Lopez de Abetxukoren eskubideen urratzea salatuko du Sarek larunbatean, Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016ko uzt. 5a, 14:38

Plataforma herritarrak manifestazioa egingo du Santiago ospitalearen paretik hasita; "gaixotasunagatik arreta jaso beharko lukeen" tokitik, hain zuzen. Lopez de Abetxukoren kasua presoen eskubide urraketen "erakusgarri" dela adierazi du Sarek.

Sareko kide Amets Martinez de Herediak eta Arantxa Armentiak nabarmendu dutenez, Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarrak preso jarraitzeak "ez du inolako sostengurik, edonondik begiratuta ere, mendeku politikaren ikuspuntutik izan ezik". Lopez de Abetxukok kardiopatia du, 420 kilometrora dago espetxeratua, Villabonako (Asturias, Espainia) kartzelan, eta 26 urte daramatza preso -66 urte ditu egun-. Zigorra duela bi urte bete zuela azpimarratu du Sarek, eta gaineratu du Frantziako Estatuan preso eman zituen hiru urteak ez dizkiola aintzat hartu Espainiako Justiziak, Europak onartu zuen 2008/675/JAI zuzentarauaren kontra.

Lopez de Abetxukoren egoera salatzeko eta presoen eskubideak errespetatzearen aldeko hainbat ekimen bultzatu direla gogorarazi du elkarteak. "Gasteizen kezka nabarmena dago euskal presoen giza eskubideen urraketa dela eta". Sareko ordezkarien esanetan, herritarrek "sufrimenduari ateak itxi eta bakeari zabaltzeko nahia" adierazi dute. "Horretarako, guztien giza eskubideen defentsa ezinbesteko gaia da".

Urkulluren hitzak, gustuko

Sarek ontzat eman du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, atzo, Madrilen espetxe politika eskumenak eskualdatu eta euskal presoak gertuko espetxeetara lekualdatzeko Espainiako Gobernuari egin zion eskaria. "Beti esan dugu gustuko dugula giza eskubideen urraketa agendetan txertatzea". Hala ere, "hitzetatik ekintzetara" pasatu behar dela adierazi du Martinez de Herediak. "Ez da maniobra handirik behar, neurri guztiz legalak baitira". Azpimarratu duenez, "badira arau batzuk errespetatzen ari ez direnak" eta horiek "baldintzarik gabe" bete beharko lirateke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago