Iñaki Oiarzabal izendatu dute Arabako PPko idazkari nagusi

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko urt. 4a, 11:26

Aurreko astean Espainiako Gobernuak De Andres izendatu zuen Euskal Autonomia Erkidegorako ordezkari, eta alderdian dituen ardurak utzi behar izan ditu.

arabako PPren idazkari nagusi kargua berreskuratu du Iñaki Oiarzabalek (Gasteiz, 1968). Herrialde horretako zuzendaritzak aukeratu du, eta Javier de Andres ordezkatuko du karguan. Aurreko astean Espainiako Gobernuak De Andres izendatu zuen Euskal Autonomia Erkidegorako ordezkari, eta alderdian dituen ardurak utzi behar izan ditu.

Oiarzabal senataria da Espainiako Gorteetan eta Espainiako PPren zuzendaritzako kidea ere bada: Justizia, Eskubideen eta Askatasun Publikoen idazkaria.

Aurretik ere izana da Arabako PPren idazkari nagusia, 2000tik 2008ra. 2008an aukeratu zuten EAEko PPren idazkari nagusi, baina 2014an, Arantza Quirogak —orduan EAEko PPren presidenteak— kargutik kendu egin zuen.

Egun alderdiaren buruzagi den Alfonso Alonsoren oso gertukotzat jotzen dute Oiarzabal.

De Andres, Euskal Autonomia Erkidegorako ordezkari

Aurreko ostiralean aukeratu zuen Espainiako Gobernuak De Andres EAEko ordezkari gisa, Carlos Urkijoren ordez. Hark baieztatu duenez, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak berak hartu du erabakia, eta egiteko zehatz bat eman dio: "Gobernuen arteko bitartekaritza lanak erraztea". PPkoek egunotan eginiko adierazpenen arabera, EAJri eginiko "keinua" izango litzateke De Andresen izendapena, eta lotura izango luke bi gobernuen aurrekontuen negoziazioekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago