Eskutik, finalaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Jon Eskudero 2017ko ots. 8a, 11:08

Celta eta Alavesen kontrako partida bat.

Espainiako Kopako finalerako sailkatzeko ametsa egia bihurtu nahi du Alavesek gaur, Celta garaituta. Pellegrinok ezinbestekotzat jo du jarraitzaileen bultzada.

Pauso bakar bat besterik ez du falta Alavesek Espainiako Kopako finalerako sailkatzeko ametsa egia bihurtzeko. Pauso erabakigarria. Joan den astean Celtaren zelaian hutsean berdindu ondotik, azken hitza Mendizorrotzak izango du, gaur, eta, taldeko jokalari eta ordezkariak ez ezik, jarraitzaileak ere prest dira partidarako. Denboraldia hasi geroztik, Alavesen zaleak leial azaldu zaizkio taldeari, eta ez da babes eta animo faltarik izan. Ordea, gaur bestelako itxura hartuko du estadioak; betekadaren ondorioz, jai giro itzela espero baita. "Jarraitzaileen bultzada ezinbestekoa izango da. Energia eta motibazioa emango digute guri, eta Celta behartuko dute pauso bat atzera ematera", adierazi zuen atzo Mauricio Pellegrinok. Bada, eserleku bakoitzean mosaiko txuri-urdin bat banatuko du klubak, finalerako bidea denek eskutik egiteko asmoz.

Garai onean helduko zaie bi taldeei finalerdietako itzuliko partida. Haizeteek Vigo gogor jo zutelako, Celtaren eta Real Madrilen artekoa bertan behera geratu zen joan den igandean; hortaz, atseden aski hartuak izango dira Eduardo Berizzoren jokalariak. Hori bai, atsedenak baino gehiago, azkenaldiko joko bolada onak egingo dio mesede Celtari, entrenatzailearen esanetan. "Konfiantzaz eta sinetsita gaude finalerako sailkatuko garela. Zail izango ditugu gauzak, eta sufritu beharko dugu, baina merezi izango du". Berizzok jokalari guztiak sartu ditu deialdian, baita min hartutakoak ere. "Onean eta txarrean, talde izaera mantentzea ezinbestekoa da, eta ea gaua ongi amaitzen den guretzat. Merezi dugu".

Merezi du Celtak; besteak beste, iragan sasoian finalerdietan esan baitzuen agur, Sevillaren aurka. Baina Alavesek ere egin du merezimendurik final batean egoteko. 96 urteko historian, final bakarra jokatu du: 2001ean izan zen, UEFA kopan, eta 5-4 galdu zuen Liverpoolen aurka. Geroztik, makina bat buruhauste bizi behar izan dute jarraitzaileek. Klubak hamar urte egin ditu Lehen Mailatik urrun, desagertzeko zorian ere egon da, baina ez da edonola itzuli onenen artera. Pellegrinok uste du final bat sufrimenduaren ondorengo gozamena litzatekeela. "Jokalariei aurpegian antzematen diet ilusioz gainezka daudela, eta zaleek ere merezi dute finalerako sailkapena. Ez dute inoiz Alaves Kopako final batean ikusi. Iritsi da garaia".

Odol hotza, ezinbestekoa

Hain zuzen, historian bosgarren aldiz dago Alaves Kopako final baten atarian. Behin ere ez du lortu finalerako sailkatzerik: 1929an, Bartzelonak kanporatu zuen; 1939an, Sevillak; 1998an, Mallorcak; eta 2004an, Zaragozak. Hamahiru urte geroago, arantza atera nahi dute gasteiztarrek. Eta badute baikor egoteko motiborik. Bost bider lehiatu dira Kopan Alaves eta Celta, eta beti euskal taldeak egin du aurrera: 1977-1978, 1981-1982, 1984-1985, 2003-2004 eta 2006-2007ko sasoietan, hain zuzen. Finalerdietan inoiz ez dituzte indarrak neurtu, ordea. Konpromiso handia izaki, odol hotza izatea ezinbestekoa izango da, Pellegrinoren esanetan. "Alaveseko hiru jokalarik soilik dakite zer den final bat jokatzea; beraz, esperientzia ez dugu lagun izango. Pazientziaz eta kontzentrazioz jokatu behar dugu".

Hutseko berdinketak berekin du arriskua, eta golik ez hartzeak berebiziko garrantzia izango du. Azken hamar partidetako estatistikak aintzat hartuta, Celtak 1,7 gol sartu ditu partidako, eta 0,7 jaso; Alavesek, berriz, 1,1 sartu ditu, eta 0,8 jaso. "Ez naiz estatistika zalea. Uste dut abantaila dugula, etxean jokatuko dugulako". Hamabigarren jokalaria Mendizorrotza izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago