Finalean da Alaves

Erabiltzailearen aurpegia Jon Eskudero 2017ko ots. 9a, 12:36

Historian lehenengo aldiz, Espainiako Kopako finalera sailkatu da Alaves, ondo merezita garaitu baitu Celta. Bartzelona izango dute aurkari gasteiztarrek, ziurrenik, maiatzaren 27an, Madrilen.

Bihotzak gehiegi sufrituta, batek baino gehiagok kendu izango dizkio pare bat urte bizitzari, baina ez da damu izango. Ezta gutxiago ere. Nola, bada! Historian lehenengo aldiz Espainiako Kopako finala jokatuko du eta Alavesek. Latz merezita, gainera. Gorriak eta bi ikusi ditu azken urteotan, Lehen Mailatik urrun, desagertzeko zorian ere egon baita. Non ote dira Pitermanen garai ilun haiek. Ordea, sufrimenduaren ondoren gozamena iritsi ohi dela dio esaera zaharrak. Eta bai, ez du arrazoi faltarik. Mendizorrotzan bildutako jarraitzaileek gozatu galanta hartu dute bart, behintzat. Husnakoak iraun du ia partida osoan, baina 82. minutuan Edgarrek egindako golarekin lehertu da estadioa. Hala, Bartzelonak badu aurkaria maiatzean jokatuko den finalerako: Alaves. Gasteiztarrek ez dute azken hitza esan oraindik.

Izan ere, sinesgarritasuna eta talde guztien errespetua irabazi du Mauricio Pellegrinoren taldeak. Ondo irabazi ere. Bartzelonari berari gailendu zitzaion liga hasieran, Nou Campen: 1-2. Balentria ederra lortu arren, lainezaren kontuak zirela pentsatuko zuten askok, eta denborarekin behera egingo zuela taldeak. Baina ez. Ligan orekari eutsi diote gasteiztarrek, jaitsiera postuekiko tarte egokiarekin egon dira une oro, eta horrek eman die eskubidea Kopan lehiakor izateko. Gimnastic, Deportivo eta Alcorcon kanporatu ondoren, Celta zuten azkeneko eskailera, eta hura ere nagusitasun osoz garaitu dute. Pentsa, joan-etorrian ez dute golik jaso, urduritasunari eusten asmatu dute, eta behar zen garaian atera dituzte babak eltzetik, gol erabakigarria azken txanpan eginda. Neurri handiko partidetan esperientzia gutxiko jokalariak izanda, txapela kentzeko moduko lana egin dute Pellegrinok eta zuzendaritzak.

Finalerako saria hain handia eta potoloa izaki, zalantzak baziren Alavesek nola ekingo ote zion neurketari. Entrenatzaile argentinarrak aurrez esana zuen gakoa izango zela kontzentrazioari eustea, eta horretan saiatu dira etxekoak lehen minutuetan. Jokoaren ekimena eraman dute, baina oinarri hartuta atzean ezin zutela hutsik egin. Dena den, erasoari muzin ez diote egin, eta Ibairen eta Toqueroren artean eman dute lehen abisua. Celtari gutxi iraun dio baloiak oinetan. Helburu bat eta bakarra zuen: golik ez hartzea.

Urduritasuna uxatzen hasi ahala, hori bai, behetik gora egin du Eduardo Berizzoren taldeak. Hamar minutu igaro ondotik, jokoan nagusitzeari ekin dio, eta Iago Aspasek gertu izan du gola, 12. minutuan. Gelditua egin dio Pachecok. Lehen zatiko gol aukera onena izan da. Bi aldeetan igar zitekeen tentsioa, eta detaileak oso ziren garrantzitsu. Jokoan ezin eta, borroka eta lehia baliatu ditu Alavesek partida orekatzeko, eta ez du erabaki txarra hartu. Baloi geldian, besteak beste, arriskua sortu baitu. Ibai Gomezek langa ukituz bidali du baloia kanpora, faltaz, 25. minutuan. Atsedenaldira bitarte ez da zer kontatu handiegirik gertatu.

Hortaz, bigarren zatirako bestelako ikuskizuna espero zen. Emozio, tentsio eta urduritasun handiagoa egonik, erasoan arrisku gehiago hartu beharrean izan dira bi taldeak, eta Alaves askoz hobeto zelairatu da atsedenalditik bueltan. Zaleen animorik eta babesik ez zen falta, eta Celta erabat atzean sartuta egon da lehen minutuetan. Ibaik aukera ona izan du lehenbizi, baita Feddalek ere geroago, baina barkatu egin dute biek. Halere, ikusten zen hori zela bidea, erritmoak etxekoei egiten baitzien mesede.

 

Aulkian zegoen gola

Golik ezean, baina, jakina zen finalerako sailkapenik ezin lor zezakeela Alavesek, eta Pellegrinok aulkia mugitzea erabaki du. Ibaik aukera bikaina huts egin du areaz kanpotik 65. minutuan, eta Deyversonek ere barkatu du hurrengo jokaldian. Dena den, Toquerok hartu du aulkirako bidea, Edgarri tokia uzteko, 78. minutuan. Ordura arte Kopan gol gehien egin zuen jokalaria zen Edgar, hiru baitzituen sartuak. Bada, ez du denbora asko iraun laugarrena egiteko. Taldeari finalerako txartela emango zion gol erabakigarria, gainera. Camarasak buruz orraztu, eta aurrelariak ez du barkatu atezainaren aurrean, 82. minutuan.

Zailena eginda zegoen, gertu zen balentria, baina oraindik ia beste ordu laurden falta zuen partidak, luzapena gehituta. Bultza dute zaleek, denbora galdu dute jokalariek, eta guztiek eskutik eskuratu dute azkenean ametsa egia bihurtzea. 96 urteko historian estreinakoz, Kopako finalean izango da Alaves.

 

Erlazionatuak

Eskutik, finalaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Jon Eskudero 2017 ots 08 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide