3.000 ordezkari baino gehiago bildu dituzte ELAk eta LABek Lehendakaritzaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016ko ira. 20a, 14:22

Irudia: @ELAsindikatua

Gehiengo sindikalak salatu du uda aurretik akordio "antidemokratikoa" egin zutela negoziazio kolektiboaren inguruan Jaurlaritzak, Confebask patronalak, eta CCOO eta UGT sindikatuek.

 Iñigo Urkullu lehendakariaren egoitzaraino eraman dute protesta gaur goizean ELA eta LAB sindikatuek. Euripean, Gasteizko hiriguneko Posta eraikinaren aurrean hasi dute ibilbidea milaka manifestarik. Erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte Hemen lan egin, hemen erabaki eta Demokrazia bai, xantaiarik ez lelo artean. Buruzagi historiko batzuk ere bildu dira, esaterako, Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohia. Alderdien presentzia adierazgarririk ez da egon, baina manifestazioan egon da Mikel Otero, EH Bilduko Arabako zerrendan bigarren hautagaia. Manifestazioaren amaiera Lehendakaritzan izan da.

Bukaeran hitza hartu dute ELAko eta LABeko idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek. "Haserre" agertu da Etxaide, sindikatuen arteko lehian kokatu nahi izan delako negoziazio kolektiboari buruzko akordioa. Haren ustez, benetan jokoan dagoena Confebask patronalaren boterea da, eta hauteskunde kanpainarekin lotu du egoera. "Enpleguaz hitz egiten da behin eta berriro. Norbaitek pentsatzen al du lan munduaren egoera alda daitekeela patronalaren aurrean jartzen garen sindikatuak erditik kenduta?".

Gobernuari egotzi dio LABeko buruzagiak bozak egingo diren astean mobilizazioa egin izanaren ardura. "Ez dugu unea edo arrazoia erabaki. Ez ditugu kanpaina paraleloak edo laborategikoak egiten. Sindikalismo erreala egiten dugu", ohartarazi du.

Adolfo Muñozek, berriz, "euskal labeldun thatcherismoa" egitea egotzi die EAJri eta Urkulluren gobernuari. Gogor salatu du gutxiengoan sinatzen diren itunei babesa ematea, eta legebiltzarreko egoerarekin alderatu du, lehendakariari galdera zuzena eginda. "Baten batek esaten badizu zeure alderdiaren 27 eserlekuek ez dutela batere balio, zer irudituko litzaizuke? Hori da egin nahi diguzuena".

Kanpainaren joanean "usain txarra" duten adierazpenekin gogaituta agertu da ELAko idazkaria. Besteak beste, sindikatu abertzaleei esan zaienean gai batzuei buruz ez hitz egiteko, edo, bestela, parte hartzeko hauteskunde politikoetan. "Onartezina da parte hartzea ulertzeko modu hori. Gizarte feudal bati dagokio", Muñozen aburuz, eta ohartarazi du gehiengo sindikala ez dela isilik geratuko: "Bidezko Euskal Herri batek langile klase bizi aldarrikatzaile bat eskatzen du. Ez gara konpartsak izango".

Uztailean sinatu zuten akordioa. Besteak beste, hitzartu zuten Enplegu Sailak lege gordailuan jaso dituela gutxiengoan sinatutako akordioak, eta aldizkari ofizialetan argitaratuko dituela. Honezkero hasi da itun horiek argitaratzen.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago