Kaixomaitia.eus-ek, Euskaldunon Harremanetarako guneak, 9 urte beteko ditu igande honetan San Balentin egunarekin eta urteurrenaren karira erlazioen inguruko ikerketa eta gogoeta sustatu nahi dute
Kaixomaitiak, 2007an sortutako Euskaldunon Harremanetarako Guneak, 2015eko abenduan berritu zuen proiektua eta webgunea eta oraingoan, 9. urteurrenaren karira online inkesta anonimo bat jarri du abian Euskal Herrian bizi dugun egoera sexual / afektiboa eta iritziak zein diren ezagutu eta horren inguruan gogoeta egiteko helburuarekin. Galdetegia otsailaren 12-tik apirilaren amaiera bitarte osatu ahal izango da euskara, gaztelera eta frantsesez eta kaixomaitiaren webgune eta sare sozialetan egongo da eskuragarri.
Inkesta 18 urtez gorako euskal herritarrei zuzendua dago eta erantzunen anonimotasuna bermatuko da; SurveyMonkey inkestarako plataforma bidez egingo da eta ez da ez izenik ez eta IP helbiderik jasoko. Gutxienez 1000 erantzun espero dituzte, emaitza fidagarriak izateko lagin sendo bat behar dutela azpimarratu baitute. Era berean, Aztiker Ikergunearen aholkularitza teknikoarekin garatu dute inkestaren diseinua eta jasotako emaitzak elkarte honekin batera aztertuko dituzte.
73 galderako galdetegia 8 minututan bete daiteke eta harremanen gaia hainbat ikuspegietatik jorratzen du: egoera afektiboa, sexuala, harremanak eta internet, leialtasuna, etab. Galdera batzuk apur bat pertsonalak izan daitezke eta, segur aski, askori zail egingo zaie erantzutea; baina, horixe da helburua, jendeak tabuak utzi eta bakoitzaren errealitatea zein den partekatu eta ezagutzea, aipatu anonimotasunaren bermearekin.
Laburbilduz, Kaixomaitiak Euskal Herrian ditugun zenbait mito eta aurreiritzi baieztatu edo ukatu nahi ditu; jendearen bizipenak eta iritziak jaso, aztertu eta partekatu.
Ongi bidean, behin behineko emaitza batzuk martxo erdi aldera zabalduko dituzte eta behin betiko azterketaren emaitzak maiatza amaieran prest izatea espero dute.
Zoriontsuak al gara euskal herritarrok maila afektibo / sexualean? Euskal Herrian nahikoa sexu harreman ditugu? Onartuak al daude amodio erromantikotik urruntzen diren harreman motak? Nolako harremanak ditugu eta nolakoak izatea gustatuko litzaiguke?
Erantzuna laster…
#KM_SEXUINKESTA
INKESTARA JOATEKO SAKATU -> http://goo.gl/iVVIGg
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.