Alabaren urtebetetzea Gamarrako igerilekuetan ospatzetik nator. Berak nahiago zuen Mendizorrotzan egin, cool-agoa delako, baina Gamarran egin behar genuela konbentzitu dugu, bere lagun batzuen gurasoek ezin dutelako ordaindu Udalaren kirol instalazioen urteko abonua (beraz, eguneko sarrera ordainduta sartu behar dute), eta beste batzuk kanpokoak direlako, Dulantzikoak eta Lautadako beste herri batzuetakoak.
Gasteizen bi kiroldegi publiko nagusitan daude udako igerilekuak: Gamarran eta Mendizorrotzan. Gamarra txiroen igerilekua da eta Mendizorrotza ustezko klase ertainaren igerilekua. Badaude, baita ere, klase gehiago daukaten kiroldegiak; hau da, klasistagoak direnak.
Gasteizen badago pobretzat har dezaten nahi ez duen jende multzo handia. Etorkinekin nahastu nahi ez duen multzo handia ere badago. Dei diezaiogun “klase ertaina” edo “jende normala”. Beharbada justu dabiltza eguneroko gastuei aurre egiteko, eta ezin dute BAKHeko edo Estadioko abonua ordaindu (are gutxiago La Peña Vitorianakoa), baina Mendizorrotzekoa ordaintzeko adina badute.
Ekipamendu publikoak izanda, bitxia da Mendizorrotza Gamarra baino askoz garestiagoa izatea. Eguneko sarrera, Mendizorrotzan, sei euro eta pikukoa da 18 urte arteko gazte batentzat; Gamarran, berriz, euro hogeikoa. Bost aldiz garestiagoa Mendizorrotzan. Etorkin askori eta txiroei ez zaie dirua iristen, eta Gamarrara joan behar dute. Gasteiz kanpotik -Debagoienetik, Lautadatik, Durangaldetik- datozenei ere merkeago zaie Gamarrara sartzea.
Aurrekoaz gain, tokiko hedabideek ere eragin garrantzitsua dute gasteiztarron pertzepzioan. Egunkariaren bigarren eta hirugarren orrialdean, argazki erraldoi batez lagunduta, emakume mairu bat igerilekura jantzita sartu dela ikusiko dugu; igerilekuan kaka egin duela norbaitek; liskarrak gertatu direla Espainiaz kanpoko etorkinen artean... Hori dena Gamarran besterik ez da gertatzen, egunkariari kasu egiten badiogu.
Horrela, bataren eta bestearen irudiak eraiki ditugu. Mendizorrotza gazteena, bertokoena, cool-a da; Gamarra pobreena, mairuena, Gasteiztik kanpokoena.
Mendizorrotzak Gamarrak baino bi aldiz erabiltzaile gehiago ditu. Logikoa irudi dezake lehenean prezio garestiagoa ezartzea eta bigarrenean merkeagoa, bien erabilera orekatzeko. Bada, ez. Garestiago izan arren, ustezko klase ertainak, gasteiztarron gehiengoa osatzen duenak, Mendizorrotzara joaten jarraituko du, jendilajearekin ez nahasteko. Inork ez dezala pentsa pobreak garenik. Horrela, prezioen erabilera tresna ezin hobea bihurtu da gizartearen estratifikaziorako.
Ezar dezatela prezio bera bietan, prezio merkea. Mairuak, kolonbiarrak eta txiroak sar daitezela Mendizorrotzera. Euskaraz hitz egiten duten debagoiendarrak sar daitezela. Gasteizek gaur egun duen aniztasunaren isla izan dadila. Orduan, “jende normalak” txiroekin igerilekua partekatu beste aukerarik ez du izango, eta Gasteiz kohesionatuagoa eta ghettorik gabekoa eratzeko urrats bat gehiago egingo dugu.