Bi zauritu entzierro arriskutsuan

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2014ko uzt. 9a, 02:00

Asier Sarasua

 

Uztailaren 9ko entzierroa San Ferminetan orain arte egon den arriskutsuenetakoa izan da. Hiru zauritu izan dira ibilbideak iraun duen 3 minutu eta 22 segundotan. Gaurkoa aurtengo hiru entzierroetatik motelena izan da.

 

Zorua oso heze zegoen, goizean goiz egin duen euriaren eraginez, eta erorikoak etengabeak izan dira. Hasiera-hasieratik oso sakabanatuta egin dugu bidea. Batzuk oso azkar atera gara, eta atzean utzi ditugu gainerakoak. Ni lagun pare batekin nihoan multzoan. Hala ere, lehen metroetatik jendez inguratuta egin dugu korrika, beti bezala.

 

Atzean geratu diren lagunak ikaratuta zebiltzan eta, beldurragatik edo, astiroago egin dute lasterka. Jendea estropezu egin eta erortzen hasi da. Gainetik salto egiten saiatu gara, baina pare bat aldiz ezin izan dugu saihestu norbait zapaltzea.

 

Estafetako bihurgunea ongi egiten asmatu dugu, baina atzetik zetorren lagun batek irrist egin eta kolpe handia hartu du zoruaren eta hesiaren aurka. Zauri arinak izan ditu.

 

Estafetan gora nire alboan zetorren beste lagun bati orkatilek huts egin diote eta ahuspez erori da lurrera. Aurpegian zauritu da, baina zaintzaileek ez diote arretarik eskaini; are gehiago, makilakadak jo dizkiote zutitu eta korrika jarrai zezan.

 

Azkenerako zezen plazara sartu gara.

 

Lasterketa osoan zehar pertsonekin talka ez egiten saiatu gara, baina ezin izan dugu adarkadaren bat saihestu. Badirudi gizakien artean ere zaurituren bat egon dela. Arratsaldean denok hilko gaituzte.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide