Obra guztiek dute abiapuntu bat, kontzienteki edo inkontzienteki, lehen bulkada eragiten duena. Edu Zelaietak (Gasteiz, 1973) "aitaren heriotza eta heriotzara eraman zuen gaitzaren prozesua" izan du Ispilu biluziak poema liburua idazteko ernamuina.
Laugarren poesia lana du, eta aurrenekoz plazaratu du Pamiela etxearekin. Jendakiak urruneko familiatan (Arabako Foru Aldundia), Mugaldekoak (Susa, 2004) eta Aldaira urdinak (Alberdania, 2010) zituen aurrekoak. "Aitatasunak kezkatzen nau, ni ere aita bainaiz. Seme izateari utzi nion, eta, aldi berean, bortz urteko semea nuen aitonaren inguruan galdezka. Aitatasunak gurutzatua sentitu nintzen erabat". Aitaren heriotzaren "dolua" dakar liburuak, "baina ez beharbada dolu tipikoa, tradizioaren arabera ulertua, ni ere harritu bainintzen aita hil eta gutxira idatzitako testu batzuekin". Katartikoa ez ezik, "sentitutakoa zilegi" egiteko modua ere bai baita poesia Zelaietarentzat: "Askotan, sentitzen ditugun gauzak ez dira zilegi konpartitzen ez direlako, komunikatzen ez direlako". Aitarekin "harreman ona" zuen Zelaietak: "Antigoaleko aita zen, eta nik hartutako zenbait erabaki ez zituen ulertzen". Honela dio Aitaren lunbagoa izeneko poemak: "Hagitz zaila da ume baten gorputz malgutik/ nagusi baten gorputz enbortua ulertzea./ Ongi gogoan dut txikitako harridura, aita/ ohean etzanda ikusten nuelarik, minak jota./ Argi dakusat orain bi belaunaldien arteko/ ulermenik eza. Perspektiba etzanetik".
Lehen pertsonan idatzitako poema da aurrekoa, liburuaren Eta ni hirugarren ataleko guztiak bezala. Zu izeneko lehen atalekoak bigarren pertsonan idatzi ditu, eta Hura izeneko bigarren atalekoak, hirugarren pertsonan. Idazlea "ez da liburuko protagonista". Beste pertsonaia batzuk ageri dira poemotan, haien bitartez ni-az hitz egiteko, eta ni-az idazten duenean besteez aritzeko; «ispilu jolasak» planteatzeko, alegia. "Ispilu jostaketa badago, baina ez dago karikaturarik. Denok elkarren ispilu baikara, azken batean. Hainbat poematan, pertsonaiak elkargurutzatu egiten dira. Zu, ni eta hura horietan denok gaude. Azkenean, bizitzaren aurrean denok uste baino antzerago jokatzen dugu. Batzuetan, pentsatzen dugu denok garela bereziak, diferenteak, baina, funts-funtsean, denok ditugu antzeko kontuak, antzeko motiboak, antzeko jokaerak". Eta ispiluez ari delarik, «bestelako simetria» batzuk ere bilatu ditu idazketan, formari dagokionez. "Simetriaz ari garen neurrian, asimetriaz ari gara. Biziaz ari garen neurrian heriotzaz ari garen moduan". Simetria "teknikoak" dira bilatu eta topatu dituenetako batzuk. "Hiru atalek hamaseina poema dituzte, eta ahapaldiek lerro kopuru bera dute poema bakoitzean".
"Narratiba lirikoa"
Jose Angel Irigarai poeta eta Pamiela etxeko editorearen hitzetan, "inoizko poesia narratiboena" egin du Zelaietak bere laugarren lan horretan. "Poema narratiboak dira, gardentasun eta zinezkotasun handikoak. Eskarmentutik eta sentipenetatik abiatuta, eta poetaren galbahea igaroz, zinezkotasunaren taupadak dira". Eta egileak berak bat egiten du Irigarairen ideiarekin: "Narratiba lirikoa erabili dut, eta gardentasuna bilaturiko zerbait da. Hori da niri gehien interesatzen zaidan literatura, gehien interesatzen zaidan musika. Bidegurutze zail hori, non sotiltasunak eta fineziak bat egiten duten. Idealaz ari naiz, jakina. Zenbaitetan, esan eta kritikatu izan didate nire poemak narratiboegiak direla, eta, alderantziz, nire artikuluak poetikoegiak. Generoen gurutzaketa eta mugako kontuak interesatzen zaizkit. Hala naiz".
Musikaren aipamena ez du alferrikakoa Zelaietak. Gustuko du oso musika; Mugaldekoak bigarren liburua ateraz geroztik izen bereko musika taldeko kide da, hitz gehienak idazteaz gain, taldearen zuzenekoetan ere parte hartzen baitu testuak irakurriz eta poemak errezitatuz. Hain zuzen ere, taldea hirugarren lana prestatzen ari da egunotan, udazkenerako prest egotea nahi luketena. Eta idazlearen musikaltasuna nabari da lan berriko poemetan ere. "Musika talde batean aritzeak, edo unibertsitatean irakasle izateak, aldez edo moldez eragingo zidan; gero eta gehiago hurbiltzen ari naiz ahozko kodera. Gustura sentitzen naiz, eta ikasten ari naiz, beti bezala".
Azken finean, mugako kontuek eta genero gurutzaketak zerikusia dute Zelaietaren beste gai "edo kezka" nagusi batekin: kontraesanen eta paradoxen munduarekin, hain zuzen ere. "Horien apologia egin gabe, baina horiek naturalizatu nahi izan ditut. Paradoxak eta kontraesanak izaten dira gizaki bezala gehien definitzen gaituztenak, gehien bereizten gaituztenak gainerako animaliengandik, nahiz eta, askotan, horiek estaltzen saiatzen garen. Horien isla franko dago liburuan, epaitu gabe. Ispilaturik, besterik gabe".
Egilea: Gorka Erostarbe, Berria