10 arrazoi funtzionarioek euskara ikasteko dauzkaten eskubideak kentzearen alde

Asier Sarasua

 

EITBko langile batzuk hamarkadak daramatzate lanean, eta orain, 2014. urtean, Eusko Legebiltzarrak mozio bat onartu du langile horien lanpostuak behin-betiko betetzen direnean, berehala euskara ez exijitzeko; horren ordez, erraztasunak emango zaizkie datozen urteetan euskara ikasteko.

 

Nik berriz, hamabost urte daramatzat lanean administrazio publiko batean, eta pe-ele-hirua atera duenak enegarren euskaratzea eskatu dit gaur ere, dokumentu publikoen elebitasun kuota betetzeko. Euskalduntze sistemak ez du funtzionatu, eta ez du egingo. Gasteizen, 2014an, administrazio publikoetako langileek euskara ikasteko dituzten abantailak ezabatu behar direla uste dut. Hona hemen nire arrazoiak:

 

·    Hogeita hamar urte igaro dira euskara ofiziala denetik. 1980ko hamarkadan biztanleen gehiengo handi batek ez zekien euskara eta ikasteko aukera ere ez zuen eduki. Baina orduan zentzua izan zezakeen politikak 2014an ez dauka zentzurik. 30 urte nahiko dira hizkuntza bat ikasteko (ikasi nahi duenarentzat), eta erakunde publikoetan *hamarkadak* daramatzaten langileek *hamarkadak* eduki dituzte euskara ikasteko, horretarako borondatea izan balute. Ordua da euskararen alorreko langileen prestakuntza beste edozein alorreko prestakuntzarekin (beste hizkuntza batzuk, teknologia berriak, etab.) pareka dadin administrazio publikoan. Ez gutxiago, baina ezta gehiago ere.

 

·    1982ko azaroaren 24an onartu zen Euskararen Legea, duela 32 urte. Beraz, 1982an euskal herritar guztiek bazekiten ordutik aurrera euskara ofiziala zela. Hala ere, batzuk entzungor egitea erabaki zuten. Haurrak eskolara hiruzpalau urterekin hasten dira. 1977-1978 ingurutik aurrera jaiotako haurren gurasoek bazekiten euskara ofiziala zela. Beraz, orain 35-36 urtetik behera duen inori ez litzaioke eskaini beharko euskara ikasteko erraztasunik.

 

·    Ez du inolako zentzurik lanpostu berrietarako deialdietan hautagaiek ez edukitzea beteta lanpostu profilaren eskakizunak. Kazetari lanpostuetara aurkezteko, kazetaria izan behar da. Idazkari izateko, idazkaritza jakin behar da. Eta betebehar horiek lanpostura aurkeztu baino lehen eduki behar dira, ez ondoren. Ala EITBko kazetariak kazetari izan gabe kontratatzen al dira, eta ondoren 5 urte liberatzen dira karrera egin dezaten?

 

·    Nire lagun Nancy kexu zen, bere semea eta alaba Kolonbiatik iritsi zirenean ez zeukatelako euskara ikasteko beharrik, eta orain exijitu egiten zaielako. Euskara jakitea ez: “Euskara” ikasgaia gainditzea eskolan. 2008. urtera arte gaztetxo zetozen etorkinei ez zitzaien eskatzen “Euskara” ikasgaia aprobatzea eskolako mailak gainditzeko. Gaztelania jakitea bai, derrigorrezkoa da etorkin guztientzat, berdin dio Marokotik edo Txinatik datozen. Arazoa ez da konpontzen langile publikoei euskara klaseak ematearekin, arazoa beste bat da: zergatik gaztelania inposatzen den eta euskara ez.

 

·    Lehendik euskara dakigunok, bai etxean ikasi dugulako bai euskara maitatu eta horregatik ikasi dutelako bere kabuz, ez daukagu eskubide hori. Gure lanpostuetan beste ezagutza batzuk exijitzen dizkigute, agian ingelesa, agian beste zerbait, baina administrazioak ez digu ematen euskararekin ematen diren bezainbeste abantaila ezagutza berri horiek eskuratzeko.

 

·     Oraindik euskara ikasi ez dutenak, ikasi nahi izan ez dutenak dira, bai ez dutelako beharrezkoa ikusi, bai ideologikoki euskararen aurkako jarrera dutelako. Berdin dio erraztasun gehiago ematen zaien beste hogei urte gehiagoz: ez dute ikasiko.

 

·     Euskara ikasteko sisteman sartzen diren batzuk, ez dira sartzen euskara ikasteko, lanetik libratzeko baizik. Ez da arraroa honelakoak entzutea: “Yo voy a euskera porque así no tengo que ir a trabajar”

 

·   Izan dituzten abantaila eta erraztasun guztiei esker (hainbat urte liberatuta euskara ikasteko, soldata kobratuta eta lanpostua hutsik utzita) bide horretatik euskara ikasi zuten askok, ez dute euskara erabiltzen administrazio publikoko lanean. Are gehiago: dagoeneko ez dira euskal hiztunak, euskara galduta baitaukate praktika ezaren ondorioz. Orain bakarrik faltako litzateke norbait langile horientzat bigarren euskalduntze erronda bat eskatzen hastea, adarjotzea totala izateko.

 

·     Administrazio publikoetako hizkuntz eskakizunen sistema burugabea da, eta ez dago borondaterik hura benetan eraginkorra izan dadin lortzeko. Askotan helburua euskaldun kopuruaren kuota betetzea da. Berdin dio euskalduna hain justu herritarrekin kontaktu gutxien duena izatea. Are hobeto, erabakia hartu behar duenarentzat, kasualitatez gertatzen bada lehendik ere euskalduna den norbait badago bulegoan: jendaurrean erantzun behar duten langileak elebakarrak izan daitezke, bulegoko beste hori euskalduna denez, bete dugu kuota.

 

·    Euskal Herriko espektro soziologiko anitzean, oraindik euskara ez dakitenak espektro horren toki jakin batean kokatuta daudenak dira. Neurri handi batean, bi multzo dira: XXI. mendeko etorkinak eta euskararen aurkako jarrera dutenak. Seme-alabak A eredura bidali dituztenak, etab. Beste muturrean, euskara maitatu dutenek, 1980 eta 1990eko hamarkadetan euskara benetan ikasi zuten eta orain erabili egiten dute. Ez da bidezkoa oraindik ere euskara gorrotatzen dutenei laguntzak ematen jarraitzea euskara ikasteko.

 

Administrazio publikoek kontratazio prozesu bati ekiten diotenean, hautagaiek elebidunak izan behar dute hasieratik. Horretarako, euskara titulu bat eskatzeak ez du arazoa konponduko: hautatze prozesuak elebiduna izan behar du. Administrazioko langileok euskaraz zein gaztelaniaz erantzuteko prest egon behar dugu. Gasteizko gazteen erdia baino gehiago elebiduna da eta ez da onargarria hamar urte barru ere euskaraz ez dakien udal langileren bat izan dezaten leihatila batera hurbiltzen direnean.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago