Guardiako botarga batu zaio Arabako herri inauterietako material didaktikoari

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2026ko ekainaren 26a

Urtarrilaren amaieran eman zitzaion hasiera Arabako Herri Inauterietako material didaktikoaren zabalpenari, ondare immaterial izendapena duten bertsolaritza eta herri inauteriak uztartuz.

Arabako herri inauteriak hizkuntza berreskuratu aurretik berreskuratu ziren lurraldean, ospakizun gehienetan doinu eta dantzak mantendu dira hitzik gabe, eta beste batzuetan gaztelerazko kantuak izan dira tradizio zahar berrituaren oinarri. Egun Araban euskararen ezagutza asko handitu da eta bestelako testuinguru soziolinguistikoa eskaintzen zaie Arabako herri inauteriei ere.

Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako herri inauterien inguruko lanketan aurrera jarraitzen du, otsaileko ospakizunak amaituta, botargen txanda iritsi da. Udako solstizioarekin bat eginez, Biasteriko jaietan Katximorroa eta dantzariak herriko kaleak alaitzen ari dira.

Ekaitz Samaniego bertsolariak euskarazko hitzak jarri dizkie Biasteriko eta Arabar Errioxako zenbait doinu tradizionalei, Ekaitz Samaniegorekin batera Iris Torrego eta Ainhoa Iñiguezek jarri dituzte ahotsak eta Guardiako Victor Tapia herri ikastetxeko ikasleen hitzak ere jasotzen dira. 

Arabako ALEA hedabidearen laguntzaz, bere eskutik egin  dira irudien grabazioak eta ondorengo bideoklipa osatzeko muntaiak. Musikari dagokionean, Mikel Goikuria eta Garikoitz Garciak egin dituzte oraingoan ere musika  doinuen moldaketak eta edizio lanak. 

Oiongo Botarga, urtarrilean ospatzen den Katxiaren itzulipurdiari dagokion bideoklipa ere laster egongo da ikusgai.  Arabako 5 herri inauteri eta 2 botargen inguruko lan dibulgatibo eta didaktikoa borobildua egongo da 2026-2027 ikasturterako. 

Zirriborrozikin (Natxo Vidal) eta Katiux (Amaia Garmendia) izan dira oraingo honetan pertsonaien irudiak egin dituztenak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago