Gaur, irailak 21, Eskubide Sozialen aldeko EAEko Pentsionisten Plataformek: Arabako Pentsionistak Lanean, Gipuzkoako Duintasuna Elkartea eta Bizkaiko Pentsionistak Martxan, gure Erkidegoan jasotako 71.724 sinadura aurkezten ditugu Gasteizko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean (Sinadura kopuru hau, Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko behar diren sinadura kopurua baino zazpi aldiz handiagoa da).
Sinadura hauen bitartez zera eskatzen dugu: Gure Erkidegoan pentsio baxuenak jasotzen dituztenek, 1.080€ arteko osagarria jaso dezatela. Ezin dugu ahaztu EAEn 249.579 pertsona dagoela 700€z azpiko pentsioarekin eta horietatik gehienak emakumeak edo bizitzan zehar lan prekarioetan arituak direla.
Sinadura hauen indarraz baliatu nahi dugu, halaber, bigarren eskaera bultzatzeko, hain zuzen Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa sortzea, horrela gaurko eta etorkizuneko pentsioak bermatuta izan ditzagun. Sistema horrek bere gain hartu beharko luke arloaren kudeaketa osoa.
Une honetan gogora ekarri nahi dugu Nafarroan sinadura bilketarekin aurrera doazela, joan zen udazkenean guk aurkeztutako Herri Ekimen Legegile bertako Foru Parlamentura eraman asmoz. Baina Nafarroako Legebiltzarrak Ekimen Herrikoia tramitera onartzea erabaki zuen bitartean Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak gure proposamena atzera bota zuen EAJ, PSE, PP eta UPDren bozkekin eta horrela, gizartean zegoen eta dagoen eztabaida sozialari atea itxi zitzaion.
Gaur entregatzen ditugun sinadurek, bere garaian aurkeztu genuen Herri Ekimen Legegilearen arrazoiak indartu eta bide horretatik jarraitzeko bultzada suposatzen dute, hauteskunde hauetatik sortuko den Legebiltzar berriak beste jarrera bat erakutsiko itxaropena piztuz.
Diputazio Iraunkor honen eskuetan milaka sinadura aurkezten dugun unean, Alderdi Politikoak interpelatu nahi ditugu, beraien eskuetan izango dituzten baliabideak, ezertan baino lehen behartsuenen zerbitzura jar ditzaten.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bere sinadurekin eskaera hauek babestu dituzten guztiei eta hiri eta herri guztietan pentsiodunen oinarrizko eskubideen alde mobilizatzen jarrai dezatela eskatzen diegu, hori izango baita etorkizunean pentsio duinen bermea.
Eskubide Sozialen Aldeko EAEko Pentsiodunen Plataformek jasotako babesarekin, zilegitasun osoz ikusten dugu geure burua, adineko pertsonen eta pentsiodunen beharren aldeko lanean jarraitzeko. Hainbesteko kalte egiten digun Kopagoa gaitzesten dugu, Mendekotasun egoerei aurre egingo dion Lege propioa aldarrikatzen dugu eta egunerokotasuneko bizi-baldintzak hobetzea exijitzen dugu, gure etxeetan zein kalean, beti ere geure iritzia eta geure parte hartzea bermatuz.