Legez kanpoko elkarte bat eratu eta komisioak kobratzea, EAJk gobernatutako erakundeen kontratu eta adjudikazio publikoak modu irregularrean eskuratzea, egin gabeko lanengatik dirua lortzea, kapitala zuritzea, eroskeria, bortxaz jendea behartzea, dirua bidegabe erabiltzea... Arabako Probintzia Auzitegiko fiskalak hogeiren bat delitu egotzi zizkion Alfredo de Miguel auzipetu eta EAJko buruzagi ohiari. Zigor eskaera gogorra egin zuen Josu Izagirre fiskalak: ia 55 urteko kartzela zigorra, eta 25 milioi euroko bermea.
Denera, 26 lagun daude auzipetuta. De Miguel bera, Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia; Aitor Telleria ABBko kide ohia; Koldo Otxandiano Arabako burkide eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa; Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohia; eta Alfonso Arriola eta Juan Sanchez Alegria EAEko teknologia parke sareko buru ohiak, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzak maiatzean jakinarazi zuen ez duela espetxe zigorrik eskatuko auzian inplikatutakoentzat, eta, fiskaltzak ez bezala, bere akusazio idazkian kalte-ordainak baino ez ditu eskatuko 26 auzipetuetako zazpirentzat.