Larrabetzu

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2014ko mai. 16a, 11:19

Asier Sarasua

 

Eskolatik irten dira arratsaldean neska-mutilak, eta Judimendiko parkeko Zabaltegi tabernan elkartu gara guraso batzuk zerbait hartzera. Neskato baten amak galdetu du ea badaukagun adoptatua den neska horren istorioak kontatzen dituen liburu sortaren lehena. Bai, Gasteizkoa den idazle horrek idazten dituena. Ordenan irakurri behar direla esan omen diote.

 

Eta guk:

-"Ah sí, creo que te refieres a Nur, de Toti Martinez de Lezea. No te preocupes, no hay que leerlos en orden. Sí, cuentan la historia de Nur, que es adoptada por una familia de Larrabetzu".

Neskatoaren aitari irribarre txiki batek egin dio ihes.

- "Larrabetxu, vaya nombre. ¿Pero existe un pueblo con ese nombre?"

Hurrengo egunean, taberna berean, lagun batzuekin daukagu hitzordua. Kasualitatez euskarazko aldizkari bat erosi dut egun horretan, eta mahai gainean dago. Lagunetako batek eskuetan hartu, eta orriak pasatzen eta begiratzen hasi da. Bapatean orri batean geratu eta luzaroago begiratu dio.

Argazki bat hatzarekin markatu eta galdetu du:

- "¿Y estas qué hacen? ¿Van disfrazadas de pastorcillas?"

Hasi naiz azaltzen ezetz, antzerki bat dela, Zuberoan, beno Iparraldean, badakizu, Frantzian dagoen Euskal Herri horretan, egiten duten gauza bat dela, pastorala deitzen... Bat batean nekatuta sentitu naiz, gauzak esplikatzen ibili behar izateaz, gauza horiek piperrik ere inporta ez zaion jendeari.

 

Asteburuan, familiarekin, bazkalosteko kafea hartzen kafetegian. Anaiak min dauka saihetsetan, autoarekin hartutako kolpe baten ondorioz. Muskuluen haustura txiki bat edo horrelako zerbait.

- "Badakizu, Kristiano Ronaldok bezala"

Eta nik ezetz, ez dakidala. Ez dudala futbola jarraitzen. Zer gertatzen zaio ba, Kristiano Ronaldori?

- "Beno, nola ez dakizula Kristiano Ronaldoren lesioarena? Hori kultura jenerala da ta!"

Ergela banintz bezala begiratu dit.

 

Beste egun batean, Gasteizko beste eskola publiko bateko guraso batekin hizketan, bere semeari geografia eta historian erakusten dieten edukiez kexu. Ea zergatik erakusten dioten Aturritik Ebrorainoko geografia, eta zergatik hainbeste garrantzi ematen zaion Amerikako konkistaren garaiko euskal arrantzaleen historiari.

 

Itxaropentsu itzuli naiz etxera, iritsi eta berehala alabak eskolan erabiltzen duen atlas liburua ireki dut. Espainiaren mapa bat ikusi dut, gero beste bat, beste bat…  Espainiaren hogei edo hogeita hamar mapa daude liburuan. EAEren maparen bat edo beste ere badago. Ez dakit alabak Larrabetzu non dagoen ikasiko duen; Cuenca non dagoen, seguru baietz.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide