Rober Gutiérrez: "20 jarraibide enpresetan euskaraz jarduteko"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2015ko abe. 10a, 10:03

 

Gaur ez da abenduaren 3a… berdin dio… Gaur ere Euskararen Eguna da. Egunero euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugula adierazteko eguna, baita ahalegin horretan ari direnei aitortza egiteko eguna ere.

Euskarazko zerbitzua eskaintzeko eta euskaraz lan egiteko urratsak egiten ari dira Euskal Herri osoko ehunka enpresa, saltoki eta era guztietako entitate. Gaur ere horien guztien ahalegina aitortu behar dugu, gero eta enpresa gehiago ari baita euskaraz lan egiten, euskaraz kontsumitzeko aukerak areagotzen eta euskaraz bizitzea errazten.

Horien eredua aintzat harturik, abentura honetan murgildu nahi duten enpresei bidea erakutsi eta erraztu nahi diegu. Seguru asko enpresa batzuk ez baitute jakingo nondik hasi edo zer egin euskaraz lan egiteko. Bada, ez kezkatu! Bai Euskarari enpresak euskaraz aritzeko hainbat jardunbide ari baita proposatzen eta horiek baieuskarari.eus webgunean jaso dira, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez, interesa duen orok kontsultatzeko eta erabiltzeko.

Zein da jardunbide egokia eta eredugarria Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen arabera? Zer egin beharko luke egoki jardun nahi duen entitateak? Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko dauden irizpideei jarraiki, lau eremutan jaso dugu euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek egin beharreko bidea.

Jarraibide horiek hainbat adibidez hornituta jarri ditugu Baieuskarari.eus webgunean, eta horien laburpen-gisa 20 jarraibiderik aipagarrienak nabarmendu ditugu, euskarazko zerbitzua eskaini eta euskaraz lan egiteko bidea samurtzeko enpresei. Horiek praktika egokiak dira gure ustez, jardunbide eredugarriak. Praktika egoki bat, esate baterako, honako da: “Enpresek bermatzea langile guztiek lanpostua garatzeko hizkuntza gaitasuna izango dutela; ahoz zein idatziz”. Horrelako praktika egoki gehiago dituzue helbide honetan: http://www.baieuskarari.eus/eu/bai-euskarari-komunitatea/praktika-egokia-eta-eredugarria-euskaraz

Beste praktika egoki batzuk hauek dira:

  • Enpresetan zerbitzua eta lana euskaraz izatera iristeko ibilbidea zehaztea, Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez.

  • Lanerako baliabideek (softwareak, dokumentazioak…) euskaraz lan egiteko aukera bermatzea.

  • Bezeroak euskaraz artatuak izatea, aurrez aurre, telefonoz eta on line.

  • Kontratatutako zerbitzuetako pertsonek ere (aholkularitzek, segurtasun zaindariek, telemarketingekoek…) euskaraz aritzeko gaitasuna izatea.

  • Interneteko interfazeak zein edukiak euskaraz izatea. .EUS domeinua erabiltzea.

  • Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zuzendutako elementuak euskaraz egotea: gidak, katalogoak, menuak, aurrekontuak, fakturak, etab.

Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen helburua eta euskaraz aritu nahi duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei erreferentzia bat eskaini nahi diegu jarraibide hauekin. Zabaltzen lagunduko diguzue? Atera diezaiogun ahalik eta etekinik handiena, eta eragin dezagun gure inguruko espazio guztietan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko.

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago