Euskara salbatzeko enegarren proposamena, aurtengoa, Arkaitz Zarragaren eskutik dator. Gogoan izan 2012an Amuriza izan zela salbatzailea; lehenago ere ikusi genituen proposamen bizarroagoak, Andoni Errazkinena edo Jesus Rubio doktorea an ekonomiak egindakoak kasu.
Denek ala denek alde beretik egiten dute huts, nire ustez: akatsa euskararena berarena dela nabarmentzen dute. Beste era batera esanda, euskara da aldatu beharrekoa, edo frankismoan ministro izan zen hark gordinago esan zuen bezala: "Ezin da fisika nuklearreko testurik idatzi euskaraz". Izan ere, euskara ez omen dago prestatuta bizitza modernorako. Eta behin lehen akatsa eginda, bigarrena dator: gaztelaniaren betaurrekoak ipinita konpondu nahi dituzte euskarak omen dituen gabeziak. Et et et, ez eskatu, mesedez, ingelesa hartzea oinarri gisa, maileguan lauzpabost termino hartzeko ez bada; are gutxiago "gainbeheran" datorren frantsesa, edo goraka datorren txinera.
Ba ez. Ez dut onartzen tesia. Euskara gehiago ez hedatzearen arazoa ez da euskararena berarena; euskarak ez du inolako arazorik edozein kontzeptu adierazteko, eta beharrezkoa denean, maileguan hartzen ditu inolako arazorik gabe beste hizkuntza batzuetako terminoak; euskara, gaur egun bezalakoa izanda, Asiako hego-ekialdean 1.000 milioi lagunek hitz egingo balute, euskara hobetu nahi duten goiko horiek ez lukete inolako gutxiegitasun-konplexurik izango; eta amaitzeko, eta hau bai garrantzitsua, Arabara etorrita, uste dut oro har gero eta euskara hobea eta euskara gehiago hitz egiten dela.
Argi gera bedi ez dudala uste inork zuri/beltz posizio batetik egiten dituenik euskara salbatzeko bere ekarpenak, eta tartean ñabardura asko daudela. Nik neuk ere, Librezale bezalako lantaldeetan parte hartzen dudan heinean, argi ikusten dut hizkuntza bat aberasteko ezinbestekoak direla maileguak, bai lexikoari dagokionez bai sintaxia aldatu behar bada ere. Softwarea, hardwarea, RAMa... arazorik gabe erabiltzen ditugu aplikazioak euskaratzean. Are gehiago, nik ere babestu izan dut Arkaitzen aipatzen duen "sukaldatu" hitza erabiltzea, uste baitut "kuzinatu" baino egokiagoa eta adierazkorragoa izan daitekeela. Maileguak etengabe gertatzen dira hizkuntzen artean. Ingelesez, esaterako, informatikaren alorrean "free" hitza erabili ordez, gero eta maizago gaztelaniako "libre "eta "gratis" bikotea erabiltzen dute anbiguotasunak saihesteko.
Baina ez dut ulertzen maileguak beharrezkoak ez direnean ere zergatik egin behar diren. Norbaitek behar al ditu "txizatu" eta "kakatu" hitzak? (Oharra: "kakaztu" beste gauza bat izan da beti nire etxean: kaletik etxera lokatzez lohituta iristen ginenean, kakaztuta geunden). Nik dakidanez, umeek praketan txiza egin izan dute orain arte. Edo kuleroetan. Itsusiagoa al da "praketan txiza egin du" esatea? Ahoskatzeko zailagoa? Zergatik? Arkaitzen ustez, honakoagatik: "Niretzat oso irudi grafikoa ematen du; «gainean txiz egin du»-k ez duen indarra dauka." Tira, nire alabak ere dio beretzat zailagoa dela lau letra dituen "zira" esatea, "txubaskeroa" esatea baino. Hara zer kasualitatea, gaztelaniazkoa da beti errazagoa edo indartsuagoa.
Ea ba, utzidazue orain niri ingelesaren betaurrekoak ipintzen. Nola esaten da Arkaitzek aipatu duen "gainean txiz egin du" hori ingelesez? Esteka honetan dituzue zenbait erantzun. "He peed himself. He wethimself. He peed his pants, He wet his pants." Ingeles zipitzik ere ez dakizuenok ere konturatuko zineten zerbaitetaz: ingelesez gutxienez hiru hitz behar dira gaztelaniako "se meó" esateko. Norbaitek uste al du ingelesak hutsune bat duela kontzeptu hori adierazteko, "se meó" hitzak duen indarra ez daukala, eta akats hori konpondu egin behar dutela?
"Eskerrik" hitzaren kontuan sartu ere ez naiz egingo, hain zentzugabea baita. Gutxienez "Eskerrak" proposatu izan balu Arkaitzek...
"Kontuan har dezagun egungo euskaldun gehienak gaztelania dutela hizkuntza nagusi", dio Arkaitzek. Euskal hiztun gehienok gaztelaniaren eragina dugula, ba bai. Hala ere, euskararen periferia euskaldunberria den Gasteiz honetatik ikusita, beti iruditu zait oso bitxia euskara helduaroan ikasi duten gasteiztarrek gutxitan izaten dutela zalantzarik, ederki bereizten dutela zer den euskara eta zer ez, euskaraz ari direla uste duten zenbait euskaldun zaharren aldean. Euskararen ikaste-prozesuan erdarakadak sartuko dituzte, baina erdarakada zein den ikasi ondoren, edo ez dute erabiliko eta behar den moduan esango dute, edo isilik geratuko dira, ez badakite kontzeptua nola adierazi. Esan dezadan argi: "Pardela aldatu diot, eske txizatuta egon da!" ez da, nire ustez, euskaldun berri batek askotan esango lukeen zerbait; bai, ordea, euskaraz ari direla uste duten euskaldun zahar askok, nagikeriagatik, zabarkeriagatik, beren informazio-iturburuak gaztelaniazkoak direlako, euskarazko libururik irakurtzeko inolako asmorik ez dutelako, aplikazio informatikoak gaztelaniaz erabiltzen dituztelako, eta kalean solasean ari direnean ahalegin intelektual txikiena ere egin nahi ez dutelako behar den moduan hitz egiteko; azken finean, gaztelaniatik zuzeneko itzulpena egiten ari direlako. Ulertzen dut gaztelaniaren pisua astunegia dela askorentzat, baina euskararen alde dagoen edozeinek egin beharreko ariketa minimoena da pixka bat ahalegintzea bere euskara-maila hobetzeko. Araba Euskaraz-era gutxiago joan eta Arabako Alea gehiago irakurri!
Beste atal batean, "Barne filologoak akatzen hasi beharko gara", dio Arkaitzek. Ados nago gure barnetxoan euskaldun gehienok filologo bat daramagula badio, beste euskal herritar askok Athletic-en edo Baskoniaren entrenatzaile bat daramaten bezala. Ulertzen ez dudana da, orduan, nola idatz dezakeen Arkaitzek bere barne filologoak oso-osorik diktatu dion iritzi-artikulu bat. Baieztapen iruzurtitxoa iruditzen zait bere aldetik. Bestalde: "Gure baitan ditugun apaiz filologoek ez digute hizkuntza naturaltasunez bizitzen uzten". Ni ateoa naiz, daitort, baina uste dut txizatzea ez dela naturala, gaztelaniaren kopia hutsa baizik.
Honenbestez konturatuko zinetenez, ez nago ados Arkaitzen testuaren mamiarekin, baina seguru nago abertzaleen artean defendatzaile bat baino gehiago izango duela. Euskararik gabeko euskal abertzaletasuna ez al zuen, ba, norbaitek defendatu Gara egunkarian duela gutxi! Euskara burujabea nahi dugu (gutako batzuek), eta horrek ahalegina eskatzen du, baina "euskal" "abertzale" asko ere horretarako prest ez badago, nork uste dut "eske txizatuta egon da"onartuta gauzak aldatuko direnik? Ezaguna da bide horrek nora daraman, dagoeneko bidea oso-osorik egin duten "abertzale” asko eta askok beren egunerokoan zer egiten duten une oro ikusten baitugu kalean. "Le he cambiado el pañal, que se ha meado. Por cierto, mañana voy a Bilbo a la mani." A Bilbo.