Azkoitiko Udalak 2006tik sustatzen du Bai Euskarari egitasmoa eta urtez urte handitzen doa Azkoitiko ziurtagiridunen kopurua; geroz eta gehiago dira euskararen aldeko urratsa eman duten zerbitzu eta establezimenduak. Aurten, hiru enpresak jaso dute Bai Euskarari Ziurtagiria: Zerber burdindegiak, Cordonnier oinetako konponketa dendak eta Burruntzi Arkitektura estudioak.
Zerber burdindegiak Bidean maila lortu du, programako lehen mailako ziurtagiria. Beste biek, Zerbitzua Euskaraz maila eskuratu dute. Nekane Larrañaga Euskara zinegotziaren eta Bai Euskarari elkarteko Arkaitz Illarramendiren eskutik jaso dute ziurtagiria.
Udaletxeko batzar aretoan egindako ekitaldian jaso dute ziurtagiria Burruntzi Arkitektura estudioko Beñat Alkortak eta Oihana Aldazabalek; Zerber burdindegiko Unai Altunak eta Cordonnier oinetako konponketa establezimenduko Pedro Ramosek.
Bai Euskarari Ziurtagiriak Azkoitiko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzea du helburu. Gaur egun, 32 ziurtagiridun eragile daude herrian. Guztiak ikus ditzakezue ziurtagiridunen datu-basean.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.