Ezustean harrapatu gintuen iragan astean Aranzadi elkarteko talde batek jendarteratu zuen iazko aurkikuntzak. Euforia eta harriduraren artean, denetariko erreakzioak eta kontra-erreakzioak egon dira euskaraz arduratzen garen guztiongan. Hurbileko bati esan nion hau izan litekeela "mende honetako deskubrimendurik handiena gure arloan", baina berehala zuzendu nuen neure burua esanez hau dela "inoiz egon den deskubrimendurik handiena euskal hizkuntzalariontzat".
Oraingoan arkeologoen taldeak prozesua behar bezala dokumentatu du, eta ez die faltsifikazioaren gaineko zalantzei zirrikitu bat ere utzi
Jakin badakigu antzeko iragarpen bat egon zela orain dela urte batzuk gure lurraldean bertan, baina oraingoan arkeologoen taldeak prozesua behar bezala dokumentatu du, eta ez die faltsifikazioaren gaineko zalantzei zirrikitu bat ere utzi. Epigrafisten eta filologoen lana ere zuhurra izan da, eta bere denbora behar izan du. Zeinuen analisia egin dutenek, Javier Velazak eta Joaquin Gorrotxategik, hamarkadak eman dituzte iberiar penintsularen inguruko Antzinateko idazkunak aztertzen.
Hasteko, esan dezadan Irulegikoa ez dela baskoien lurraldean topatu dugun lehenengo lekukotasuna. Halere, euskalariontzat honek daukan berebiziko garrantzia da eskuaren gainean izkiriatu zutena testu oso bat dela, bere sintaxi eta morfologiarekin, izen arruntak, flexio atzizki-aurrizkiak eta aditz jokaturen bat egongo direlakoan.
Eskuaren nondik norakoak
Baina, zer da zehazki aurkitu dutena? Eta zer diosku erromatarren aurreko egoera linguistikoaz Euskal Herrian? Lau lerro eta berrogei zeinu brontzezko xafla batean, idazkera paleohispaniko batean idatzita. Irulegiko baskoiek erabili zuten zeinutegia penintsularen ipar-ekialdeko idazkietan aurkitutakoa da (gehienbat Katalunian), iberiarren hizkuntzan idatzitako testuetan. Ez da harritzekoa izan behar alfabeto hori erabili izana, penintsula ia osoan zehar antzeko sistemak indarrean egon zirelako erromatarrek hizki latindarrak ezarri aurretik. Alfabeto horien guztien oinarrian feniziarrek ekarritako idazkera eta greziarren ekarpena daude, nahiz eta zeinu ugari hizkuntza iberiarrak idazteko berariaz sortu zituzten. Iberieraz gain, zeltiberiarrek ere zeinu horiek moldatu zituzten euren hizkuntzarako.
Azaleko azterketa linguistiko batek, behin-behinekoak, adituei ahalbidetu die esatea testua ez dela iberiera, ezta zeltiberiera ere
Garai hartako Euskal Herriaren inguruan orain arte topatutako idazkunek edo iberiar ereduari edo zeltiberiarrari jarraitu diote, eta eragin bi horien arteko muga Tutera ondoan ei zegoen. Irulegiko Eskuak, ordea, epigrafiaren (idazkunen ikerketaren) aldetik berezitasun nabarmenak dauzka. Batetik, erabili zuten euskarria kasu bakarra da Antzinateko artefaktuen artean; bada itxura berbereko berunezko esku bat Oska probintziako Alcubierren lurretik ateratakoa, baina horrek ez dauka idazkerarik. Bestetik, Eskuko zeinuak marra zein puntuen bitartez grabatu ziren: tradizio zeltiberiarrarena da puntuen bidezko eta brontze gaineko idazketa, baina marrak lehenago markatu ziren. Azkenik, T tankerako zeinu bat dauka hirugarren lerroak, eta hau ez da beste inon topatu baskoien lurraldeetatik harago.
Azaleko azterketa linguistiko batek, behin-behinekoak, adituei ahalbidetu die esatea testua ez dela iberiera, ezta zeltiberiera ere, penintsularen eremu zabal honetan ofizialki lekukotu ditugun erromatarren aurreko hizkuntza bakarrak Eskua agertu arte. Eskuaren gainean izkiriaturiko hizkien segidak (esanahian sartu gabe) ez datoz bat iberierari dagozkion idazkunetan ezagutzen direnekin, eta hitzei erreparatuz lasai asko esan daiteke hori ez dela hizkuntza indoeuropar bat (zeltiberiera bezala).
Testu idatzi hau Iruñea ondoan agertu izanak ere badauka zer esana, baskoien lurraldearen erdigunean kokatzen duelako
Esanguratsua da oso, beraz, hirugarren hizkuntza batez ari garela ziurtatzea. Behin eta berriro aipatua izan da sorioneku lehenengo lerroaren irakurketa, baina antzekotasun fonetikoaz aparte ezin dugu gaur egungo "zorioneku"-ren baliokidetzat eman. Sorion, aldiz, egiantzekoa da, iberieraz ez baita holakorik agertu, eta bere bi osagaien berri bageneukalako Akitaniako onomastikan: Sori, Soris eta Sorinus pertsona izenak (Gorrotxategik berak zori "txori", "zorte" hitzarekin lotzen ditu), eta bon osagai moduan hainbat izenetan (Bonbelex, Boncoxsi, Bonnexis, Bonnoris, Bonnoxus, Bonsilex, Bontar, Bonten, Bonxoni, Bonxorius, Bonxus, Cissonbonnis). Gainera, Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako hilarrietan Onso eta Onse pertsona izenak zeuden. Azken lexema honi beherago helduko diot.
Testu idatzi hau Iruñea ondoan agertu izanak ere badauka zer esana, baskoien lurraldearen erdigunean kokatzen duelako, eta, hortaz, espero dugu baskoien hizkuntza islatzea. Irulegi mendiko herri gotortuaren irudiak erromatarren aurreko tribuen antolamendura garamatza, muinoen gainean bizi zireneko garaira, gizatalde desberdinen arteko liskarrak arruntak ziren eta. Egoera paralelo bat ikusi ahal dugu Bizkaiko Arrola oppidumean, Busturialdean, non Pax Romanapean ibarraren behealdeko Forua hiribildua fundatu zuten erromatarrek.
Guztia aintzat hartuz, Eskuaren aurkikuntzak erakusten digu Iruñerriaren inguruko kultura baskoi hau zeltiberiarren eragin esparruan egon arren (Mediterraneo eta beheko Ebro ibarretik urrun), hizkuntza ez-indoeuropar bat hitz egin eta idazten zutela. Baskoien hizkuntza, aldeak alde, iberieratik fonetikoki hurbila izanik, iberiarren zeinutegia baliatu zuten idazteko (egokitzapen txiki batzuekin). Baskoien lurraldea bidegurutze honetan egon da Antzinatetik, eta alde bietatik elikatu da kultura materialaren arloan, bere izaera propioa baztertu gabe.
Baskoien hizkuntza
Eskuaren aurkikuntzak erakusten digu hizkuntza ez-indoeuropar bat hitz egin eta idazten zutela
Bada, Irulegiko Eskua agertu aurretik baskoien hizkuntzaz luze-zabalean dibulgatu dena baino askoz gehiago bagenekien. Asteleheneko aurkezpenean Javier Velazak ohartarazi zuenez, Arangurenen bertan orain dela urte pilo bat brontzezko xafla bat argitara atera zen zatika dagoen testu batekin, zeinutegi berberean eta puntuen bidez idatzita. Idazki hori ondo irakurtzen ez bada ere, <boŕkaŕ>, <beltine> (*bel- euskal erro ezaguna, eta Irun eta Oiartzun ondoko hilarri erromatar bateko Beltesonis pertsona izena gogora ekartzen duena) eta <nesketi> bezalako zeinu segidak omen daude (Beltran eta Velazaren esanetan).
Lizarratik gertuko Andelos hiri baskoi-erromatarrean etxe baten zoruan dagoen mosaiko batean idazki oso bat daukagu, Teruelgo Caminrealen topatutakoa bezalatsukoa. Jürgen Untermann iberistak mosaiko biak aztertu zituen. Bata zein bestea testu bitxiak dira, lurralde ez-iberiarretan daudelako (baskoienean eta zeltiberiarrenean, hurrenez hurren), baina hizkuntza ez-indoeuroparretan idatzi ziren, zeinutegi zeltiberiarra baliatuz.
Bien hasieran Likine pertsona izena dago (Licinius baten forma iberiartzat jotzen da, mosaikoaren artisaua izango zena), eta akabuan leku izen berezi bat (Bilbilis zeltiberiarra eta Osikerda iberiarra), baina paralelotasunak dauden moduan, desberdintasun handiak ere badaude esaldi idatzietan. Caminrealgoa iberierazko beste testu batzuk bezalakoa da, agertzen diren elementuak kontuan hartuta, eta Andelosekoa, ordea, "gramatika" iberiarretik aldentzen da.
Esaldien egitura ikusita, esan da hasieran subjektua dagoela (Likine, Likinete), erdian aditz jokatua (ekien, ekiar) eta amaieran jatorria adierazten duen osagarria (Bilbiliaŕs, Usekeŕteku). Andelosekoan, gainera, beste osagarri bat dago subjektuaren ostean (Abuloŕaune) Abulu pertsona izen ezagunarekin. Interpretazio hori onartuz gero, azkar ohartu gaitezke -te, -ŕaune, -aŕs eta -ku atzizkien funtzioa azaldu beharrean gaudela. Proposatu egin da -te egilearen marka dela (ergatibo edo ablatibo bat) iberierazko testuan, eta Andeloseko -ŕaune atzizki konplexu bat, "-rentzat", "-rekin" edo "-ren laguntzarekin" esanahiarekin. Azken bi atzizkiei buruz ez dago zalantza handirik: -ku jatorriaren marka gisa agertzen ei da hainbat iberierazko idazkitan (Usekeŕteku "Osikerdakoa") eta -aŕ badirudi gure –(t)ar (Azpeitiar, Bilbotar) dela, eta Akitaniako -thar, apika.
Javier Velaza eta Eduardo Orduña epigrafistek baskoieratzat hartu dute Andeloseko testua, eta orain aurkikuntza berriaren argitan berraztertu behar da aurretiaz ezagututako testigantza hau
Javier Velaza eta Eduardo Orduña epigrafistek baskoieratzat hartu dute Andeloseko testua, eta orain aurkikuntza berriaren argitan berraztertu behar da aurretiaz ezagututako testigantza hau. Baskoien hizkuntza baldin bada, <ekien> egin aditzaren lehenaldiko forma baten aurreneko testigantza edukiko genuke, eta orobat azaldu beharko genituzke zergatik ez dagoen ergatibo edo egile markarik eta -ŕaune eta -aŕs atzizki elkartuen betekizuna.
Mosaikoa ez ezik, baskoien tribuei egotzi zaizkie gutxienez hiru txanpon multzo. Aspalditik euskaldunontzako exonimo bat ikusi nahi izan da txanpon ugariren ba(ŕ)śkunes idazkunean, eta Irulegiko Eskuan jaso dugun T tankerako zeinua <uTanbaate> eta <oTtikes> idazkunak daramatzaten txanponetan dago. Orduñaren hipotesiari jarraituz, <T> horrek hots sabaikari edo afrikatu bat ordezkatuko luke, Galiako T-ren antzekoa, eta, hori dela eta, lehenengo txanpona Utzama ate (Ultzamako mendatea) irakurtzen du, eta bigarrena Otstikez (> Ostitz).
Aipagarria da Velazak Iruñeko Gaztelu Plazan atera ziren zeramika puska batzuetako zenbait zeinu solteren berri ematen digula, horietan hitzik hauteman ezin bada ere. Indusketa lanak sakonagoak izan balira, beharbada aurkikuntza gehiago topatuko zituzten.
Eta hori guztiori erromatarrek mendebaldeko Europa konkistatu aurrekoa da, zeren Erromako Inperioaren garaikoak baititugu hainbat eta hainbat idazkun. Zaharrenetariko bat da Ascoliko Brontzea deitutakoa, non Italian borrokatu zuen Iberiako zalditeria konpainia baten (Turma Salluitana) kideen izenak grabatu ziren K.a. 89. urtean. Zaldunen izenak tribuaren arabera daude zerrendatuta, eta Segiensis (Segiakoak) eta Ennegensis (Enekotarrak?) tituluen azpian euskal itxura dutenak agertzen zaizkigu: Urgidar, Gurtarno Biurno, Elandus Enneges, Agirnes Bennabels, Arranes Arbiscar, Beles Umarbeles...
Harri akitaniarrak
Gauza jakina da Akitanian topatu zela euskaratik ulertu ahal ditugun izen berezien multzorik handiena. Hala eta guztiz ere, komatxoen artean esan beharko genuke, ez baitakigu izen horien esanahia, eta ez dago modurik jakiteko, latinez idatzitako testuetan txertatuta daudelako. Akitania hego-ekialdeko idazkunen emankortasunaren atzetik oso ideia sinple bat dago: zenbat eta ekialderago, orduan eta erromatartuago. Erromatarren usadioak bereganatu zituzten Akitaniako biztanleek, hala nola, harrizko hilarri eta aldareetan idazteko ohitura.
Akitanian topatu zela euskaratik ulertu ahal ditugun izen berezien multzorik handiena
Akitaniera deitzen diogu idazkun horietatik inferitu ahal dugun "hondar hizkuntzari", ez baitaukagu izen arruntik, ezta morfologia-sintaxirik ere. Akitanieraren morfema batzuk lortu ditzakegu izen bereziak tentuz aztertuz, gehienak hitz elkartuetatik eratortzen direlako. Horietako bat da aipatu dudan bon osagaia, bere esanahiaz tutik ere ez dakigun arren. Arazo nagusia, beraz, izango litzateke zehaztea nola joan gaitezkeen bon horretatik Irulegiko Eskuko on-era.
Izan ere, fonetika arloko kontu asko dakizkigu akitanieraz, eta aitzin-euskararako aurreikusten ditugun ezaugarriekin bat datoz (Mitxelena dagoeneko ohartu zen honetaz). Akitaniako idazkunen ezaugarririk nabarmenena h-ren agerpena da, behinolako euskara osoaren hasperen hotsa, eta hots hori Hontharris pertsona izenean dago, non hon morfema eta -thar atzizkia banatu ditzakegun. Egungo ekialdeko euskaran oraindik /hon/ ahoskatzen da on adjektiboa, baina lanak edukiko genituzke hon eta bon lotzeko, nahiz eta biak akitanieraz lekukotu.
Horiek horrela, bi azalpen izan litzake on osagaiak Irulegiko Eskuko sorion-ean: bata, <on> benetan hon aitzin-euskararena dela, baina zeinutegian ezin da hasperena irudikatu; eta bestea, akitanierazko bon dela, hitz hasierako b- galtzeko joera baitzeukan aitzin-euskarak (lat. forma > borma > (h)orma). Munduko hizkuntza guztietan kasualitateak gertatzen direnez, beharbada euskal ondareko hon lexema bat latinetik mailegatuko zen bon (< bonus) batekin nahastu zitekeen, forman zein esanahian. Akitaniako idazkunetan bigarren osagai gisa ere badaukagu: Andoxponni (*andots bon "jaun ona"), Seniponnis (*seni bon "seme ona"). Eta Hontharrisen paraleloa den Bontar ere lekukotuta dago.
Pirinioetatik hegoaldera itxura akitaniarra duten izen berezi batzuk aurkitu dira. Akitaniakoak bezain ugariak ez badira ere, hango hizkuntzaren ahaide bat erabiltzen zelako froga ziurra dira: Nafarroan Ummesahar, Larrahe eta Selatse, Gipuzkoan Beltesonis eta Araban Helasse (Gasteizko Bibat Museo Arkeologikoan ikusgai), besteak beste. Berriro ere, h-ren presentzia irizpide minimo gisa erabili da baskoiera-akitanieraren eta hizkuntza paleohispanikoen artean zedarritzeko, hots hori ez baitzegoen iberieraz edo zeltiberieraz. Horrez gain, Soriako Tierras Altas-eko Onso eta Onse pertsona izenek hasperenik gabeko on osagaia dute, baina -thar atzizki hasperendunaren lekukotasuna ere badago han.
Irulegiko sorion eta Soriako Onso, Onse izenek osagai berbera dutelakoan nago, baina zehazteke dago Akitaniako bon ala hon-etik datorren, hasierako hotsa galduta. Kontuan hartzekoak dira, halaber, Akitaniako Ombecco eta Ombexso, izen horietan dagoen hitz elkartua euskararen ume-ren (< umme < ombe) aurrekaria izan arren. Menturaz, h-, b- eta Ø- formak aldaera dialektalak ziren.
Gure hipotesia da akitaniera zein baskoiera hizkuntz sistema baten dialekto multzo bi zirela, baina hain gutxi lekukotuta daude, ezen ezin den jakin
Euskal hizkuntzalaritza eta filologia
Puntu honetan zehaztapen bat egin beharrean nago. Gai honetaz ari garela, komeni zaigu bereiztea hizkuntza lekukotua eta hizkuntza berreraikia, diziplina desberdinen ikergaia direlako: bata filologiarena (testuen ikerketa), eta bestea hizkuntzalaritzarena, zientzia horrek eskaintzen dizkigun lanabesak baliatuz eraikitzen dugun sistema abstraktu bat. Testigantza historikoek berreraiketetan laguntzen digute, baina hizkuntza berreraikiek, funtsean, idazkirik gabeko garaietako hutsuneak betetzeko asmoa dute, horrela hizkuntzaren garapenaren pausoak ezagutu ditzagun. Baliagarriak izanda ere, hizkuntza berreraikiak abstrakzio hutsak baino ez dira.
Guri dagokigunez (Blanca Urgellen eskolak ditut gogoan), oso aspalditik akitaniera erabili dugu Akitanian jaso dugun hizkuntza horren zatiak izendatzeko, eta baskoiera (Gorrotxategik "baskoniko" esan zuen arren) baskoien lurraldean topatutakoa, Antzinatean bi herri bereizi baitziren, eta izen horiek zehaztasun geografiko bat ematen baitigute. Gure hipotesia da akitaniera zein baskoiera hizkuntz sistema baten dialekto multzo bi zirela, baina hain gutxi lekukotuta daude, ezen ezin den jakin. Hobe da zehatz hitz egitea, aurreiritzi ez-zientifikoetan jausi ez gaitezen.
Bestalde, aitzin-euskara diogunean, kronologiaren araberako hiru hizkuntza (oso) desberdinez ari gara. Gugandik denboran hurbilena, Euskara Batu Zaharra (Mitxelenaren "vasco común antiguo") da gaurko euskalki guztien sorrera izango zen hizkuntza berreraikia, VI.-VIII. mendeetan datatua. Euskara historikoan galduz joan ziren ezaugarriak gordeko zituen, gramatika atal guztietan, eta gaur egun horien berreraiketaren lanean dihardugu. Berreraiketa horren ostean etorriko lirateke gaizki lekukotutako Erdi Aroko euskara, euskara arkaikoa (XVI. mendea baino lehenago) eta euskara zaharra (XVII. mendetik Larramendira arte) askoz ezagunagoa.
Aipatutako guztiak baino lehenago, Aitzin-euskara Modernoa daukagu (Mitxelenaren "proto-vasco"), gutxi gorabehera erromatarren garaian, latinetiko maileguetan behatzen ditugun ezaugarriak eta akitanieraren ekarpena kontuan hartuz berreraiki baita.
Bere datazioa aintzat hartuz, printzipioz mailegu latindarrik gabekoa iruditu beharko genuke Irulegiko hizkuntza hori
Gure helmugarik antzinakoena Joseba Lakarrak Aitzin-euskara Zaharrean ezarri du, hizkuntzalaritza konparatu, tipologia eta gramatikalizazioaren eskutik. Horixe izango litzateke hizkuntzaren egoera lehenengo indoeuroparren iritsieran. Aitzin-euskara Zaharra hizkuntza monosilabikoa izango litzateke (lexema bat = silaba bat), isolatzailea (kasik morfologia agerikorik gabe) eta buru-lehena (aditzaren ostean osagarri zuzena). Hortik Aitzin-euskara Modernora jauzi handi bat egongo litzateke, honetan hitz elkartuak, atzizkiak, aditz jokatuak eta abar sortuko zirelako, eta hizkuntza buru-azkena litzateke, edo behintzat horretarako trantsizioan legoke.
Irulegiko Eskuko testua aitzin-euskara bi horien artean kokatuko litzateke, baina noski Aitzin-euskara Modernotik askoz hurbilago, erromatarrak dagoeneko penintsulan baitzeuden, eta bi mila bat urte igaro ziren Euskal Herri ingurura lehen indoeuroparrak heldu zirenetik. Bere datazioa aintzat hartuz, printzipioz mailegu latindarrik gabekoa iruditu beharko genuke Irulegiko hizkuntza hori, edo akaso ale batzuk besterik ez.
Zeinutegi paleohispanikoa eta baskoiera
Honaino esandakoa jakintza publikoa izan da azken urte eta hamarkadetan. Sartu gaitezen, beraz, Eskuko testua zergatik ez den ulertzen analizatzera.
Ipar-ekialdeko zeinutegi paleohispanikoaren mugak argi eta garbi erakutsi behar dira; alfabetoa deitzea ez da zeharo egokia
Lehenik eta behin, ipar-ekialdeko zeinutegi paleohispanikoaren mugak argi eta garbi erakutsi behar dira. Alfabetoa deitzea ez da zeharo egokia, zeinu batzuek hots bakanak ordezkatzen dituzten arren (a, e, i, o, u bokalak; n, m sudurkariak; ś, s txistukariak; r, ŕ, l urkariak), beste batzuk silaba irekien ordez idazten dira, alegia, ba, be, bi, bo, bu, ta, te, ti, to, tu, ka, ke, ki, ko, ku.
Ez dago modurik kontsonante herskariak (b, t, k) bokalik gabe idazteko, baina horrek ez dauka ondoriorik aitzin-euskarari dagokionez, bere silabaren amaieran ezin baitu herskari bat izan. Era berean, iberieraz bereizten ez bide zirenez, t/d eta k/g kontsonante ahoskabe/ahostun bikoteak zeinu bakar batekin idazten dira, eta ez dago ez p-rik, ez h-rik. Eta dena dela, idazteak berez badauzka konbentzioak, idatziz ez baitira jartzen zenbait aldaketa fonetiko automatiko; hiztunak ez ohi dira horietaz ohartzen edo tradizioagatik ez dituzte islatu nahi. Ez dakigu Irulegiko idazlariek zeintzuk arau eta murriztapenen menpe idatziko zuten.
Hizkuntza oro aldatzen da. Ez da munduan bere sortzezko forma gorde duen hizkuntzarik. Eta etengabeko aldakuntza hau hizkuntza osoan zehar zabaltzen da: hotsak ahoskatzeko modua aldatzen da, hots berriak sortzen dira eta zaharrak eraldatzen dira, bitan bananduak edo beste batekin fusionatuak; belaunaldi batetik bestera betiko desagertzen dira hitzak eta esapideak (gu geu horren lekuko izan gaitezke); partikula gramatikalak ere ordezkatzen dira, zenbat eta zaharragoak, orduan eta fonetikoki txikiago bihurtzen direlako, harik eta hiztunentzat txikiegiak izan, eta beste batzuekin batuz biziberritzen dira edo erabat ordezkatuak dira.
Irulegiko Eskuan irakurtzen ditugun hotsak ez dakigu nola ahoskatuko ziren, eta ez dakigu gaurko euskararen zein hotsekin bat datozen
Nonbait, Irulegiko Eskuan irakurtzen (edo irakurri uste) ditugun hotsak ez dakigu nola ahoskatuko ziren, eta ez dakigu gaurko euskararen zein hotsekin bat datozen. Ez dakigu ziurtasunez testuan agertzen diren morfemak nola banatu, zein zatitan, zenbat unitate minimo esanguradun dauden, esaterako, bigarren lerroko tenekebeekiŕateŕen zeinu segidan. Ez dakigu Irulegiko baskoiera zein motatako hizkuntza izango zen, zer nolako morfologia edukiko zuen eta nola islatuko zen flexioa bere izen eta aditzetan. Eta ez dakigu latinetik maileguak hartu aurretiko hizkuntza honetan nola esango zituzten lore, mutil, dantza, joko, gauza, jende, txiki, animalia, luma, fruitu... eguneroko kontzeptu horiek izendatzeko oihartzunak betiko isildu zirelako.
Testu analisi zalantzagarria
Horrenbestez, kolore askotako zalantzak dauzkagu. Azpimarratu behar da, esanak esan, testua oso-osorik dagoela hasieratik amaierara eta zeinuak argi irakurtzen direla. Eta halere, zeinuak grabatzeko orduan marrak lehenago eta puntuak geroago erabili izanak nahasmendua sortu du, eta bada bestelako irakurketak ikusten dituena: lehen lerroko <ku> zeinua <ke> izan liteke (Gorrotxategik esana), bigarren lerroko <be> zeinua <ŕ> (Joan Ferrer iberistak) eta hirugarren lerroko <n> zeinuak gehi alboko lerro bertikal batean dauden puntutxoek <ś> zeinua osatu lezakete (Borja Ariztimuñok).
Egia da idazkian puntuazio markak daudela, iberierazko eta zeltiberierazkoetan bezala, baina euren zeregina ez da gaur baliatzen ditugunena bezain zehatza. Lehenengo lerroan <sorioneku>-ren ostean hiru puntutxo daude, hirugarren lerroan sei ei daude <oTiŕtan>-en ostean, eta amaieran hiru puntutxo <eŕaukon> eta gero. Deigarria da puntuazio marken falta bigarren lerroan, eta hortaz ezin ziren hitzak zehatz-mehatz banatzeko erabili.
Ildo horretatik, aipatzekoa da ipar-ekialdeko zeinutegiaren barruan dagoen aldakortasuna. Zeinu bakoitzak zenbait aldaera dauzka, hainbat idazkitan topatutakoak. Eskuko idazkian nahiko koherenteak izan dira euren idazketan (adibidez, <ŕ> beti qoppa modukoa da eta <a> beti eskuineranzko hiruki modukoa), salbuespen gutxi batzuekin: <o> H tankerakoa da birritan, baina bere lehenengo agerraldian erdiko marra oker dauka. Esanguratsuagoa izan liteke bigarren lerroan <te> idazteko bi zeinu agertzea. Biak ala biak erronbo modukoak dira, baina euren arteko aldea zeharka duten marran dago; lehenengoa epigrafistek izendatu duten te2 aldaera da (marra ezkerretik beherantz doa), eta bestea te1 (marra eskuinetik beherantz doa), iberierazko testuetan ohikoagoa dena. Izan ere, <uTanbaate> txanponean dagoen zeinua te2 da, eta Caminrealgo (Teruelgo) iberierazko mosaikoan bi aldiz dago te1.
Orduñaren irakurketa onargarria izatekotan, beharbada txanponeko te2 horrek /the/ hasperenduna ordezkatu lezake (athe), eta orduan Irulegiko Eskuan thenekebeekiŕateŕen edukiko genuke. Auzia dugu kasu horretan, hitz hasierako herskari fortisak (th bezalakoak) desagertu zirelako aitzin-euskaratik Euskara Batu Zaharrerako jauzian, hasperen bilakatuta lehenengoz (-thar > -har > -ar edo *thegi > hegi > egi bezalatsu edo).
Arreta ipini behar dugu, bestetik, bi zeinu bikotetan. Txistukarien sailean S tankerako bat eta M tankerako bat daude. Tradizio epigrafistan <s> eta <ś> (batzuetan <S>) moduan transkribatu dira, hurrenez hurren. Eskuaren irakurketa zuzena bada, <s> baino ez dago idazkian, eta euskararen z-ren hotsarekin aise identifikatu dezakegu, <ś> euskal s-rekin bezala ("ese iberiarra" deitutakoa). Bat-etortze hauek euskaran sartu eta egokitu diren maileguek berresten dizkigute, hala nola, iberieraren śalir "diru" > eus. sari eta zeltiberieraren silabur > eus. zilar (Mitxelenak *sil- erro indoeuroparra aipatu zuen).
Zentzu horretan, toponimo zeltetan ere gertakari berbera ikusten dugu: baskoien eskuetara pasatu zen Segia (gaurko Exea Aragoien) hiriko txanponetan <sekia> /zegia/ irakurtzen da, eta erro berberetik datorren Zegama izena dugu. Sistematikoki hizkuntza indoeuropar zaharren maileguetako (latinetik ere) s hotsa euskararen z-ari dagokio, gure s apikaria ez baitzen hizkuntza horietan existitzen. Latinez idatzitako Soriako antroponimoan ere SESENCO > zezenko lekukotzen dugu.
Nabarmendu beharrekoa da baskoien lurraldean lehendabiziz jaso dugula <r> zeinua, hain zuzen ere <sorioneku> horretan
Dardarkarien sailean ere bi zeinu ditugu, <r> eta <ŕ> (batzuetan <R>) moduan transkribatuak, baina kontua nahasgarriagoa da, ziurtasun eza baitaukagu euren ahoskera zehatzaren inguruan. Nabarmendu beharrekoa da baskoien lurraldean lehendabiziz jaso dugula <r> zeinua, hain zuzen ere <sorioneku> horretan, orain arte geneuzkan lekukotasun apurretan <ŕ> baino ez zegoelako.
Azalpena, apika, zeinutegiaren moldaketa zeltiberiarrean bilatu behar dugu, iberiarren idazkera euren hizkuntzara moldatu zutenean zeinu dardarkari bakar bat hautatu zutelako (Jordan Colera filologoak azaltzen du), eta horixe <ŕ> izan zen. Baskoiek zeltiberiarren eragin kulturala jaso zutenez (brontzean eta puntuen bidez idaztea, adibidez), <ŕ> zeinua orokortu omen zuten edozein dardarkari islatzeko: <baŕśkunes>, <abuloŕaune>, <bilbiliaŕs>. Iberieraz, aldiz, bi "erre" bide zeuden, baina ez dakigu zertan bereiziko ziren, eta duda-mudatan nago euskararen r (dardarkari bakuna edo sinplea) eta rr (dardarkari anizkuna) hotsen baliokideak direnentz.
Irulegiko Eskuan bertan bost aldiz azaltzen da <ŕ> zeinua (<tenekebeekiŕateŕen>, <oTiŕtan>, <eseakaŕi>, <eŕaukon>), eta <r> behin baino ez. Caminrealgo mosaiko iberierazkoa lagin moduan hartuta, hor <ekiar> (hitz amaierako -r) eta <usekeŕte> (Osikerda toponimoa) dauden arren, txanponetan beti-beti izkiriatu zena <usekerte> izan zen, beste zeinua erabiliz. Ez dirudi, beraz, dardarkari horien banaketa euskaran daukagunarekin bat datorrenik, euskaraz -r- eta -rr- soilik bokal artean bereizten dira, eta silaba amaieran beti anizkuna ahoskatzen dugulako. Are gehiago, aitzin-euskaraz ez ei ziren bi "erre" bereizten, bokal arteko banaketa hori sortu arte fonema dardarkari bakar baten bi ahoskera izan zirelako: lenisa bokal artean eta fortisa silaba amaieran.
Irulegiko Eskuan bertan bost aldiz azaltzen da <ŕ> zeinua, eta <r> behin baino ez
Nik esango nuke iberiarren idazkera egokitzeko orduan bi erreren erredundantzia jarauntsi zutela baskoiek, garai hartan fonema dardarkari bakarra zeukaten eta. Hipotesia onartzekotan, <r> eta <ŕ> zeinuak aukera librean topatuko ditugu baskoierazko testuetan, sikiera silaba amaieran <ŕ> maizago egongo delakoan (baŕśkunes, bilbiliaŕs, oTiŕtan). Eta ez da arraroa grafia batzuen erredundantzia egotea, mundu mailan ohikoa baita hori gertatzea hizkuntza baten fonetikatik sortutako idazkera bat bestelakoa daukan beste batentzat egokitzean. Euskara historikoan ere <j> eta <y> banaketa librean erabiliak izan dira hots berbera adierazteko testu berberean (abegija, abegiya); <s> eta <z> ere anabasan idazten dira bi hots txistukari bereizten ez dituzten hizkeretan (dozte modukoak bizkaierazko deust islatzeko); eta are, gure birraitite (Migel Gabikagojeazkoa) sasi-alfabetatuak ere XX. mendearen hasierako eskutitz batean beti idazten zuen <r> bokal artean: Ferol, aburido, Luzara (Deustuko Luzarra). Dardarkariak ez bezala, ś eta s aitzin-euskaratik ondo bereizi dira, hots horien arteko aldea ahoskatzeko puntuan (apikaria, lepokaria) ere badagoelako, ez soilik ahoskatzeko eran (lenis, fortis).
Beharbada Irulegiko Eskuko azken lerroko <eŕaukon> /eraugon/ irakurri liteke, hau da, *eradun (*edun "izan, eduki" aditzaren forma kausatibo bat) aditzaren lehenaldiko adizki jokatu bat
Dardarkarien nahasketa aintzat hartuz, beharbada Irulegiko Eskuko azken lerroko <eŕaukon> /eraugon/ irakurri liteke, hau da, *eradun (*edun "izan, eduki" aditzaren forma kausatibo bat) aditzaren lehenaldiko adizki jokatu bat. Euskara arkaiko eta zaharrean zabalduago zegoen *eradun Nor-Nori-Nork laguntzailea zen Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Aurretiaz <ekien> /egien/ "egin zuen" Andelosekoa bageneukan, non lehenaldiko z-rik gabeko eta –(e)n amaiera duen forma ikusten dugun, eraugon-en bezala, eta esaldiaren akabuan egotea tokatzen zaio buru-azkena den euskara bezalako hizkuntza bati. Beraz, eraugon < *e-ra-du-g(i)-o-(e)n formatik eratorriko litzateke, hirugarren pertsonako osagarri datibodun bat eskatzen duen adizkia.
Horiek horrela, Irulegiko Eskuko hirugarren eta laugarren lerroek ezagun dugun eredu bati jarraituko liokete: IZEN-tan IZEN-ri ADITZ JOKATUA. Gutxi esan daiteke balizko -ta-n inesibo bati buruz edo -aga-ri datibo plurala izan litekeenaz (De Rijk hizkuntzalariak *-ag-eri > -ei proposatu zuen), kasu bietan erakusleetatik askoz beranduago eratorri zen artikuluaren sorrera behar dutelako egiantzekoak izateko (Julen Manterolak bere tesian azaldu bezala).
Teoriak teoria
Ezin da ukatu Antzinateko testigantzen altxor honek hein handi batean euskalduntze berantiarra deuseztatzen duela, eta bereziki bere muturreko bertsioaren kontra doa zuzen-zuzenean, alegia, gaurko euskara akitanieratik garatu zela hango inbaditzaileek Nafarroaraino eraman zutelako K.o. VI. mendean. Zalantza zipriztinik gabe euskararekin lotutako lekukotasunak ikusi ahal izan ditugu Nafarroan, Sorian, Gipuzkoan eta Araban. Gure sartaldean ez dugu horren aldeko frogarik, baina gainontzeko lurraldeetan bai.
Ezin da ukatu Antzinateko testigantzen altxor honek hein handi batean euskalduntze berantiarra deuseztatzen duela
Betiere gogoan izan behar da eleaniztasuna nagusi izan dela Aro Garaikidearen aurreko gizarteetan, eta hizkuntza prestigiodunak eliteek baliatzen zituztela. Dirudienez, Tuteratik mendebalderago eliteen hizkuntza zeltiberiera zen, horrela erakusten baitigute zeramikako eta txanponetako idazkunek. Zeltiberiera ipar-mendebaldeko Ebro ibarraren inguruan lingua franca izan omen zen, iberiera hego-ekialdeko partean izan zen moduan, eta horien artean baskoiek euren hizkuntzari eutsi zioten. Epigrafiako adituek dioskute eremu epigrafikoa eta eremu linguistikoa bereizi behar direla, eta seguruenez adibiderik onena Segiarena da, izen zelta baten idazkun zeltiberiarraren azpian /zegia/ irakurtzen dugulako (aitzin-euskararen fonetikagatik), eta ez da <śekotia> /segontia/ bezalakoa (gaurko Sigüenza Guadalajaran), biak *segh- "lotu, garaitu" erro indoeuropar berberekoak badira ere.
Orain badakigu baskoien hizkuntza euskararen arbaso bat zela, erromatarren aurreko dibertsitate linguistiko horretan beste osagai bat. Greko zaharrak hainbat dialekto zeuzkan, baina greziar dialekto moderno guztiak K.a. III. mendetik K.o. VI. menderako koiné ("arrunta") deitutako dialekto batu bakar batetik datoz, Espartako tsakoniera izan ezik. Grekoak idatzizko historia luzea eduki du, eta Irulegiko Eskua aurkitu denetik, euskararen hizkuntz familiak ere edukiko du.
Edozein dela ere, idazki berriak agertuko direlako esperoan, lanean jarraitu beharko dugu baskoieraren eta euskara historikoaren arteko lotura zein eta nolakoa den jakiteko, eta horrek zer ondorio dakarzkigun aitzin-euskararen berreraiketan eta Antzinateko inguruko herri eta hizkuntzekiko harremanetan.
Albiste hau Asier Gabikagojeazkoa EHUn Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzako doktoregai eta ALEAren kolaboratzaileak argitaratu du. Bere bloga eta artikulu guztiak hemen dituzu ikusgai.