"Etorkizuna josteko" jaia egingo dute Gasteizen, ekainaren 4an

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Alberdi 2017ko ots. 22a, 09:37

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurkezpena. EHIGE

'Josi ta josi' leloa izango du Euskal Eskola Publikoaren 26. festak. Aniztasuna eta inklusibitatea aldarrikatuko dituzte aurten.

Aniztasuna nabarmendu du Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak, Euskal Eskola Publikoaren 26. jaiaren aurkezpenean. Aniztasuna nabarmendu du gizartea geroz eta pluralagoa delako; aniztasuna nabarmendu du euskal hezkuntzaren etorkizuneko erronka delako gizarte pluralari erantzun egokia ematea; eta aniztasuna nabarmendu du eskola publikoaren jaian landuko duten balio bat delako. Ekainaren 4an ospatuko dute jaia, Gasteizko Zabalgana auzoan, Josi ta josi lelopean.

"Eskola publikoa engaiatuta dago inklusibitatearekin eta gizarte kohesioarekin", zehaztu zuen Imazek, atzo, aurkezpenean. "Ikasleak aniztasunean hezten ditugu. Aberastu egiten gaitu aniztasunak, eta errespetu eta tolerantzia balioekin hazten ditugu ikasleak". Era berean, nabarmendu zuen gizarteko aniztasunari erantzun egokia ematea dela hezkuntza sistemaren erronka: "Etorkizuneko belaunaldiak tolerantzian eta errespetuan hezi behar ditugu". Horrez gain, urteroko eskaera ere mahai gainean jarri zuen: "Euskal Eskola Publikoa izan behar da euskal hezkuntza sistemaren ardatza".

'Josi ta josi'

Logotipoaren eta leloaren berri eman du Lurdes Errastik, Arabako Denon Eskola federazioko presidenteak. Esan duenez, Josi ta josientzunda, eraikitzea eta ehuntzea bururatzen zaio jendeari: "Bizi ditugun errealitate guztiak batu nahi ditugu. Hori erakutsi nahi izan dugu". Logotipoan, berriz, hainbat koloretako sarea irudikatu dute: "Koloreak nahastu egiten ditugu, kolore berriak sortuz, aniztasun berriak. Hori gara Euskal Eskola Publikoa".

"Interesa duten familiek euren seme-alabak gertuko ikastetxeetan matrikulatzea lortu dugu", nabarmendu du Unai Diaz de Mendibilek, Gasteizko Aldaialde eskolako aitak. Diaz de Mendibilek emandako datuen arabera, egun lau eskola publiko daude Zabalgana auzoan, eta 1.390 ikaslek ikasten dute horietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago