Lakuabizkarran eta Salburuan gertatu dira erasoak, Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Lehena igande gauerdian atzeman zuten; 24 urteko emakume batek Udaltzaingoari deitu zion, jakinarazteko bikotekideak jo egin zuela etxean. Emakumeak azaldu zien muturreko bat eta buruarekin kolpe bat eman ziola gizonak, eta udaltzainek frogatu zuten zauriak zituela emakumeak. Gizonak aitortu zuen eztabaidan aritu zela, baina ukatu zuen jo zuela. Atxilo eraman zuten, genero indarkeria delitu bat egitea egotzita.
Ordu batzuk geroago atxilotu zuten beste gizonezko bat. Emakume batek Udaltzaingoari azaldu zionez, etxera itzultzean, bikotekideak iletik heldu eta bultza egin zuen. Etxetik joan zen gizona, baina udaltzainek kalean topatu, identifikatu eta atxilo eraman zuten.