"Gure barne-politikan dago eskualdeari euskaraz ekarpena egitea eta hedatzea"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2022ko uzt. 4a, 12:41

Sasoi Eraikuntzak enpresa Sunbillan (Nafarroa) dago eta eraikuntza sektorean aritzen dira, obra zibilean. ‘Bidean’ ziurtagiriarekin hasi zuten ibilbidea 2011n eta gaur egun ‘Zerbitzua euskaraz’ eskaintzen dute. Urratsez urrats enpresan euskara txertatzen egin duten lanarengatik jasoko dute aurten Bai Euskarari Saria.

Bai Euskarari Saria jaso duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?

(Eneritz Lanz) Urtetan egindako lanaren errekonozimendua edo esker ona bezala hartu dugu saria. Hagitz kontent gaude.

Eraikuntza arloan diharduzue. Zehazki, zein zerbitzu eskaintzen duzue?

(Ane Uranga) Obra zibilean aritzen gara batez ere: hirigintza, bideak eta komunikabideak,  zerbitzu sareak, lur mugimenduak, egonkortzeak... Gure bezeroak gehienbat administrazio publikokoak dira, bai Gipuzkoan eta bai Nafarroan. Entitate pribatuentzat ere egiten dugu lan, batez ere Nafarroan eta baita Ipar Euskal Herrian ere.

Nola aldatu da eraikuntza arloa azken urteotan?

(A.U.) Egia esanda, gutxi aldatu da. Badator sektorearen digitalizaioa, baina horrek suposatzen du oso errotuta dauden rolak aldatzea eta kostako zaio. Beste sektore batzuetan, adibidez, oso estandarizatuta daude prozedurak eta errazagoa da digitalizazio hori ematea, baina eraikuntzan zaila da, batez ere kontrata, obra zuzendaritza eta promotoreen arteko rolak aldatzea. Digitalizazioak elkarlana dakar eta orain rol ezberdinek duten pentsaera aldatzea kostako da. Hala ere, etorriko da noizbait.

Promotorea da obra aurrera eraman nahi duen erakundea; obra zuzendaritza, teknikari edo proiektistak dira egitasmoa idazten dutenak; eta kontratak dira egitasmo hori exekutatzen dutenak. Orain arte paper horiek oso definituak egon dira, beti izan dira berdinak eta digitalizazioak ekartzen duen aldaketa sakona da.

(E.L.) Gure kasua konkreturako enpresan 45 lagun baldin bagaude gaur egun, bulegoko lanean horietatik oso gutxi gaude. Digitalizazioan errazago sar gaitezke bulegoan ari garenok, baina kanpoan geratzen direnentzako ezinezkoa da.

 

"Badator sektorearen digitalizaioa, baina horrek suposatzen du oso errotuta dauden rolak aldatzea eta kostako zaio"

 

Jasangarritasuna geroz eta gehiago entzuten da eraikuntza arloan ere. Lan egiten duzue arlo horretan?

(E. L.) Alde batetik, proiektu batetik zehaztuta etor daitezkeen alderdiak daude; material birziklatuak erabiltzea, herri-altzari eta zoladura jasangarriak... adibidez. Bertze alde, eraisketa bat egiten denean material hori berbalorizatzean dago jasangarritasuna. Sasoien, eraikuntza enpresa izateaz gain, kudeaketa-lanak egiteko baimenak nola baliabideak ere baditugu. Esleipen pleguetan ere geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaio jasangarritasunari, gainera material birziklatuen erabilerak ingurugiroarekiko onura eta aurrekontuaren murriztea berarekin dakar.

Elektrizitatea eta gasa lortzeko geroz eta zailtasun gehiago daude, prezioek ere gora egin dute. Eraikin bat egiterakoan garrantzitsua izango da energiaren ikuspuntua, ezta?

(A.U.) Prezioen igoerak eragiten digu materialak erosteko orduan. Argindarraren eta gasolioaren prezioen igoerarekin dena igo da. Gure materialak siderurgiatik eta harrobietatik datoz, eta material horietan argindarraren prezioaren pisua oso handia da. Horrez gain, gure makineria guztia gasolioarekin darabilgu.

Material batzuetan % 30 eta % 50 artean igo da prezioa; guretzat, gainera, lehengai nagusiak direnak: hormigoia, asfaltoaren betuna eta hodiak. Joan den urtean esleitutako lan batzuk aurrera eramaten nahiko larri gabiltza aurten.

Zein pauso eman dituzue euskara zuen entitatean txertatzeko? Zein izan dira horretarako motibazioak, zergatiak?

(E.L.) Sasoik 2011n eskuratu zuen Bai Euskarari ziurtagiria, ‘Bidean’ mailan hasi ginen eta urtero egin diogu ekarpena sistemari urratsez urrats. Dirulaguntzak ere jaso izan ditugu eta horrek ere lagundu digu urrats handiagoak ematera. Batez ere, bezeroei eta langileei bideratutako urratsak ematera. Gainera, harrera hagitz ona izan dugu eta horrek ere laguntzen du aurrera egiten. Bertzalde, laguntza handia izan dugu Malerrekako Mankomunitateko euskara zerbitzutik. Gure sektorean euskara teknikoaren garapena zaila da eta hagitz lagungarria izan zaigu mankomunitatearen ekarpena.

(A.U.) Langile guztiok ere euskaldunak gara eta goi-mailako ikasketak euskaraz ez egin arren, egunerokotasunean euskara erabiltzen dugu eta saiatzen gara lan-kontuetara ere euskara geroz eta gehiago sartzen.

(E.L.) Eskualde honetan denok gara euskaldunak, gu ere enpresa euskalduna gara eta gure barne-politikan dago eskualdeari euskaraz ekarpena egitea eta hedatzea.

(A.U.) Bezeroek ere geroz eta gehiago eskatzen digute euskaraz egitea. Administrazioan, adibidez, gaztelaniarako joera zuten lehen gehienek, baina orain langile gazteagoak sartu dira, ikasketak euskaraz egin dituztenak eta harremanak euskaraz ematen dira.

(E.L.) Egia da gure kokapena ona dela; Nafarroan gaude, Gipuzkoa bertan dugu, Ipar Euskal Herria ere bai eta denekin gure harremana euskaraz da.

Webgunea egin genuenean garbi genuen euskarazko webgune bat nahi genuela. Nortasun bat ematen digu lehenengo hitza euskaraz egiteak.

(A.U.) Bulegoan lortu dugu, gainera, lantalde bat denok euskaraz egiten duguna. Lehen ezinezkoa zitzaigun baina orain lan-talde euskalduna dugu eta horrek ere egin du gure lan-sistema guztia pixkanaka euskaratzen joatea.

(E.L.) Bai langileen harremanak eta bezeroekin ditugun harremanak geroz eta euskaldunagoak dira eta horrek bultzatzen gaitu gu ere beste pauso bat egitera. Konfiantza eta hurbiltasuna ere ematen du horrek, kanpo zein barne harremanetan.

 

"Langileek erraztasuna baldin badute euskaraz hitz egiteko eta motibatuta baldin badaude euskaraz lan egiteko, errazagoa da"

 

Zein zailtasun izan duzue?

(A.U.) Esleipenena da arlo zailena. Hizkuntza teknikoa ez dago garatuta eta proiektu oso gutxi daude euskaraz idatzita. Memoria, agian, euskarara itzulita izan dezakete, baina beste guztia erdaraz izaten da. Ahozko harremanetan euskaraz aritzen gara, baina esleipenetarako idatzi behar dugunean erdaraz aritzen gara. Itzuli hori egitea falta zaigu. Administrazioak eta guk lan handia egin beharko genuke hori aldatzeko.

Bestetik, gure aholkulariak eta hornitzaileak euskaldunak bilatu ditugu eta batzuetan aurkitu ditugun arren, ez da erraza arlo guztietan euskaldunak aurkitzea.

Zuen esperientziatik, nola eragin daiteke beste enpresetan ere euskara txertatzen hasteko?

(A.U.) Langile euskaldunak izatea da oinarria. Langileek erraztasuna baldin badute euskaraz hitz egiteko eta motibatuta baldin badaude euskaraz lan egiteko, errazagoa da. Hasieran agian egon daitezke zalantza edo beldur batzuk euskaraz ez garela ondo azaltzen, ez dugula erraztasunik, baina horiek gainditzen saiatu behar gara. Sustapen hori pertsonalki egin eta gero taldean ere bultzada baldin badago, errazago da.  Obran daudenek, adibidez, bizilagunekin euskarazko tratua baldin badute, lan egitea errazagoa izaten da eta bizilagunak ere gusturago sentitzen dira.

Zein arrazoi emango zenukete Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko?

(E.L.) Euskara hedatzeko modu bat da, zerbitzua euskaraz ematen duzula bermatzen du ziurtagiriak.

(A.U.) Gainera, Bai Euskarari komunitatean egotea bada ikuslehio moduko bat ere, euskaraz zerbitzua nork eman diezagukeen erakusten diguna.


#BaiEuskarariSariak2022 ekitaldian egindako elkarrizketa:

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide