Zein da gakoa?

Lankide batek esan zidan nire herrira bueltatzeko, euskaraz hitz egin nahi banuen.

1997
Gasteizera iritsi nintzen. Unidad Alavesa izeneko alderdi bat zegoen, euskararen aurkako jarrera argia zuena. Lehengusu baten laguna Dato kaleko taberna baten jabea zen, eta mesedez eskatu zion, tabernan zegoenean, euskaraz ez hitz egiteko berari, ohiko bezero askok bertara joateari utziko baitzioten. Ikasleen pisu batean bizi nintzen, Bizkaiko eta Gipuzkoako jendearekin, eta euskaraz egiten genuen. Lankide batek esan zidan nire herrira bueltatzeko, euskaraz hitz egin nahi banuen.

Kalean gehien bat euskaraz egiten nuen. Ez zintudan ikusi oharrak hartzen kale kantoian, jendearen elkarrizketak entzuten ari zinen bitartean.

2001
Pozik nengoen lan finkoa lortu nuelako. Langileen pisu batean bizi nintzen, eta egun batean gasteiztarra zen pisukide euskaldunberri batek esan zidan: "Gaurtik aurrera euskaraz besterik ez dut egingo zurekin". Neskalagun trebiñuarrarekin ezin nuen euskaraz egin, elebakarra baitzen. Lantokian kide batek baino gehiagok PL3a atera zuen, baina praktikan ez zuten inoiz euskara erabiltzen.

Kalean nagusiki gaztelaniaz egiten nuen. Egun batean uste izan nuen bazter batean zeundela, erne, euskaraz nor eta gaztelaniaz nor ari zen apuntatzen.

2006
Alabak bi urte bete berri zituen. Norbaitek esan zidan Gasteizen ezinezkoa zela semeak edo alabak gurasoei euskaraz hitz egitea, azkenerako gaztelaniaz erantzungo zutela. Oker zegoen. Eskoletan euskarazko ereduak gaztelaniazko eredua gainditzeko zorian zegoen. Alabarekin euskaraz egingo nuela hartutako erabaki irmoaren aurrean, emazteak euskara ikastea erabaki zuen. Disney Channel blokeatu nuen telebistan, eta bigarren hizkuntza modura ingelesa jarri nion -lehena euskara zen-, saioetako asko ingelesez ager zitezen pantailan.

Kalean elkarrizketa elebidunak nituen gehien bat: alabarekin euskaraz eta emaztearekin gaztelaniaz. Alabarekin bakarrik nengoen batean, zure bila abiatu nintzen, ea gure solasaldia entzun eta "euskara +1" idazten zenuen zure koadernoan.

2011
Ikastetxean denbora asko igarotzen nuen, haurren beste gurasoekin. Alabaren lagun minaren zaindari kolonbiarrarekin egoten nintzen asko. Espainiaz kanpoko etorkinen seme-alaben kopurua ehuneko hogeikoa zen ikasgelan, eta Espainiako etorkinen seme-alaben kopurua ehuneko hirurogeikoa. Ezker abertzaleko guraso euskaldunak zituen haur bategatik, alabak esan zidan hari gaztelaniaz egiteko, ez baitzekien euskaraz hitz egiten. D ereduan ari zen ikasten. Telebistan 40 kanal nituen gaztelaniaz. ETB1 ikusteko ahaleginak egiten nituen, baina askotan ez nuen lortzen.

Kalean berdin jarraitzen nuen, alabarekin euskaraz eta emaztea elebidun pasibo gisa. Inoiz baino hizkuntza gehiago entzuten ziren Gasteizko kantoietan. Inoiz baino beharrezkoagoa ikusi nuen zurekin topo egitea, baina ez zintudan aurkitu.

2016
Alaba lagunekin gehiago zebilen, gaztelaniaz jakina, gurasoekin baino. Alabaren D ereduko lagunei euskaraz egiten nien: gehienak mutu geratzen ziren, gutxi batzuk erantzuten zidaten. Kalean, ordurako ez nuen burua jiratzen familia baten arteko elkarrizketak euskaraz entzuten nituenean. Lantokian, lankide gazte berriak elebidunak ziren, eta haiekin euskaraz egin nezakeen. Kexa bat jarri nuen Elebiden, anbulatorioan mahaigainean "Euskaraz" jarrita zuen harrerako langile batek gaztelaniaz egitera behartu ninduelako.

Pentsatu nuen oraingoan ez zela beharrezkoa izango zure bila abiatzea. Optimista izan nahi nuen. Nahikotxo euskara entzuten omen zen bazterretan.

2017-07-13
Ramon Saizarbitoria gogoratu dut: "Uste dut salbazioa Bilbon dagoela: Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago