Hamasei larrosa zuri eraman dizkiete EH Bilduko parlamentariek Legebiltzarraren aurrean bildutako presoen senideei, sakabanaketaren ondorioz hildako senide bakoitzeko bat. Egun seinalatua aukeratu du Etxerat-ek elkarretaratzea egiteko, Memoriaren Eguna, biktimen eguna: "Biktima guztiek merezi dutelako aitortza, baita sakabanaketaren biktimek ere"
Ez dira, ordea, bakarrik egon senideak. Noizko sakabanaketak erahildako senideen aitortza? zioen kartelaren atzean batu dira EH Bilduko legebiltzarkideak eta Elkarrekin Podemoseko zenbait batzarkide. Protestari babesa agertu dio Egiari Zor fundazioak ere.
Etxerateko bozeramaile Urtzi Errazkinek gogorarazi du sakabanaketak sufrimendua eragiten jarraitzen duela. "Tamalez, bihar berriz irten beharko dugu errepidera, gure bizitzak arriskuan jarriz, eta, beraz, biktima gehiago izan daitezke".