Izar Mendiguren irabazle Amurrion jokatutako 'Oholtzapetik' saioan

Ostiralean jokatu zen 'Oholtzapetik' egitasmoaren lehen saioa, Amurrion. Argazkia: A.B.E.

Amurrion jokatu zen ostiralean 2023ko Oholtzapetik entzulea epaile egitasmoaren lehen saioa. Entzuleen txalo zaparradaren dezibelimetroak Izar Mendiguren erabaki zuen saioko garaile.

Bertsolariei plazak eskaini eta entzuleari saioak gerturatzea helburu duen Arabako bertsolariak oholtzapetik entzulea epaile egitasmoa martxan da dagoeneko. Joan den ostiralean eman zitzaion hasiera aurtengoari, Amurrion. Bertan arituko ziren Maddi Agirre, Danel Herrarte, Xabi Igoa, Izar Mendiguren, Iraide Onaindia eta Asier Otamendi bertsolariak. Denak ere, Uxue Diaz de Cerio gai jartzailearen aginduetara. 

Saio polita izan zen, eta umore ale ederrak sortu zituzten bertsolariek. Arratsalde beroa iragarria zegoen, baina pixkanaka bete zen Juan Urrutia parkeko itzalpea. Saioaren amaieran, entzuleek txalo bidez neurtu zuten nor izan behar zen saioko bertsolari irabazlea: eskualdean bertako Izar Mendiguren.

Oholtzapetik egitasmoaren bigarren jardunaldia datorren ostiralean, ekainaren 30ean, Zigoitiko Bengolarra parkean jokatuko da, 20:00etan. Oier Suarez gai jartzailearen eskutik, Xabier Antia, Aroa Arrizubieta, Manu Bendala, Eukene De los Aires, Oihane Perea eta Ekaitz Samaniegok kantatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago