Esparru honetan indarrak batzeko prest daude ELA eta LAB. Heldu den asteartean, irailaren 20an, manifestaziora deitu dute Gasteizen. Mobilizazioa Posta plazatik aterako da, eta Lehendakaritzan amaituko da. "Ez da ohikoa kanpaina baten erdian halako mobilizazio bat egitea. Akordioari ematen diogun garrantziaren seinale da", zehaztu du Etxaidek. Gehiengo sindikalaren aburuz, akordio estrategikoa da, eta patronalaren asmoei mesede egin nahi dio, bi sindikatu abertzaleak bazterrean utzita.
Mobilizazio horretara bi sindikatuek hauteskunde sindikaletan lortu dituzten ordezkariak eramango dituzte. Etxaidek nabarmendu du ordezkari horiek demokratiko aukeratu dituztela Euskal Herriko langileek. Akordioak aukera irekitzen dio eragin mugatuko akordioak sinatzeari, ordezkaritza horren neurriak axola gabe. Azken neurketaren arabera, ELAk ordezkaritzaren %40 du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, LABek eta CCOOk %19 inguru, eta UGTk ia %11.
Jaurlaritzak duen jarrera gogor salatu dute bi sindikatuetako buruzagiek. "Jaurlaritzan badira patronalarentzat lanean ari diren pertsonak, inolako lotsarik gabe", Muñozen ustez. Patronalaren eta gobernuaren interesak bat datozela ere ohartarazi du. Muñozen irudiko, soldatak murrizteko erabakia aurrera eraman nahi dute hala sektore pribatuan nola publikoan. CCOOren eta UGTren benetako apustua itunen estatalizazioa dela ere salatu dute ELAk eta LABek.
Iturria: Berria