Gasteizko herri harresiko hamabost auzipetuen kontrako lehen epaiketa izan da gaur. Protestan parte hartzen ari zirela "desobedientzia" eta "agintearen kontrako atentatu edota erresistentzia" egitea leporatzen diete. Hamabost auzipetuetatik bederatzi epaituko dituzte aurrena, eta bi urteko kartzela zigorra eta isunak eskatu dituzte akusazioek. Horietatik bi gaur epaitu dituzte, eta ez dira espetxera joango, akordioari esker. Beste sei auzipetuek ez dute oraindik jakinarazpenik jaso.
Adam Laamirni eta Oier Martinez del Camporen aurkako epaiketa da gaur hasi dena, eta, lehen saioan, akusazioa murriztea adostu dute defentsak eta fiskalak. Azken horrek, agintaritzaren aurkako atentatua leporatzetik, erresistentzia egoztera aldatu du akusazioa. Bestetik, espetxe zigor eskaera bertan behera utzi eta guztira, 3.680 euroko zigor ekonomikoa eskatuko du bi auzipetuentzako.
Igarki Roblesen, Ibon Estebanen eta Aiala Zaldibarren atxilotzea oztopatzeko osatu zen herri harresia Gasteizen. Hirurak atxilotzeko agindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Ainhoa Villaverde, Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz eta Xabat Moranekin batera, Segiko kide izatea egotzita.
Gasteizko Harresiak akordioaren gaineko analisia egin du, eta, ohar batean azpimarratu duenez, edozein zigor "bidegabea" litzateke. "Aspaldi ikasi genuen gure herrian justiziak eta legeak elkarren berri gutxi dutela. Eskutik joango balira, gaurko epaituak ertzainak izango lirtateke, erresistentzia pasiboan ari ginen ehunka laguni oldartuta, harresiak babesten zituen hiru gazteak atxilotzeko orduan erabili zuten doako biolentziaren tamainarengatik: mehatxuzko birao matxistak, ukabilkadak, iturrira botatako pertsonak, ostikoak..." Atxiloketen ostean, Ertzaintzaren kontrako 42 salaketa jarri zirela gogorarazi du Gasteizko Harresiak. "Ez dugu orain artean horien berririk".
Auzipetuei elkartasun mezua igorri die Gasteizko Harresiak, eta "konpromisoa" berretsi nahi izan du. "Errepresioaren jomuga diren pertsonak babesten eta gure eskubide zibil eta politikoak defendatzen jarraituko dugu: berriz ere egingo genuke".
Hurrengo epaiketa, abenduaren 13an
Gasteizko Harresiko auzipetuen kontrako epaiketek segida izango dute abenduaren 13an. Herri harresian kateatu ziren zortzi lagunen aurkako epaiketa izango da, eta Gasteizko Harresitik protestarako dei egingo dutela aurreratu dute.