Hiriak pentsa dezala geroan

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko urt. 12a, 15:55

Europak finantzatutako proiektua garatuko dute Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako hiriburuko Koroatze auzoan. Energia kontsumoa jaistea eta berotegi efektua sortzen duten gasen igorpena murriztea dute helburu, etorkizunerako hiri eredu berri bat sortzeko. Beñat Alberdi.

Egungo bizi eredua mahai gainean da, gogoeta asko azaleratu baita azkenaldian: zaborren kudeaketa, ekoitzitako produktuen osagaiak, ibilgailuen iraunkortasuna... Kutsadura handiak neurriak eskatzen ditu: hainbat hiriburutan autoen kopurua murrizteko hartutakoak adibide. Hirigintza ere bada aldatu beharreko gaietako bat, eta arazo horrek zuzenean jo du Gasteizko Koroatze auzoa. 1970eko hamarkadan eraiki zuten, industrializazioa eta horren eraginez sortutako immigrazioa direla medio. Etxebizitzek, egungoekin alderatuta, hainbat gabezia dauzkate, hala nola isolamendu termiko falta. Baina beharrak betetzetik harago joango da Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak abiatu duten proiektua: "karbono dioxidoan neutroa den hiri adimendunaren ideia" garatuko dute, Europako Batzordeak finantzatuta. Hiri adimendunen proba bat izango da Gasteizkoa, Tartu (Estonia) eta Sonderborg (Danimarka) hiriekin batera: etorkizunean pentsatzen duen eredua.

Europako Batzordeko Horizon 2020 programara aurkeztu zuten proiektua hiru hiriek. Onespena jasota, 2021 bitarte gauzatuko dituzte. Bi lan eremu dauzka Europak lagundutako egitasmoak: eraikinen eraberritze energetikoa sustatzea, eta berotze eta ur bero sistema zentral bat ezartzea.

Eraberritze energetikoak hainbat atal dauzka. Batetik, eraikinei beroki bat jartzea: fatxadak berrituko dizkiete, termikoki isolatzeko; helburu berarekin, leiho bikoitzak jarriko dituzte. "Salto teknologiko garrantzitsua emango dugu", argitu du Alvaro Iturritxa zinegotzi eta Ingurumen eta Espazio Publikoaren Saileko koordinatzaileak. "Beroa galtzea saihestuko da, eta eraginkortasuna lortuko". Isolamenduaren ondorioz, etxeak beroagoak izango dira neguan, eta freskoagoak udan; ez da kondentsazioagatik sortutako hezegunerik egongo. Bestetik, hoditeria egokituko dute, auzoko berotze sistemara lotzeko.

Berotze sistema zentrala da proiektuaren beste puntu bat. Egurra erabiliko du erregai. Hainbat hobekuntza eragingo ditu etxeetan: "Puntu batean ezarriko dugu ur bero eta berotegi iturria. Horregatik, beste berokuntza sistema batzuk baino merkeagoa da, eta emisio gutxiago izango du". Erregaia egurra izateak ere bere onurak dauzkala erantsi du Iturritxak: "Biomasa erabiltzen dugunez, sistema neutroa da karbonoarekin". Zehaztu du petrolioa edo gas naturala erretzeak baino eragin hobea daukala eta berriztagarria dela.

Sistema berri horri jarraipena egingo diote teknologia berrien bidez. "Momentuan bertan jakingo dugu zenbat berotasun eta ur bero erabiltzen ari diren". Sistemak nola funtzionatzen duen, eta aurreko sistemarekin alderatuta zein onura dauzkan jakin ahal izango dutela azaldu du: "Jarraipen horrekin, auzokideek zenbat aurrezten duten jakingo dugu, baita lortu ere karbono dioxido igorpena jaistea".

Proiektuaren nondik norakoak garbi izan arren, finantzaketa arazo izan da. "Udalaren ikuspuntutik garestiegia zen guk ordaindu ahal izateko», argitu du Iturritxak. Europako Batzordera jo zuten diru iturri bila. "Ur eta berokuntza sistema gune zentral bat sortzeak bikain egiten zuen proiektua Horizon 2020ren deialdi baterako".

Proiektua definituta dago jadanik. Egun, auzo elkarteekin batzen ari dira, haien etxebizitzetan egingo diren obrak jakinarazteko. Auzokideek onartuko balute proiektua, obren lizitazio prozesuak hasiko lirateke. "Onena da urtea bukatu baino lehen hastea", nabarmendu du zinegotziak. "Europak oso epe zorrotzak ezarri dizkigu". 2021erako itxiera fasean egon beharko litzateke proiektua. Europako Batzordeak helburuak bete diren aztertuko luke fase horretan. Bete direla egiaztatzean emango ditu laguntzak.


Auzokideentzat onurak


Europako diru laguntzek eta Gasteizko Udalaren eta Jaurlaritzaren parte hartzeak eragin zuzena izan du etxe jabeen poltsikoetan. Berez, obrak balio duenaren erdia ordainduko dute. Batez beste, 9.600 euro inguru balioko du obrak etxe bakoitzeko.

Proiektuak "ilusioa" piztu duela nabarmendu du Ibon Martinez de Agirre Errota Zaharra auzo elkarteko kideak. "Ilusioari erantzuten jakin behar dute instituzioek". Positiboa iruditzen zaie auzokideei fakturetan izango duten jaitsiera. Euren borroka nagusia etxeen jabeen finantzaketarena izan dela zehaztu du: "Ezin daiteke inor kanpoan gelditu diru arazoak direla medio. Nahiko bideratuta dagoela dirudi. Izan ere, funts bat sortu dute beharra dutenentzat". Martinez de Agirrek argitu du lanean jarraituko duela egitasmoa beste auzo batzuetara zabaltzeko eta Koroatze auzoak falta dituen zerbitzuak lortzeko.

Europako Batzordeak finantzatu ez arren, beste puntu bat sartu dute obretako proiektuan: espazio publikoa eraberritzea. "Kaleak autoentzat eginda daude, ez jendeak erabiltzeko", ekarri du gogora Iturritxak. Sistema berriarentzat hoditeria jartzeko kalean obrak hasi direla baliatuta, zinegotziak logikotzat jo du egokitzea. Parte hartze prozesu bat egin dute urtean zehar, eta prozesua "ederra" izan dela nabarmendu du zinegotziak. Hala ere, Errota Zaharrekoek ez dute berdin ikusten kontua: parte hartze zuzena baino gehiago, proiektua aurkeztu, eta onartu edo ez bakarrik eskaini zaielako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago