Gasteizko aurrekontuak onartuta, alkatetzan jarraituko du Urtaranek

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko ots. 6a, 17:36

Gorka Urtaran alkatea, artxiboko irudi batean. /Alea

Bi alditan bozkatu behar izan dituzte aurrekontuak, eta bietan ere berdinketa izan da. Ondorioz, alkatearen kalitatezko botoak erabaki du auzia. Inork babesten ez dituen aurrekontuak inposatzea egotzi dio Larrionek.

Gasteizko Udalak aurrekontuak onartu ditu gaur. Espero moduan, udal gobernua osatzen duten bederatzo kideen babesa soilik izan du proposamenak: EAJrena eta PSE-EErena; kontra bozkatu du PPk —bederatzi dira zinegotziak— eta abstenitu egin dira EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi —bederatzi boto dituzte—. Hala, eta bigarren bozketan ere berdinketa izan denez, Gorka Urtaran alkatearen kalitatezko botoak erabaki du auzia. Honek guztiak, ordea, aldaketaren aldeko indarrekin duen harremana ahuldu, eta ataka zailean utziko du udal gobernua urtea amaitu bitartean.

PPk eta EH Bilduk kontra eginda, aurrekontuak luzatu beharrean zen udal gobernua 2017rako. Urtaranek, ordea, konfiantza mozioa aurkeztu zuen, harekin batera kontuak onartzeko. EH Bilduko Miren Larrionek gogor kritikatu dio pauso hori eman izana: "Inori gustatu ez zaizkion aurrekontuak ateratzeko egin duzu konfiantza galdea. Denbora galtzera ekarri gaituzu hona. Hiriko proiektuak adostu egin behar dira, ez inposatu".

Larrionek leporatu dio Urtarani alkate izateko emandako konfiantza hamabi hilabetean amaitzea eta bere interesei "lehentasuna" ematea. Gogorarazi du, bide batez, aurretik ere luzatu behar izan direla aurrekontuak, eta gaur arte inork ez duela horregatik konfiantza moziorik aurkeztu. 

Alkateak erantzun die kritikei ohartaraziz ez dela "gatazka pertsonalak" eztabaidatzeko unea. "Tentsio une hauetan ikusten dugu nor ari den jokatzen egoerak eskatzen duen moduan, eta nor ez. Izan ere, aurrekontuak luzatzeak hiria kondenatzen du, eta beraz, porrota litzateke". Larrioni ere zuzendu zaio Urtaran esanez "hitz egiteko gaitasuna" behar dela.

Koalizio subiranistak akordio zabalago baterako proposamena egin zion atzo Urtarani; agintaldia amaitu arteko "ardatz estrategiko batzuk" adostea eskaini zion. Negoziatzen hasteko, gauza bakarra eskatu zion alkateari: konfiantza mozioa bertan behera uzteko. Ordea, alkateak, eskaintzari muzin egin, eta asteleheneko hitzorduari eutsi dio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago