Arabaz eta euskalduntasunaz pentsatzen dugunean, askotan burua iparraldera joaten zaigu, Aramaiora batez ere eta, gutxiago bada ere, baita Gorbeiaren eta Elgea-Urkilla mendilerroen magalean dauden herrietara ere. Horretara ohitu baikara Euskal Herriaren euskalduntasunaren mapak begiratzen hamarkadak igaro ondoren.
Haatik, azken hogeita hamar urteetan asko aldatu da kontua, eskoletan D eredua orokortu ondoren. Euskara dakien populazio kopurua asko handitu da lurraldean, nahiz eta erabilerak oraindik ez duen horrenbeste gora egiten.
Gasteizek Araban duen erabateko nagusitasunak -populazioari dagokionez- euskararen erretratu mugitua eskaintzen du gaur egun, duela ez gutxi zegoenarekin alderatuta. Argazki berria erakusten duten grafiko batzuk prestatu ditut, lurraldeko udalerri bakoitzak Arabaren euskalduntasunean duen pisua adierazteko.
Artikuluan ez badituzu grafikoak ikusten, sakatu hemen.
Lehen grafikoaren goiko botoiak sakatuta, sei irudi desberdin ikus daitezke: udalerri bakoitzeko populazio osoa; euskaldunen ehunekoa; euskaldunen kopuru osoa (zenbat pertsona diren euskaldun udalerri bakoitzean); euskararen erabilera ehunekoetan; erabilera pertsonetan zenbatuta; eta erabilera indizea.
Bostgarren balioa (euskara erabiltzen duen jende kopuru absolutua) populazio osoa eta erabileren ehunekoa gurutzatuta kalkulatu dira: alegia, udalerri batek mila biztanle baditu eta erabilera ehuneko bostekoa bada, ondorioztatu dut mila horietatik berrogeita hamarrek erabiltzen dutela euskara egunero.
Seigarren grafikoan beste kalkulu bat ere egin dut. Euskaldunak zenbat diren eta euskara zenbat erabiltzen den ezagututa, biak alderatu eta erabilera indize bat kalkulatu dut. Horrela jakin daiteke non dagoen euskararekiko atxikimendu handiagoa edo txikiagoa.
Infogramaren gainetik kurtsorea pasatuz, udalerri bakoitzak dituen zenbakiak ikus daitezke.
Datuen jatorria, hemen.
Euskaldunen ehunekoari dagokionez, Aramaiok jarraitzen du izaten ehuneko handiena, % 90 inguru baita elebiduna. Distantzia nabarmenera iparraldeko beste udalerri batzuk daude, % 45-50aren inguruan: Legutio, Zalduondo, Araia, Zigoitia, etab. Kontrako muturrean Harana dago, % 20arekin, eta Errioxako udalerri asko, % 25aren inguruan. Gasteizen, berriz, % 35ean dago euskaraz dakitenen ehunekoa.
Hala ere, datuok kopuru absolutuetara eramaten baditugu, argazkia nahikotxo aldatzen da. Gasteizen dago, alde handiz, euskara dakitenen kopuru handiena: guztira 86.000 pertsona inguru dira euskaldunak. Ondoren Aiarako Laudio eta Amurrio ditugu, biak batuta euskaldun diren 12.000 pertsona bizi baitira bertan. Ehunekoan oso euskalduna den Aramaion, berriz, 1.300 euskaldun daude, Araian, Dulantzin, Iruña Okan edo Agurainen daudenen parean. Euskaldun kopuru txikieneko udalerriak Arabako Errioxako eta Arabako mendebaldeko udalerriak dira gehienak. Horietan 50-100 lagun euskaldunen multzoak daude.
Erabileraren ehunekoak aztertzen badira, alde handiz gailentzen da Aramaio. Aramaiarren hizketaldien % 60 inguru euskaraz dira. Badaude % 10aren inguruan dauden bi udalerri, Zalduondo eta Legutio, baina udalerrien multzo handiena % 6 eta % 3 artean dago kokatuta, Gasteiz barne. Hegoaldeko eta hego-mendebaldeko udalerrietan, aldiz, erabilera % 2tik behera dago.
Udalerri bakoitzeko populazio osoa hartuta, eta euskararen erabileraren ehunekoekin gurutzatuta, nahiz eta beharbada kalkulu oso ortodoxoa ez izan, toki bakoitzean euskara efektiboki zenbat jendek erabiltzen duen jakin daiteke. Kalkulu horren bidez erabilera balio absolutuetara eramanda, berriro Gasteiz dugu nagusi. Araba osoan euskara erabiltzen duten 13.000 pertsona inguru badaude, Gasteizen horietatik 8.800 bizi dira, hau da, % 67. Bigarren lekuan dago Aramaio, bertan 870 inguruk baitarabilte euskara. Laudion 750 dira, eta Amurrion 476. Gainerako udalerrietan kopuruak askoz txikiagoak dira.
Seigarren adierazleari dagokionez (erabilera indizea) Aramaio da, alde handiz, indize onena duena. Biztanleen % 88 elebiduna bada, eta erabilera % 58koa, horrek esan nahi du erabilera indizea % 0,66koa dela; kontuan izanda herritarrek euskara edo gaztelania -bietako bat, nahi dutena- aukera dezaketela hitz egiteko, euskararekiko atxikimendu aski handia dagoela ondoriozta daiteke. Horretan laguntzen du, baita ere, etxean edo kalean ibiltzean euskara ez dakien jende gutxi aurkituko dutela aramaioar gehienek.
Bigarren tokian Zalduondo dago. Erabilera indizea % 0,23koa da, alegia, euskaraz dakitenen % 23k euskaraz egiten dutela. Baina Zalduondon biztanleen erdia baino gehiago elebakarra da; beraz, Aramaion baino zailagoa ere bada osoki euskaldunak izango diren hiztun taldeak -familiak, kuadrillak, elkarteak- osatzea eta hortaz, zailagoa euskarazo hiztekaldiak izatea. Legutio ere, % 0,18ko erabilerarekin, antzeko egoeran dago.
Arabako udalerri gehienak, Gasteiz barne, % 0,10 inguruko balioan daude. Alegia, euskaraz dakiten hamar pertsonatik, batek erabiltzen duela euskara egunero.
Bigarren grafikan euskaldunen ehunekoak eta erabilera indizea ageri dira parez-pare. Argi ikusten denez, euskaraz dakitenen ehunekoa handiagoa denean, erabilera ere handiagoa da, eta puntuen kokapenetik ondoriozta daitekeenez, bien arteko erlazioa ez da lineala, esponentziala baizik: euskaldun dentsitatea bikoizten denean, erabilera laukoiztu egiten da.
Badaude azken arau horretatik apur bat kanpo geratzen direnak. Zalduondo izan daiteke kasu nabarmenena: euskaldunen antzeko ehunekoa (% 45-50) duten beste udalerri batzuekin alderatuta -Zigoitia, Zuia, Dulantzi, Aiara- erabilera haietan ematen denaren bikoitza da.