2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Manu Bendala irabazle Oholtzepetik-eko bigarren saioan, Zigoitian

Manu Bendala bertsolaria izan zen garaile Zigoitian. Argazkia: Arabako Bertsozale Elkartea

Zigoitian jokatu zen ostiralean 2023ko Oholtzapetik entzulea epaile egitasmoaren bigarren saioa. Entzuleen txalo zaparradaren dezibelimetroak Manu Bendala erabaki zuen saioko garaile.

Bertsolariei plazak eskaini eta entzuleari saioak gerturatzea helburu duen Arabako bertsolariak oholtzapetik entzulea epaile egitasmoa ekainaren 23an abiatu zen Amurrion. Bigarren saioa Zigoitian izan zen ostiralean. Bertan aritu ziren honako bertsolariak, Oier Suarez gai jartzailearen aginduetara: Xabier Antia, Aroa Arrizubieta, Manu Bendala, Eukene De los Aires, Oihane Perea eta Ekaitz Samaniego.

Arratsalde ederra egiten zuen saiorako, ez hotz ez bero, baina bertsolariek berotu zuten giroa, eta umore errima ederrak bota zituzten bertaratuen gozamenerako. Saio amaieran, entzuleek bertsolariek egindako lana txalotu zuten, zeinek txalo dezibelio gehiago jaso hark irabaziko baitzuen eguneko ekitaldia; eta hori hala izanik, Manu Bendala izan zen garaile, eskualdean bertan finkatutako bertsolaria.

Oholtzapetik egitasmoko hirugarren jardunaldia, eta irailera arteko azkena, datorren ostiralean, uztailaren 14an, Ozetako tabernako plazan jokatuko da, 19:00etan. Oihane Perea gai jartzailearen eskutik, Sabin Abarrategi, Hegoi Amabizka, Irati Anda, Unai Anda, Orlando Arreitunandia eta Iñaki Viñasprek kantatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago