Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria da Javier de Andres, Carlos Urkijok lau urteotan bete duen kargua hartuta. Gaur goizean egin du karguaren zina, Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan. Haren ondoan izan da Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea. De Andresek gazteleraz eta euskaraz egin du zina, Espainiako Konstituzioaren ale baten gainean. Kargua "ilusioz" hartzen duela esan, eta eskerrak eman dizkie beragan konfiantza jarri dutenei. Urkijoren lana goraipatu du, "irmo" eta "zintzo" bete duelako kargua eta Konstituzioa betearazi duelako. De Andresek nabarmendu du hemendik aurrera bere borondatea Espainiako Gobernuaren eta EAEren arteko lankidetza sustatzea eta akordioak lortzea dela. "Terrorismoaren biktimak" ere gogoan izan ditu, haien aurkako "umiliazioak" baztertu eta "babes berezia" behar dutela azpimarratuta.
Soraya Saenz de Santamariak, bestalde, Urkijoren lana eskertu du: "Gobernuaren ordezkaritza elkarbizitzaren eta eskubide guztien mesedetan jarri du". De Andresentzat ere hitz goxoak izan ditu: "Sendotasuna, ideia argiak, elkarrizketarako eta elkar ulertzeko gaitasuna, lurraldearen ezagutza eta bere herriarekiko harreman estua ditu".
Goizeko hamaiketan izan da karguaren zina, Gasteizen, Espainiako Gobernuko ordezkaritzan. Ordu hori baino dezente lehenago dozenaka gonbidatuk bete dute ordezkaritzaren lorategietan paratutako karpa. Gonbidatuen artean izan dira Espainiako Segurtasun Indarrak, ordezkari politikoak eta erakundeetako ordezkariak. Hor izan dira, besteak beste, Josu Erkorkera eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamaria, PSEko Txarli Prieto, Javier Lasarte eta Cristina Gonzalez, PPko Borja Senper, Carmelo Barrio, Carlos Iturgaitz, Ramon Rabanera, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarra. Nafarroako, Kantabriako eta Errioxako gobernu ordezkariak ere egon dira ekitaldian.