Larunbatean aurkeztu dute Gasteizen Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa, taldekako egitasmoa. 2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa mugarri bat izan da Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da, aurten zortzigarren edizioa izango delarik.
Inkonstantinkoplan potoz poto (Gasteiz) taldeko Gerezti Unanue eta 4 gara (Lautada) taldeko Aitor Najerak eman diote hasiera aurkezpenari eta xehetasunak ematen Elkarteko Sustapen arduradun den Egoitz Iradierrek jarraitu du.
2025eko Arabako Kuadrilla artekoak, 2018tik honako Kuadrillarteko edizioei jarraiki txapelketa formatua izango du baina lehia aurreko fasean, 2014 eta 2016ko topaketa ereduari jarraiki talde bakoitzak bere herri edo eskualdean Kuadrillako Bertso Eguna antolatuko du. Beraz, 14 Kuadrillako Bertso Egun burutuko dira Arabako 8 eskualdeetan, denera 14 ekimen. Ondoren 4 finalaurreko eta finala.
Taldeak 9-12 lagunez osatuta egongo dira: 3-6 bertsolari, gai-jartzailea, epailea, audio grabatzailea, kronikagilea, argazkilaria… 76 lagun bertsotan, 17 epaile lanetan, 21 lagun gai jartzaile lanetan eta beste hamaika laguntzaile.
Hurrengo eskualdeek parte hartuko dute: Aiaraldea, Arabako Errioxa, Mendialdea, Trebiñu, Añana, Lautada, Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (lau talde).
Urtarrilaren 22tik apirilaren 5era
Bertso-eskolen eta Arabako Bertsozale Elkartearen arteko antolakuntza konpartitua, izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta, urtarrilaren 22tik apirilaren 5era bitarte luzatuko da aurtengo edizioa.
KUADRILLAKO BERTSO EGUNAK (14 saio)
- ARABAKO ERRIOXAKO BERTSO EGUNA: urtarrilak 22, asteazkena OION
- GASTEIZKO BERTSO EGUNAK
- Otsailak 1, larunbata, GASTEIZ.
- Otsailak 14, ostirala, GASTEIZ (2 ekimen).
- Otsailak 20, osteguna, GASTEIZ.
- AIARALDEKO BERTSO EGUNA: Otsailak 1, larunbata ARETA
- GORBEIALDEKO BERTSO EGUNAK
- Otsailak 1, larunbata, ARAMAIO.
- Otsailak 7, ostirala, ARAMAIO.
- Otsailak 14, ostirala, LEGUTIO.
- Otsailak 21, ostirala, IZARRA.
- LAUTADAKO BERTSO EGUNA: otsailak 7, ostirala, AGURAIN.
- AÑANAKO BERTSO EGUNA: otsailak 8, larunbata, KUARTANGO.
- MENDIALDEKO BERTSO EGUNA: otsailak 15, larunbata, LURKOI-ELORTZA.
- TREBIÑUKO BERTSO EGUNA: otsailak 22, larunbata, ARGANTZON.
FINALERDIAK (4 saio)
- 1. Finalerdia: otsailak 28, ostirala, NARBAIZA
- 2. Finalerdia: martxoak 9, igandea, ARAMAIO
- 3. Finalerdia: martxoak 15, larunbata, AMURRIO
- 4. finalerdia: martxoak 23, igandea, GILLERNA
FINALA
- Apirilak 5, GASTEIZ