaur eguerdian toki berean egin duten ekitaldian. Hil zituztenen artean zen Gasteizko alkate izandako Teodoro Gonzalez errepublikanoa.
Bertan izan da Iñigo Urkullu lehendakaria ere, eta nabarmendu du preso haiek "elkarbizitzaren, demokraziaren eta askatasunaren balioak" islatzen zituztela. "Haien memoriari bizirik eusten diogu, eta bat egiten dugu haien ideia eta balioekin: elkarbizitza eta giza eskubideak". Lehendakariaz gain, han izan dira, besteak beste, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Sare Antifaxistako kideak.
Libre uzteko agiria sinarazi zieten Azazetan hildako hamaseiei, eta, ateratzean, falangista, errekete eta guardia zibil talde bat zuten zain. Bi kamionetatan sartu, Azazetara eraman, basoan sartu, konfesatu, eta tiroz hil zituzten. Urte batzuen buruan, ezkutupean, hiru fusilaturen gorpuak berreskuratu zituzten. 1978an, gainontzeko hamahiru gorpuzkiak atera zituzten. Han gertatu zena oroitaraziko duen ikur bat egongo da, gaurtik aurrera.