Tolosaldea, lan-mundua euskalduntzen

Galtzaundik eta eskualdeko Euskara Mahaiak Tolosaldeko lan-mundua euskalduntzeko dinamika aurkeztu berri dute Lehiberrin

 

Tolosaldeak lan-mundua euskalduntzeko erronka berretsi du, eta bide horretan Galtzaundi Euskara Taldeak, eskualdeko zenbait eragilerekin elkarlanean, prozesu berri bat jarri berri du abian Lan Munduko Euskara Mahaia osatze aldera.

Igaro den hilabetean egin zen aurkezpen-ekitaldia Lehiberri eraikineko auditorioan, eta bertan parte hartu zuten Tolosaldeko lan-munduko Euskara Mahaia osatzen duten egungo eragileek: Tolosaldeko Lanbide Institutuak, Inmakulada Lanbide Ikastetxeak, Fraisoro Nekazal Ikastetxeak, Tolosaldea Garatzenek, ELA eta LAB sindikatuek, Amasa-Villabona, Irura, Anoeta, Tolosa eta Ibarrako euskara zerbitzuek, Euskararen Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiria Elkarteak, Banaiz Bagarak, EHEk, UEMAk eta Galtzaundik.

Datuak, oro har, positiboak dira. Biztanleen %71 euskalduna da, ia euskalduna, eta %93,2k D ereduan ikasten du. Kike Amonarriz soziolinguista tolosarrak parte hartu zuen ekitaldian, eta aipatu zuen, besteak beste, Tolosaldeak leku gutxitan bezalako baldintzak dituela «euskara hegemonikoa izan dadin», baina horretarako, ikasleei lan-munduan euskaraz murgiltzeko aukerak eman behar zaizkiola. Dinamikan parte hartu duten zenbait enpresek adierazi dutenez, industriarekin loturiko enpresak ugariak dira, biztanleria eta enpresak, oro har, euskararekiko sentsibilizazioa dute, eta garrantzia eman nahi diote hizkuntzari etorkizunean, batetik, inguru euskaldunean kokatzen direlako, eta, bestetik, eskualdeko enpresen bezero gehiengoa euskalduna delako.

Era berean, dagoeneko dinamikan murgilduta dauden eskualdeko hamabi enpresen lana goraipatu zen ekitaldian: Gureak, Hertell, Mutualia, Zizurkil Elektrizitatea, Arrastoa tailerra, Katea Legaia, Yurramendi egoitza, Orkli, Ilarki, Bidapro, Asuntzion Klinika eta Asegurugintza.

Galtzaundik adierazi bezala, bide horretan pausoak emateko prestutasuna duten enpresekin harremanetan jarraitzeko asmoa du etorkizunean. Lana, ordea, ez da zerotik hasiko; izan ere, azken urteetatik Euskara Taldeak Irura eta Anoetako zenbait enpresa ziurtagiridunekin dihardu lanean, aholkularitza enpresak euskara planak egiten ari dira eskualdeko zenbait enpresetan, eta lan guztia koordinatzea da proiektu berriaren helburua.

DATUAK:

Euskaldunak nagusi. Eskualdeko biztanleriaren %71 euskalduna da, eta ia euskalduna.

Jarduera ekonomikoa. Eskualdeko jarduera ekonomikoari dagokionez, 1996an eskualdean sortu zen balio erantsiaren ia erdia industriak sortu zuen; zerbitzuek, aldiz, %39 eragin zuten; eta lehen sektoreak, berriz, %3a.

Eskualde euskalduna. Tolosaldeko 15 herri UEMAren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) parte dira egun, eta hezkuntzan D eredua da nagusi; izan ere, biztanleriaren %93,2k D ereduan ikasi ohi du.

Tolosaldeko Lan Munduko Euskara Mahaia. Galtzaundi Euskara Taldeak eta Euskara Mahaia osatzen duten eragileek eskualdeko lan-mundua euskalduntzeko, abian jarritako dinamika da. Dagoeneko martxan da, eta eskualdeko hamabi enpresak euskara lanean uztartzen dute.

Informazio gehiago www.diariovasco.com webgunean.

 

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide