Joan de otsailaren 1ean Gasteizko 3. Instrukzio Auzitegiak artxibatu egin zuen Arabako Batzar Nagusiek martxoaren 3ko gertaerengatik aurkeztutako kereila. Bost langileren hilketak "preskribatuta" daudela argudiatuta hartu zuen erabakia. Gaur, Frakismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak eta Martxoak 3 Elkarteak agerraldia egin dute epailearen erabakia salatzeko, eta jakinarazi dute elkarretaratzea egingo dutela martxoaren 2an, artxiboa salatzeko. Bilkura Gasteizko epaitegien aurrean izango da, 12:00etan. Andoni Txasko Martxoak 3 Elkarteko bozeramaileak azaldu du Espainiako "zigorgabetasuna" salatu nahi dutela, eta dei egin die herritar orori, eta bereziki sindikatu guztiei, bertan parte hartzeko.
Prentsaurrekoan salatu dute kereilaren artxiboak urratu egiten duela nazioartean indarrean dagoen giza eskubideen legedia, eta Gasteizko epaitegiaren autoak "zoritxarrez" agerian uzten duela justizia Espainiako Gobernuaren "morroia" dela. Jacinto Lara abokatuak dei egin dio Gasteizko epaileari aintzat har ditzala nazioarteko legediaren irizpideak, zeintzuen bitartez 1976an Zaramagako elizan hasi zen sarrasakia gizateriaren aurkako delitua den eta hortaz, ez duen preskibatzen.
Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak eta Martxoak 3 Elkarteak adierazi dute ez dutela "etsiko" eta "justizia" egin arte borrokan jarraituko dutela. Euskal Herriko eta Espainiako auzitegietan administrazio kereilak aurkezten jarraituko dute, Bruselan eratu den lantaldean ere lanean segituko dute, eta ez dute baztertzen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jotzea, Espainian bide judizial guztiak agortzen badira.