Seguru asko, kasualitate hutsa izan da, salbuespen bat. Hori pentsatu nahi dut behintzat. Semearekin Arabako Ospitale Unibertsitarioko kanpo kontsultetara joan naiz, oftalmologoaren errebisiora. Sartu eta berehala, zita eskatzeko makinetako batean saiatu gara txandako tiketa hartzen. Errorea ematen zuen. Mostradorera joateko gonbidapena egin digu makinak. Beste makina batean saiatu gara, eta erantzun bera. Hirugarren batean, baina berdin. Etsita, mostradorera abiatu gara eta, zain geundela, gainerako erabiltzaileak tiketak normaltasun osoz lortzen ari zirela jabetuta, makinen aldera bueltatu naiz laugarren saiakera bat egiteko asmoz. Hango langile bati galdetu diot, eta, gazteleraz, ondoan genuen makinan saiatzeko erantzun dit. Oraingoan bai. Laugarrenean, tiketa lortu dut. Makinaren hizkuntza gaztelera zen. Ez dut EUS aukeratu. Gazteleraz, lehenengo saiakeran eman dit tiketa.
Bigarren pisura igo gara eta itxarongelan eseri gara. Ziten pantailara begiratu dut eta megafoniatik entzun dut hurrengo kontsultarako deia. «ADT cero, cero, cuatro; consulta doscientos diecinueve». Nire artean pentsatu dut lehenengo abisua gazteleraz izanik, bigarrenean euskaraz izango zela. Bai zera! «ADT cero, cero, cuatro; consulta doscientos diecinueve». Hurrengo deiarekin, berdin. Bi abisuak gaztelera hutsez. Kontsultara sartu eta «egun on!». Hortik aurrerako guztia, gazteleraz.
Osakidetzaren arabera, komunikazioa tresnarik garrantzitsuenetako bat da jarduera asistentzialean; beraz, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea. Kalitatezko zerbitzua ematea eta hizkuntza-eskubideen errespetatzea printzipio gisa hartuta, 67/2003 Dekretuan euskararen normalizaziorako lehentasunak eta oinarriak ezarri ziren, eta, ordutik, Osakidetzan euskararen presentzia eta erabilera zabaltzeko irizpide eta neurriak abiatu dira euskara-planen bitartez. Herri-administrazioekiko harremanetan euskaraz jarduteko eta arreta euskaraz jasotzeko eskubidea dugu. Hori Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legean onartu zen esplizituki, eta, ondoren, Osakidetzari aplikatzekoak zaizkion hainbat lege-xedapenetan azaldu da.
Osakidetzaren arabera, komunikazioa tresnarik garrantzitsuenetako bat da jarduera asistentzialean; beraz, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea.
Aipatutakoa adibide soil bat baino ez da. Administrazio gehienekiko harremanetan oso ohikoak izaten baitira horrelakoak. Zerbait huts egiten ari da nabarmen, ezta? Bestela, prozesu hau noiz arte luzatzea zen plana? Noiz arte egon behar dugu zain administrazioak euskaraz erantzun diezagun? Ematen du oraindik ere bide luzea geratzen dela zerbitzu publikoak euskaraz berdintasunean jaso ahal izateko; zenbaitetan, neurriek erritmo oso mantsoa dute, beste zenbaitetan ez dira egungo markoa gainditzeari begira jartzen, eta, tamalez, eremu batzuetan atzerapausoak ere ikusten ari gara. Arauak ezinbestekoak dira hiztunon eskubideak errespetatzeko, baina ez dira nahikoa, arau horiek betearazi egin behar dira.
Beste arlo batzuetan, demagun enpresa pribatuek eskainitako zerbitzuen kasuan, araurik ere ez daukagu, edo daudenak oso motz gelditzen dira. Beraz, nola egingo du aurrera euskararen erabilerak eremu horretan? Enpresa horiek, administrazio publikoek ez bezala, bezeroak erakartzeko beharra dute, eta bezero horientzat erakargarri izango diren elementuak identifikatu eta horiekin bat etortzeak berebiziko garrantzia du euren jardunean. Kontsumitzaileok sekulako indarra daukagu alde horretatik.
Mundu gero eta globalizatuago honetan, edonork eros diezaioke edozer munduko beste puntan kokatuta dagoen enpresa bati, baina aldi berean, edo agian horretxegatik, kontsumitzaileak bereziki estimatzen du bertakoa, bere ingurunearekiko konpromisoa adierazten duena, eta gertuko bezeroei garrantzi berezia ematen dien enpresa. Hori ondo ulertzen duen enpresak urrats garrantzitsua egingo du gertuko bezeroak bereganatzeko bidean.
kontsumitzaileak bereziki estimatzen du bertakoa, bere ingurunearekiko konpromisoa adierazten duena, eta gertuko bezeroei garrantzi berezia ematen dien enpresa
Gure administrazioak eredugarriak izan beharko lirateke eta erantzukizunez jokatu beharko lukete gurekiko harremanetan euskaraz aritzeko bitartekoak jarriz eta bertan lanean ari diren pertsonei lana euskaraz garatzeko eskubidea bermatuz. Horrez gain, badute erantzukizunik arlo pribatuan eragiteko, adibidez, zerbitzu publikoen esleipenetan, dirulaguntza deialdietan eta era guztietako kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezarriz eta baloratuz.
Enpresa pribatuei, aldiz, kontsumitzaileon motibazio, gurari eta mundu-ikuskerari adi egotea komeni zaie, eta euskaldunontzat, euskararen erabilerak beste edozerk baino argiago kokatzen du enpresa bat hurbileko, konprometitu eta konplizeen artean.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.