Prestatu dadila Gasteiz

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko ots. 3a, 09:57

Golik gabeko berdinketak arriskua berekin duen arren, Alaves bizi-bizirik itzuliko da Mendizorrotzara, Kopako finalera sailkatzeko aukera onaren jabe. Datorren asteazkenean da itzulerako lehia (21:00).

Badaezpada ere, hobe dute diru apur bat aurrezten hasi Alaveseko jarraitzaileek. Maiatzaren 16rako dago iragarririk Espainiako Kopako finala, eta baliteke gasteiztarrek sailkapen historikoa lortzea. Behintzat, giltza eskuartean du Mauricio Pellegrinoren taldeak, lan duina egin baitzuen atzo, Celtaren zelaian, finalerdietako joaneko partidan. Tarte askoan, aurkaria baino gehiago izan zen, eta golen bat lortzeko merezimenduak ere egin zituen. Lehen zatian, bereziki. Hori bai, Celtak berak ere gauza bera izango du buruan, besteak beste, langarekin eta zutoinarekin topo egin baitzuen birritan. Ordea, ez alde batean ez bestean ez zen golik izan eta, ondorioz, Mendizorrotzak izango du azken hitza, datorren asteazkenean (21:00). Presta dadila Gasteiz. 

Gozatzen ari dira Alaves eta ingurua denboraldi honetan; Lehen Mailara igo berritan, ia gainditu ezina izaten ari baita taldearen lana. Ordea, konforme ez eta, Kopako finalean sartu nahi du, eta Pellegrino entrenatzailea da gidari nagusia. Orain arte ez bezala, Kopan estreinakoz ohiko jokalariak zelairatu zituen atzo, eta igarri zen taldeak sinetsita duela balentria lor dezakeela. Lehen zati dotorea jokatu zuen, eta Celtaren dohainak ere oztopatu zituen gehienean. Ohiko jokoa egin ezinda aritu ziren etxekoak, deseroso. Lehiari eta aurkariari neurria ederki hartu zioten euskaldunek, eta urduritasuna gainditutakoan, gehiago izan ziren.

Bistakoa zen Celtak nahiago zuela ez arriskatu golen bat hartu baino, eta erosoago sentitu zen Pellegrinoren taldea, etxetik kanpo ohi duen legez. Defentsan sendotasuna eta erasoan presioa oinarri hartuta, gehiago izan zen zelai erdian, eta atsedenaldiaren atarian aurrea hartzeko modua ere izan zuen. Kontraerasoan, nola ez. Camarasak jokaldi ona egin eskuin hegalean, eta haren erdiraketa neurtua justuagatik ez zuen gol bihurtu Manu Garciak.


Aspasek, bitan zutoinera

Bigarren zatiak lehenaren ildotik jo zuen hasieran, eta itxaropena areagotu egin zen Alaveseko zaleengan. Theo Hernandezen barneraketa batean gola egiteko aukera ona izan zuten gasteiztarrek 54. minutuan, baina azken pasean ez ziren fin aritu. Edgarrek ere barkatu zuen geroago. Dena den, goletik gertuago egon zen Celta azken orduerdian. Besteak beste, Alaves nekea igartzen hasi zen bezala, etxekoak nagusitzen hasi ziren. Iago Aspasek langara bidali zuen baloia lehenik, bote lasterrean eginiko jaurtiketa eder batean. Geroago, berriro ere aurrelariak gertu izan zuen 1-0ekoa, baina zutoinean amaitu zuen jaurtiketak. Pachecok ere geldiketa eder bat egin zion tartean.

Hala, hutsean amaitu zen lehia, eta ontzat jo zuten bi taldeek. Alavesi dagokionez, arriskua berekin du golik gabeko berdinketak, baina sinatuko zukeen aurrez. Ligan atseden hartuko dute jokalari garrantzitsuek, datorren astean historia idazten jarraitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago